Also known as: Urgentziazko apunte azkar batzuk Fedibertsoa.eus topaketaren ostean.
Badaitort: burua bero-bero dakart Abaraskako lagunek Badalaben (edo Badalaben laguntzaz, edo biak, ez dakit oso ondo) antolatutako Euskal fedibertsoko topaketetatik. Eta hori jardunaldiaren lehen erdian soilik parte hartuta. Dabid Martinez handiak desertoreoi esan digun bezala (BADUM-TSSS), seguru nago zatirik onena galdu dudala!
Bi ideia multzo handi ekarri ditut bueltan motxilan. Lehenengoa, halakoetan beti gertatzen denez, ziklo luzeko ideia mordo bat izan da, buruan buelta eta buelta ibili beharrekoak, borobildu, forma txukuna eman eta zeozer praktikora eramateko. Potoloena, izorraki gisa, aspalditik barruntatzen nuen zerbaiten berrespena izan da: euskarazko toki komunikabideen sareak, nik ondo ezagutzen dudan TOKIKOMenak gutxienez, zati handi batean fedibertso txiki bat, edo fedibertsoko eskualde bat osatzen duela kontzeptualki. Eta horrek ondorio edo isla teknikoa izan beharko luke. Baina tira, horrekin torturatuko ditut inguruko teknikari eta garatzaileak denbora apur bat ateratzen dudanean.
Bigarrena, jardunaldietan Kataluniatik etorritako lagunek apal-apal emandako urrezko hiru arau izan dira. Euskarazko komunikazioaren munduan, baina baita euskalgintzan, elkartegintzan eta beste alor batzuetan ere azken boladan asko hazi den kezka bat da nola atera sare sozial pribatiboek sortu diguten harreman toxikotik. Jardunaldian ere behin baino gehiagotan ere atera da gaia: sare sozial komertzialetan jende mordoa dabilela jakinda, noraino komeni da horiei erabat uko egitea? Edo, galderari buelta emanda, noraino komeni den sare horiek erabiltzen jarraitzea, behin fedibertsora salto eginda.
Nola erabili sare sozial komertzialak fedibertsoaren alde
TOKIKOMen ere izan dugu eztabaida hori inoiz edo behin, eta erantzun lauso batera baino ez gara iritsi: erabil ditzagun guk sare sozialak (komertzialak), beraiek gu erabili beharrean. Asmo onen deklarazio moduan ondo dago, baina gauzatzeko zatia falta zaio, hori nola itzultzen den eguneroko praktikara. (Beste izorraki bat: sumatzen dut ez dagoela modurik sare komertzialak erabiltzeko norbera neurri batean ala beste batean erabilia izan gabe. Baina tira…).
Baina harira: gauza da jardunaldian parte hartutako katalanek, fedibertsoa sustatzen duen LaLoka kolektiboko Rita Barrachinak eta Marcel Costak, aitortu digutela eurek ere badutela dilema hori, eta erraz samar kudeatu dutela hiru arau edo murriztapen sinple hauei jarraiki. (Hemen informazio gehiago arau horien jatorriaz).
1.- Erabili bai, baina sustatu gabe
Zure xede-publikoaren zati handi bat sare komertzialetan dago eta haiengana iristeko modu eraginkorra dira? Ados: erabili sareok, sortu kontua haiekin eta publikatu bertan (ere) zure edukia. Baina beraien promozioa egin gabe! Hedabideetan, adibidez, zergatik agertu behar dira Twitter, Facebook edo Youtuberen logoak gure goiburuetan, gure logoarekin batera, eta abar? Zergatik egin behar diegu doako publizitatea konpetentzia diren multinazional horiei? Bada,horixe: izan kontuak sare horietan, baina ez egin beraien doako publizitatea.
2.- Ez oparitu eduki esklusiborik
Sare komertzialetan argitaratzen dugun edukia egon dadila beti, BETI, gure kontrolpean dugun eta erreferentzia izan behar duen webgunean, nahiz eta kanpoko sarereren batean ere argitaratu bozgorailu modura. Gure lanak eta edukiak ekar diezagula GURI onura, eta ez Musk edo Zuckerberg edo dena delakoari.
3.- Sekula ez ordaindu edukia argitaratzeagatik
Honetan apur bat galdu naiz, baina aurreko biak ikusita erraz sumatu daiteke zin den kontua: sekula ez ordaintzea multinazional hauei gure edukia argitaratzeagatik. Pentsatzen dut publizitate kanpainak egitea eta/edo ‘premium’ kontuak ordaintzearekin lotuta joango dela hau.
Hiru gauza oso sinple dira, baina guztiz txundituta utzi naute. Erraz-erraz egin daitezkeelako eta, aldi berean, epe ertain-luzera eragin handia izan dezaketelako. Uste dut Argiako lagunek aipatu dutela kontu honetan, azkenean, hizkuntza paisaiarekin bezala jokatzea tokatzen dela neurri batean. Facebook, Twitter eta enparauek lortu duten botere eta presentzia lortu dute, zati handi batean, mundu osoko komunikabide, elkarte, erakunde eta abarrok omnipresente egin ditugulako, euren logo, botoi eta jarraipeneko widgetak leku guztietan jarriz. Horien presentzia modu kontzientean murrizteak ondorio interesgarriak izan ditzake. Ala beharbada ez, baina merezi duen esperimentua dela iruditu zait!
[…] Hasteko, eta estrategia pentsatzea praktikarekin uztartzeko, Badalaben fedibertsoaren jardunaldian Marcel Costa eta Rita Barrachinak aipatu eta proposatu zizkiguten 3 arau gure egitea erabaki dugu (teknopataren txokoan ederki azalduta): […]
[…] Iniziatikoa izan zen Fedibertsoaren inguruko Badalabeko jardunaldian izan genuen hiru neurrien berri lehen aldiz, Rita Barrachinak frantziako estatuan erreferente den Antipub elkartetik ekarriak, eta Joxe Rojasek Teknopata blogean bikain jaso zituenak. […]
[…] Guardianena erabaki ausarta eta eredugarria da, RAP elkarteak proposatutako hiru neurrietatik harago ere baitoa. Pertsonalki, benetan espero dut laster beste hedabide multzo handi batek bide bera hartzeko behar […]