Googleko ikertzaile talde batek bilatzailerako paradigma berri bat aurkeztu du, adimen artifizialaren eta hizkuntza prozesatzeko teknologiaren aurrerapenak erabiliko lituzkeena, gure bilaketen emaitzak orain baino ‘askoz ere modu naturalagoan’ emateko.
Orain arte, Googlen zerbait bilatzen dugunean, bilatzaileak emaitza posibleen zerrenda bat itzultzen digu, PageRank deritzon algoritmo baten arabera ordenatuta. Bueno, algoritmo horren arabera, eta, noski, gure bilaketaren emaitzetan lehen postuetan agertzeko ordaindutakoaren arabera, noski. Ez dezagun ahaztu Google, finean, publizitate enpresa bat dela!
Bada, ikertzaile talde honek zera proposatzen du: bilaketa bat egiten dugunean, adimen artifizial batek aztertu edo ‘irakur’ ditzala emaitzak, laburpen bat egin, eta laburpen hori aurkeztu diezagula emaitza gisa, dela idatziz, dela ahots sintetiko baten bidez, erantzuna berea balitz bezala. Hots: edozein koinatuk bezala. Apur bat zientzia-fikziozko pelikuletan ikusten dugun bezala. Guk ordenagailuari zerbait galdetu, eta berak natural-natural erantzun, munduko erantzun guztiak balitu bezala.
Arazo etikoak
Lehen begi-kolpean proposamen txuloa badirudi ere, kezka asko piztu ditu adimen artifizialaren etikaren bueltan dabiltzan adituen inguruan. Hiru dira kezkatzeko arrazoi nagusiak:
- Makinak ezin du jakin noiz ari den iturri fidagarri bat aztertzen eta noiz ez, eta nonahikoa den Google bezalako erraldoi bat hasten bada itxuran naturalak diren erantzunak ematen, kontrastatu gabeko informazioan oinarrituta eta -are gehiago- iturriak zeintzuk diren, eta organikoak ala ordainpekoak diren, argi adierazi gabe, ondorio latzak izan ditzake. (Beste egun batean hitz egingo dugu algoritmoek negazionismoaren zabalkundean duten paperaz).
- Ezaguna da adimen artifizialean oinarritutako hizkuntz teknologiek joera dutela muturreko ereduak erreproduzitzeko: arrazistak, sexistak eta abar…
- Bestalde, Googlek berak ematen baditu erantzunak, erabiltzaileak edukien sortzaileengana bideratu gabe, ba sortzaile horiek ez dute pizgarririk izango edukiak sortzeko, eta kasu gehienetan bisitariek eragiten duten publizitate sarrera ere galduko dute. Horrek arazoak ekarriko ditu sormen industrien alorrean.
Egia esan, ez da horrelako zeozer egiteko lehen saiakera. Gogoan dut duela hamar… barkatu, hamaika urte, Qwiki izeneko bilatzaile bat jarri zutela martxan, kontzeptuan honen nahiko antzekoa, baina esango nuke funtzionamenduan askoz ere artesanalagoa. Zoritxarrez, atzean zegoen enpresa, hainbat bueltaren ondoren, Yahoo-k erosi zuen 2013an, handik oso gutxira erabat ixteko.
Gaia interesatzen bazaizu, lehengoan hari buruz hizketan aritu nintzen Maite Goñirekin, Euskadi Irratiko Amarauna saioan. Hemen entzun dezakezu tartetxoa.