Galdetuz gero, sarritan esaten dut (azkenengoz Urtzi Urkizuri Berrian) euskarazko eduki ‘mugikorren’ faltak kezkatzen nauela. Telefono aurreratuak eta tabletak laster gailenduko ei zaizkio ordenagailu arruntei internetera sartzeko euskarri gisa, eta gauzak horrela, premiazkoa iruditzen zait euskaraz digitalean sortzen duguna gailu txikietan ere eskuragarri egotea.
Zorionez, badirudi kezka hori zabaltzen doala, eta nire pozerako, sakelako gailuetarako euskarazko edukiak ez dira nik uste nuen basamortu lehorra. Ondo bilatuz gero, oasiak ere aurki daitezke han eta hemen. Albisteak patrikan eta euskaraz izan nahi dituenak, esaterako, badu non aukeratu:
1.- Sustatu.com
Hasieratik hastearren… sustatu.com euskarazko albistegi digitalen dekanoak badu bere bertsio ibiltaria, eta hura ere bertsio ibiltarien dekanoa dela esan liteke.
Codesyntaxeko lagunek 2002ko abenduan prestatu zuten Sustaturen bertsio sinplifikatu bat Palm eta beste gailu batzuetan AvantGo aplikazioa (goian bego) erabiliz irakurtzeko. Hara iristeko, www.sustatu.com/pda helbidea erabili behar da.
2012an, AvantGo-rik ez dago jadanik, baina Sustatu sinplifikatuak zutik dirau, eta adinaren eragina igartzen bazaio ere, erabilgarria da oraindik.
2.- Zuzeu.com
Albistegi digital ‘puroekin’ jarraituz, zuzeu.com-ek ere badu bertsio ibiltaria. Webgune osoa WordPress blog plataformaren gainean egina dago, eta zuzeu.com-en edukiak patrikaratzeko lana ere WordPressen doako gehigarri batek egiten du: WPtouch du izena, eta blog honetan bertan ere erabiltzen dut, zuzeuko lagunek egindako euskaraketa eta guzti.
Pluginak oso itxura ‘modernoa’ ematen dio WordPressekin egindako edozein bitakorari, ia-ia batere lanik eman gabe. Erabiltzaileak ere ez du aparteko lanik hartu behar sakelako bertsioa ikusteko, WPtouch bera arduratzen baita erabiltzailearen gailuaren araberako bertsioa erakusten. Orriaren bukaeran bertsio mugikorra desgaitzeko aukera ere ematen du, gauzak bere jatorrizko diseinuarekin ikusi nahi izanez gero…
WPtouch gehigarri hori sekulako aurkikuntza izan da, eta oso-oso erabilgarria iruditzen zait WordPressekin euskarazko gauzatxoak egiten gabiltzanok mugikorretara ere salto egiteko. Oso erraza da erabiltzen, baina egunen batean saiatuko naiz tutorialtxo bat egiten…
3.- Argia
Hedabide tradizionaletara bagoaz, Argia astekariaren bertsio ibiltaria ere aurkikuntza handia izan da niretzat. Idearik ere ez daukat honen xehetasun teknikoen inguruan, baina itxuraz oso txukuna da, erraz irakurtzen da pantaila txikian, argazkiak eta guzti, eta, aurrekoak bezala, berak bakarrik atzematen du zer gailu motarekin sartu zaren eta horren arabera egokitzen du pantaila.
Gailu txikietarako bertsioak oso nabigazio erraza eskaintzen du, eta sarritan asko eskertzen diren funtzio sinple batzuk ere, hala nola letraren tamaina aldatzea, edota eduki bakoitza zuzenean partekatzeko eta komentatzeko aukera. Ah! Baita egileen jarraitzaile egitekoa ere.
Zuzeun bezala, Argia ibiltariak bertsio osora pasatzeko aukera ere eskaintzen digu.
4.- Berria
Berria ere patriketara sartu zaigu duela ez asko. Testuzko zein ikus-entzunezko edukiak eskaintzen ditu eta, besteek bezala, bertsio mugikorra behar dugun ala ez automatikoki atzematen du, eta hala ere aukera ematen digu nahi dugunean pantaila osoko bertsiora pasatzeko.
Eskaini behar duen albiste kopuruarengatik seguruenez, guztietan kargatuena iruditu zait Berriaren sakelako bertsioa. Esango nuke editoreek tartetxo bat hartu beharko luketela pentsatzen bertsio zabaleko eduki guztiak sakelakoan ere sartu behar diren ala ez, eta iragazirik jarriz gero nolakoa eta zeren araberakoa izan behar duen. Baina ei, lehenengo urrats gisa oso txukuna da hala ere! (Bestek egindakoa kritikatzea oso erraza da, badakit!).
5.- TOKIKOM
Bestek egindakoa kritikatzea erraza denez, neurri batean gutxienez neuk egindakoari emango diot egurra orain :). Topagunean bazkidetutako tokiko hedabideei presentzia eta bateratasun handiagoa eman nahian, TOKIKOM marka bateratua sortu genuen duela urte pare bat.
Markaren elementuetako bat tokikom.com albiste batzailea da. Webgune horretan orden kronologikoan ikus daitezke edizio digitala duten tokiko hedabideen azken albisteak, eta nahi izanez gero herri edo eskualde bakar batekoak soilik aukeratu daitezke.
Batzailea bera zein iaz abiatu genuen bertsio mugikorra prekario samarrak dira, baina datozen asteotan astindu ederra emango diogu TOKIKOMen kontzeptu osoari, eta emaitza digitaletan ere laster ikusiko da aldea :)
6.- Goiena
Tokikoez ari garela, ezin aipatu gabe utzi oraindik ere beta fasean dagoen Goiena Debagoieneko komunikazio taldearen bertsio ibiltaria. Egitura teknikoaz ezertxo ere jakin gabe, esango nuke ARGIAren sistema berbera edo bere aldaeraren bat erabiltzen duela eta, besteak beste, geolokalizazioa erabiltzen saiatzen da, zugandik hurbilen dauden albisteak eskaintzeko.
Goiena TB eta Arrasate Irratira ere iristeko aukera eskaintzen du, eta oro har, itxuraz eta funtzio aldetik oso txukuna da nahiz eta, Berriak bezalaxe, beharbada eduki lartxo izan.
Argiak bezalaxe, Goiena ibiltariak edukiak zuzenean komentatzeko zein partekatzeko aukera eskaintzen du.
7.- Uhinbak
Aurrekoak ez bezala, uhinbak aplikazioa da, hots: zure segapotora jaitsi beharreko programa bat. Android zein iOS gailuetan erabil daiteke, eta euskarazko 12 irrati online entzuteko aukera ematen du.
Hori bai, egitasmoaren berri ematen duen webgunea ez dago sakelako gailuetarako egokituta! ¬.¬
8.- EiTB
Euskal Irrati Telebistaren edukiak bi eratara ikus daitezke segapototik: webgunetik zuzenean edo aplikazio baten bidez.
- m.eitb.com webgune mugikorraren helbidea eskuz sartu behar da telefonoan, bestela sistemak pantaila handirako bertsiora eramango gaitu-eta. Hiru motatako edukiak eskaintzen dizkigu aukeran: bideoak (oso kalitate handikoak, egin ditudan probetan), audioak eta argazkiak; eta lau hizkuntza: euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelera (anana zaporeko Sugus bat lehenetsitako hizkuntza zein den asmatzen duenarentzat). Geolokalizazioa erabiltzeko baimena ere eskatzen du, nahiz eta gero ondorio praktikorik ez izan.
- Aplikazioa. Uhinbak bezala, EiTBk aplikazio propioa du Android eta iOS gailuetarako. Aplikazioarekin telebistako albistegiak nahi dugun unean ikusi, taldeko irratiak online entzun, eitb.com atariko albisteak irakurri eta ETBko saioak ikus ditzakegu sakelakoan.
Webguneak ez bezala, aplikazioak interfazerako zer hizkuntza nahiago dugun galdetzen digu lehen aldiz erabiltzean. Aukera horrek aplikazioaren interfazeari eragiten dio, baina esango nuke oraindik teknikoki findu behar dutela hizkuntza aukera horrek edukiei ere eragin diezaien. Edonola ere, hau ere aplikazio txukuna da.
Ikusten duzuenez, boteprontoan pentsa daitekeena baino askoz ere aukera gehiago ditugu gure gailu ibiltariak euskarazko edukiekin elikatzeko… eta hauek hedabide ‘tradizionalak’ baino ez dira. Seguru nago beste makina bat blog, webgune eta aplikazio solte dabilela hor zehar. osatuko dugu katalogoa? Zuek zeintzuk ezagutzen dituzue? Gehitu sarrera honen komentarioetan edo twitterren #euskarapatrikan etiketarekin!
Información Bitacoras.com…
Valora en Bitacoras.com: Galdetuz gero, sarritan esaten dut (azkenengoz Urtzi Urkizuri Berrian) euskarazko eduki ‘mugikorren’ faltak kezkatzen nauela. Telefono aurreratuak eta tabletak laster gailenduko ei zaizkio ordenagailu arruntei internetera……
Uhinbat aplikazioak eguneraketak behar ditu, irrati asko ezin baitira entzun.
Autobombo pixkat egin dezagun, Txelos bloga mugikorretan ederto irakurri daiteke, bai horixe!
http://www.txelos.blogspot.com
Ze ona Markel! Hori blogspotek egiten du defektuz ala zeuk egindako zeozer da?
Bide batez, asko gustatu zait bloga e? Segi horrela! :)
Arrazoi duzu Unai. Dena den, onena eurei jakinaraztea. Orri honetatik egin dezakezu.
Eskerrik asko Joxe.
Mugikorrerako bertsioa Blogger zerbitzuak eskaintzen duen aukera bat da. Hau ez dute orain dela gehiegi eskaintzen, eta Bloggeren eduki aurretik Onbile.com webgunea erabiltzen nuen blogaren mugikorrerako bertsioa edukitzeko.
Laster arte!
[…] bai! Aitzakia! Tira, duela 4 urte sarrertxo bat idatzi nuen, errepaso bat eginez mugikorretik ondo ikusten ziren interneteko euskarazko edukiei. Lau urtean aaaaasko aldatu da panorama (besteak beste, interneteko trafikoaren zati gero eta […]