Pokenak zer diren eta zertarako balio duten lehengoan kontatu nizuen gainetik. Gaur berriz, halako batekin egun pare batean saltseatu ostean, nola erabiltzen diren kontatuko dizuet, eta txintxo portatuz gero, poken bat dohainik eskuratzeko aukera ere emango dizuet… adi-adi irakurri, e?
Kutxak zer dakarren
Poxpolu kutxa baten tamainako kutxa txiki-txikietan datoz pokenak, eta, egia esan, barruan ez duzue sorpresa handirik topatuko: pokena bera, eta zintzilik eramateko erabili daitekeen kordeltxo bat. Ez ongi etorriko esku orririk, ez ezer. Kutxaren atzeko aldean, hori bai, gure gailu berria aktibatzeko egin beharreko hiru pausuak, irudiz azalduta:
- Plastikozko babesa kendu: lehenengo eta behin pokenari eskua kendu behar zaio, tira eginez. Orduantxe konturatuko zara animalitxoa berez estalki bat baino ez dela. Gailua bera eskutxo zuria da. Animalitxoak estaltzen duen aldean, USB konektore bat aurki daiteke, kutxatik atera berritan plastikotxo batez babestuta dagoena. Pokena pizteko, plastikotxo hori kendu egin behar da. Orduan argitxo gorri bat piztuko da unetxo batez eta listo, gure pokena prest dago erabiltzen hasteko… eta pila gastatzen hasteko. Izan ere, poken bakoitzak botoi erako pilatxo bat du barruan, printzipioz 6-7 hilabete iraun dezakeena. PIlarik gabe, ezingo luke irrati bidezko komunikazioa egin urbiltzen zaizkion gainontzeko pokenekin.
- Ordenagailuarekin konektatu, USB ataka batean sartuz. Orduan konturatuko gara pokenak giga bat inguruko memoria duela, baina guk ezin dugula erabili, bere barne kontuetarako bakarrik da. Hala ere, hiru artxibo erakutsiko dizkigu pokenak ordenagailuan sartzean: autorun.inf, Windows erabiltzen badugu, pokenak automatikoki lan egin dezan; help.txt, laguntza testu txiki bat ingelesez; eta Start_Poken.html
- Hain zuzen ere, Start_Poken.html artxibo horretan klik bikoitza egitea da azken pausua. Horrek gure nabigatzailea irekiko du, eta www.doyoupoken.com webguneko ongi etorriko orri batera eramango gaitu. Bertan, kontu bat sortzeko, edo jadanik sortuta daukagun kontua gure poken berriarekin lotzeko aukera izango dugu. Pokenik izan gabe ere erraz-erraz sortzen dira kontuak doyoupoken.com-en (baina ez dute ezertarako balio).
Poken kontua
Pokenak zentzua izateko, garrantzizkoena da gure profila sortzea. Nolabait esateko, gure bisita txartelan zer informazio jarriko dugun eta zein ez pentsatu, eta horren arabera, datuak sortu gure poken profilean. Nortasun arazoak baldin baditugu, webguneak aukera ematen digu profil bat baino gehiago sortzeko, (laneko informazioarekin, lagunen artean konpartitzeko modukoarekin…). Guri buruzko informazioa sartzeko, gure poken profileko ‘Identities’ atalera jo behar dugu.
Pokenen indargunea ‘Social Networks’ deritzon atalean dago. Sare sozial ezberdinetan ditugun erabiltzaile izen eta pasahitzak sartu behar ditugu hor, gero ‘pokentzen’ dugun jendeak gurekin zuzenean kontaktatzeko aukera izan dezan. Sare sozial piloa dago jadanik aukeran, batzuk oso ezagunak eta beste batzuk ez horrenbeste: twitter, facebook, flickr, linkedin, ning, myspace… denborarekin, gehiago sartuko direla diote egileek, bultzatzen dute Open Social estandarrera hurbiltzen doazen heinean.
Nahi ditugun sare sozialetako datuak sartuta, Details atalera jo dezakegu, eta bertan sartu horrelakoetan normalean eskatzen den informazioa: helbide elektronikoa(k) eta fisikoa(k), telefonoa(k), jaiotze data, profileko irudia… Dena osatu dugunean, ‘Design’ atalean aukeratu ahal izango dugu gure informazio horretatik guztitik zein erakutsiko den ‘pokentzean’, eta zein ez.
Gailua bera erabiltzen
Seguruenik, profila bera betetzea da parterik zailena. Hortik aurrera, informazioa trukatzea oso erraza da. Kalera goazenean, pokena duen beste norbait aurkituz gero, nahikoa da poken bien eskuak unetxo batez elkartzea, bostekoa ematea, kontaktuko informazioa elkarri pasatzeko. Informazio trukea ondo joanez gero, argi berde bat piztuko da pokenaren eskutxoaren barruan. Bestela, argi gorria ikusiko dugu, eta pokenen arteko ‘agurra’ errepikatu beharko dugu.
Podcast: Play in new window | Download (1.1MB) | Embed
Harpidetu! RSS
Gure solaskidea fidatzekoa den ala ez ez badakigu, pokenaren ‘mamu modua’ erabil dezakegu gure informazioa babesteko. Inor pokendu aurretik, klik bikoitza egiten badugu gure pokenaren eskuko botoitxoan, guk normal-normal jasoko dugu solaskidearen informazioa, baina berak gure ‘mamu’ bat besterik ez du ikusiko bere kontaktu zerrendan, kontaktu informaziorik gabekoa. Behin haren datuak egiaztatu, profil ezberdinak ikusi eta fidatzeko moduko laguna dela egiaztatu dugunean, aukeran dugu besteari gure profil normala ikusten uztea, ala mamua besterik gabe desagerraraztea.
Bisita txartela bera
Ezagutzen ez genuen norbait pokentzean, hor ondoko txartel horren antzekoa ikusiko dugu doyoupoken.com-era sartzen garen hurrengoan. Txartel horretan, erabiltzaileak berak erabakitako xehetasunak daude ikusgai testu gisa, eta gainera, konpartitu nahi izan dituen sare sozialen ikurrak ere agertzen dira, irudiaren azpian. Ikus bakoitzean klik eginda, erabiltzailearen sar horretako profilera sartuko gara zuzenean, haren informazioa ikusi eta harremanetan jartzeko. Momentuz, pokenek ez dute plataforma arteko interkomunikazio funtzioa betetzen (hau da, Facebook erabiltzaile batekin kontaktatzeko, norberak ere Facebooken mezularitza erabili behar du). Dena den, OpenSocial garatzen doan heinean, litekeena da gutxi barru interkomunikazio funtzioak ere ikustea doyoupoken webgunean.
Segurtasun neurriak
Hain informazio pertsonala daramaten gailuak izanda, segurtasunak berebiziko garrantzia izan behar luke, norberaren intimitatea eta abarrak defendatze aldera. Badirudi pokengileek oso kontuan hartu dituztela horrelako gauzak eta, horrela boteprontoan, bi segurtasun aukera interesgarri ikusi ditugu han-hemenka.
- Sarbide automatikoa: Nahi izanez gero, erosotasunagatik, aukera dago pokena ordenagailuko USB atakan sartzean, gure profil pertsonalera zuzenean joateko, inolako pasahitzik-eta eskatu gabe. Oso aukera ona da pokenarekin gora eta behera bagabiltza, baina ez da batere segurua: izan ere, inoiz gure pokena galduz gero, edonork izango luke aukera horrela gure informazio guzia ez ezik, gure kontaktuena ere osorik ikusteko. Hori eiditeko, sistemak aukera ematen du pokena sartuta ere pasahitza eksatzeko, eta hori gomendatzen dute gainera.
- Galdutzat eman: Pokena nonbait galduz gero, profiletik aukera dago pokena galdutzat markatzeko. Behin pokena galdutako gisa markatuta dagoenean, bere edukiak ikustezina bihurtzen dira, jabeak berak kontrakoa adierazi arte. Gainera, mezu bat ere idatz daiteke, eta pokena galdutzat ematen den bitartean, testu hori izango da bere edukitik irakurri ahal den bakarra. Galdutako pokena berriz aurkituz gero, webgunetik bertatik kendu ahal dugu klik batekin galdu-marka hori.
Laburbilduz
Oso ideia ona, sare sozial elektronikoak eta kalekoak ondo uztartzen lagun dezakeena.
Aldekoak: ideia polita eta berritzailea, erabiltzen erraza, merkea, praktikoa
Kontrakoak: erabiltzaile masa handia behar du benetan eraginkorra izateko. Erabiltzaile izenak eta pasahitzak hirugarren bati eman beharra
Zuk zeuk dohainik probatu nahi?
Zuretzat nahi duzu ondoko poken gorri hori? Interesa duzuenok, utzi erantzun bat mezu honetan bertan (zer deritzozuen pokenari, inoiz ikusi duzuen, ideia ona ala txarra iruditzen zaizuen, abantailak, desabantailak, amarentzako agurra… edozer!), eta nik astebete barru, otsailaren 13an, egingo dut zozketa idatzi duzuen guztion artean, ados? Baietz erraza?!? Ale ba, idaztera eta zorte on!!!
Aupa, Joxe!
Oraindik ez dut pentsatu erabilgarria izan daitekeen edo ez (a ze astea!), baina aurreko mezua eta hauxe bera irakurriz, garbi ikusten ez dudan interesen bat izango duela pentsatzen dut. ;-) Beraz, apuntatu zozketan parte hartzeko!!! (Ea beste inork ez duen erantzunik uzten eta zuzenean tokatzen zaidan!!!) ;-)
Txintxo ibili…
Ideia polita bai…eta diseinu polita baita ere. Txarrena agian, beste egunean hitzegin genuena: hedapena. Hau da, nire “lagun-saretik” holako zeozer erabiltzen duen bakarra ni banaiz ez dauka sentzu handirik.
Ah! Eta pasahitza eman beharra… :S Ez dauka pasahitz publikoa eta pasahitz pribatua? Fitxategiak zifratzeko erabiltzen diren sistemak bezala edo…?
Aupa! Ba egia esan oso ideia ona iruditzen zait, aurretik irakurria nun honi buruz baina zuk egindako azterketa sakon bat bezalakorik ez dut egin. Aurrekoak esan duen bezala faktore kritiko nagusia hedapena da, dena den oso praktikoa eta originala iruditzen zait eta erabilera ikusten diot “networking” egiteko ekitaldietara dijoan jendeantzako, toke alaiago bat emango zien batzar horiei.
Ondo ibili!
can you spoken about poken in our digital radio?
joxe… xehetasunak, adibideak… gura genituzke irratian.
Bilbora hurbiltzerik bai, leku bat egingo diogu zure pokenari estudioan… AnHitz ezagutu ostean, edozer ezagutzeko prest gaude eta.
Azken aldian digital-fisiko interfazeetan pentsatzen nabil eta hau ez nuen ezagutzen. Interesgarria da baina nik nahiago RFID (ondo erabilian) edo QRCODE sistematan oinarritutako zerbait. Hala ere, apostu interesgarri eta kuriosoa da. Probatu nahiko nuke! Apuntatu zozketa horretan jaja.
Banekien nik honek ‘triunfatu’ behar zuela gure artean :)
Zorte on guztiei!
eta @Maite, ez dakit zertan zabiltzan, baina Akismet konturatu da interes hutsagatik zentozela, eta spam zerrendan sartu zaitu zuzenean! :P
Baina beno, Euskal Herrian ditugun arazo larriei erreparatuz gero, arazook konpontzen lagunduko al du Poken horrek? Hots, gehiago ligatuko al da horregaz (“Kaixo polita, ezagutu nahi al dun nire poken-a?”)?
Ez dakit zergatik, baina ezetzean nago.
Ez nuen ezagutzen, ideia ona iruditzen zait baina funtzionatzeko ‘moda’ bat bihurtzea beharrezkoa ikusten dut. Euskal Herrian gehiago ligatzeko agian Eusko jaurlaritzak oparitu beharko ditu. Ez zaidana gustatzen zera da, pasahitza eman beharra eta pribatasun arazoak, baina ideia ona da.
Nik nahi dot holako Poken bat probatzieee…. Erlearenaaaa zelako politteee dan!! Tipuliña-tipuliña ibiliko nintzake holako “gatxet” batekin!!!
@Aiora: Oh-oh, erlearena hartuta dago jadanik! :P Zortea baduzu, galtzagorrirekin konformatu beharko:
Jajajaja! Nik esaten dudanean makinek (batzuetan) pertsonek baino gehiago jakiten dutela… Honek bai ni antzeman!!! ;-)
Ba, beste bueltatxo bat eman diot eta iruditzen zait tramankulu hau baino zerbait sofistikatuagoa aterako dutela identifikazio kontu horietarako (mugikorrerako zerbait, adibidez??). Dena den, bitartean ondo legoke probatzea… Egin al duzu zozketa??? ;-)
Katxarro kuriosoa. Niri Teketenek eman zidan horien berri orain hilabete batzuk, baina ez dut gaia sakonean ikertzerik izan… beraz, apuntatu nazazu ni ere zozketan horretan, ea nire I+G+b sailak oparitxoa jasotzen duen! ;)
[…] da! Iritsi da eguna! Gaur iluntzeko bederatziak aldera egingo dugu poken gorriaren zozketa. Teknika lagun, zozketa zuzenean emititzen saiatuko gara USTREAM zerbitzua erabiliz. Izena emanda […]
Polita da benetan. Bat nahi dut
Poken! Poken! Poken! Poken! Poken! Poken! Poken! Poken! Poken!
Porzierto, halako gailu baten inguruko komiki bat egin genuen!: