Ileak lazteko moduko albistea irakurri nuen aurreko batean, berez halakoak maiz dakartzan PRNoticias buletinean: Italiako gobernua prestatzen ari den informazioaren lege berrian, hedabidetzat hartu nahi zituen blogak.
Eta hori ileak lazteko modukoa da? Bai ba, izan ere, legearen hasierako proposamenean, blogak informazio enpresen erregistroan alta ematera, halako enpresei dagozkien zergak ordaintzera eta eduki guztien erantzule egin behar zen kazetari profesional baten zaintzapean egotera behartu nahi baitzituen Ricardo Franco Levik, Italiako presidente Romano Prodiren idazkariordeak. Proposamena aho batez onartu zuen italiako Ministro KOntseiluak urriaren 12an, etaParlamentuaren onespenaren zain dago.
Zorionez, badirudi iritzi publikoaren eta Italiako blogosferaren beraren presioak atzera bota dituela Prodi eta Leviren hasierako asmoak. Presidentearen idazkariordeak adierazi duenez, paragrafo bat gehiago erantsi nahi dio lege-zirriborroaren 7. artikuluari, blogak lege berriaren eraginetik at uzteko.
Horrelakoak irakurrita, ez dakit noraino komeni den batzuek blogei hedabide izaera aitortzea…