Tartean behin, nire estilo desordenatu eta batere sistematizatu gabean, blogaren artxiboetan arakatzen jartzen naiz, ikusteko, adibidez, zertaz idazten nuen duela 10 urte, eta orduko zeozer aprobetxagarria ote den gaur egun berriz argitaratu edo berrikusteko.
Horretan nabilela, garai batean orri hauetara sarri ekartzen nituen gailu xelebre horietako batekin egin dut topo: Kiss Messenger edo Kissenger, musuak munduko punta batetik bestera bidaltzeko gailu konektatua. Duela 10 urte lehenengoz atera zen Kaixomaitia aplikazioarentzako osagarri perfektua zela otu zitzaidan orduan.
Garai hartan, Kissenger prototipoa baino ez zen, eta pentsatzekoa zen hartan geratuko zela, pentsatu baina sekula salgai jartzen ez diren trepeten linboan.
Baina, ai amigo! Bilaketa azkar bat eginda, badirudi prototipo hark bere bidea egin zuela, eta orduko pilotatxo hark mugikorrerako zorro bitxi baten tankera hartu zuen produkzio fasera pasatu aurretik. Sakelakoa zorro honetan sartu, horretarako propio daukan lekuan musu eman, eta telefonoaren beste aldean dagoenak ere musutxoa jasoko du… baldin eta zurea bezalako beste zorrotxo bat badauka, noski. Honatx:
Aitortu behar dizuet biziki harritzen nauela, itxialdian pasatu ditugun kalamitate guztiak gogoratuta, nola ez den saldu hau erroskillak bezalaxe, ezta?!?