Ukipen pantailak eta ahozko interfazeak ez ei dira nahikoa inguratzen gaituzten gailuekiko komunikazioa samurtzeko norgehiagokan, eta ikertzaileak gizakion eta makinen arteko harremanak askoz ere naturalagoa egiteko modu berrien bila dabiltza etengabe. Hala, Telecom Paris enpresako Marc Teyssier-en ikerketa taldeak gailu mugikorrekin interaktuatzeko modu berri bat asmatu dute: gizakion larruazalaren itxura, portaera eta sentsibilitate berbera duen azal sintetikoa.
“Skin-On Interface” deitu diote asmakizunari, eta smartphone baten zorroan ezarri dute ikertzaile frantsesek, baita erloju adimentsu baten eskumuturrekoan, eta ordenagailu baten touchpadean. Horrela, konektatuko gailuak jakin dezake gustura gaudela adibidez, laztantzen badugu; edo bere arreta nahi dugula, azalean ukitu leun batzuk eginda. Bolumena igo eta jaitsi dezakegu atximurka eginez, alde batera edo bestera, eta sakelakoari zelako indarraz heltzen diogun ere neurtu daiteke, interakzio ezberdinak eragiteko. Ikusi, ikusi!
Egileen arabera, azal sintetiko honen egitura benetako larruazalaren antzekoa da: kobrezko sareta mehe-mehe bat, giluarekin komunikatzen dena, eta haren inguruan silikonazko xaflak, dermis eta epidermisaren antzera.Itxura aldetik, bi aldaera probatzen ari dira: sinpleena, kolore bakar batekoa eta ukitu ‘gomosoagoa’ duena, eta beste bat, ‘ultra-errealista’, azal kolorearen tonalitate ezberdinak nahasten dituena. Ez nintzateke harrituko plus-plus bertsio bat ere egingo balute, poroak, biloa eta guzti!
Badirudi Teysierren lan-taldea oso seguru dagoela interfaze inkietante honen etorkizunaz eta laster aurkeztuko dute New Orleansen egingo den ACM Symposium on User Interface Software and Technology bilkuran.Prestatu zaitezte, zeren harrikadak arrakasta izanez gero, datozen urteetako telefono berriak benetan ikusgarriak izango dira eta!
[…] Azken urteotan mundu oso bat eratu da telefonoetarako zorroen inguruan. Badira bateria dutenak, kamaretarako lente gehigarriak, laban suitzarra dutenak, laztanak eta atximurrak egiteko balio dutenak… […]