Ba hori: lehengoan hemen azaldu nizkizuen arrazoi eta pentsamenduak (bueno, eta aipatu gabe geratu ziren beste hainbat) tarteko, Facebook kontua ixtea erabaki nuen. Eta e, gauza bat esango dizuet: erabakia bera hartzea ez zen erraza izan, tartean makina bat zalantza, nolabaiteko beldur edo erreparoak, eta nagia ere gurutzatu zitzaizkidalako.
Baina behin erabakia hartuta, Facebook kontua ixtea bera ere ez da gauza erraza, e? Eta eskatu ere, eskatu egin duzuenez, ba tira, hemen azalduko dizuet nola itxi Facebook kontua… edo tira, nik neuk behintzat nola egin dudan. A! Eta jakin nahi baduzue hau guztia egin nuenetik zer ikasbide edo zer ondorio atera dudan, hemen utzi dizuet horren inguruko beste ohar bat.
Ez adiorik, gero arte baizik
Beharbada niri bezala gertatuko zaizue batzuei: Facebooketik irteteko zailtasun nagusienetakoa laneko, elkarte edo bestelako kolektiboen orrialdeen kudeaketa zen. Alegia: nire informazio pertsonala kendu nahi dut Facebooketik, baina nire enpresak, edo elkarteak, edo dena delakoak, erabakita dauka bertan presente egotea, eta niri dagokit orrialde horiek kudeatzea.
Orrialde horiek kudeatzeko ez dago beste modurik, Facebooken kontu aktibo bat izatea baizik. Horri aurre egiteko, nik estrategia bikoitza jarraitu dut:
- Posible den kasuetan, orrialde horiek kudeatzeko ‘brownie’-a beste norbaiti pasatu. (Beste norbait horrek, noski, Facebook erabiltzailea izan behar du). Edo/eta, kudeatzaile bat baino gehiago zegoen kasuan, neure kontua ezabatu kudeatzaile zerrendatik.
- ‘Eskakeoa’ posible izan ez den kasuetan, Facebook kontu berriak sortu horretarako propio. Kontuz ordenarekin, e? Peiokeria bat da, baina ordena okerra jarrraituz gero, hondamendi txiki bat sor dezakezu. Honela egin dut nik:
- Bi erabiltzaile berri sortu Facebooken, bat laneko posta batetik (@tokikom.eus), eta bestea elkarteko postatik (@arpela.eus). Posta helbide orokorretatik egin dut gainera. eta horrela profil horien kontrola beste lankide edo elkartekideren bati pasatu ahal zaizkio problemarik gabe. (Ojokuidao: hau eginez gero, Facebook erabiltzeko baldintzak urratzen ari zara, eta litekeena da Zuckerberg enteratu eta problemak izatea…).
- ‘Benetako’ kontu pertsonaletik sartu, eta eman baimena kontu sortu berriei laneko eta elkarteko orrialdeak kudeatzeko.
- Kontu berri horietatik, onartu kudeatzaile izateko eskaerak.
- ‘Benetako’ kontu pertsonalera itzuli eta kendu neure buruari orrialdeak kudeatzeko baimena.
- Ezabatu kontu pertsonala.
Eta orain esango duzue: ostras, Joxe, eta nola aldatzen dira orrialde baten kudeatzaileak?!? Bueno, aizue, hori ez da -bestela ere kilometrikoa irtengo den- sarrera honen helburua.
Jakinarazi zure kontua ezabatuko duzula
Seguruenik kontaktu bat baino gehiago izango dituzue, harremanetan jartzeko modu bakarra Facebook duzuena. Horregatik, kontua ezabatzeari ekin baino egun (edo aste) batzuk lehenago, komeni da abisu bat uztea. Luzea edo laburra, azalpen gehiago ala gutxiagorekin, baina abisua: “Aizue, jakizue nire kontu hau desagertu egingo dela, eta mesedez abisatu kontaktuan jarraitu nahi baduzue”. Bide alternatiboren bat utz zenezake beharbada: zure webgunearen helbidea, email bat, twitter kontu bat… telefono zenbakia -nik neuk behintzat- ez nuke Facebookeko horma publikoan jarriko.
Badaezpada ere: egin zure datuen kopia bat
Kontrakoa eman dezakeen arren, Facebooki azkwen urteotan eman diozun informazioa oso baliotsua da. Ekonomikoki, baina baita bestela ere: hor izango dituzu oroitzapen asko, beharbada beste inon gorde ez dituzun argazki edo bideoak…
Badaezpada, ezabatzen hasi aurretik, komeni, beraz, datuen kopia bat jaistea zure ordenagailura. Facebooken ezarpen orokorretatik egin dezakezu hori. Joan ezarpenetara, eta lehen fitxan (Orokorrak), han bukaera-bukaeran topatuko duzu lotur bat, zure datuen kopia bat deskargatzeko. Jarraitu pantailako urratsei eta minutu batzuetan izango duzu ZIP artxibo bat zure posta elektronikoan, eta haren barruan Facebooken publikatu duzun guzti-guztiaren kopia bat (ahm eta publikatu ez duzun hainbat konturena ere bai: zure telefonoko kontaktuen zerrenda, zure telefonoan instalatu dituzun aplikazioak, geolokalizazio historial bat…)
(Aukerakoa eta, seguruenik, alferrik): Ezabatu zure Faceboook historiala
Segun eta zenbatekoa den Facebookekin duzun moskeoa, pausu hau egin dezakezu ala ez. Nik egin egin nuen, moskeo oso handia nuelako… baina gero, hotzean pentsatua, konturatu naiz seguruenik alfer-alferrik dela. Zure jarduera historiala ezabatzeaz ari naiz. Facebooken argitaratu dituzun mezu, argazki, erantzun eta abarrak ezabatzea.
Ah, baina hori egin daiteke? Tira: bai eta ez. Facebookek (seguruenik betebehar legalak tarteko) aukera ematen du zure jarduera ezabatzeko, bai. Baina jarduera horiek: mezuak, egoerak, iruzkinak, argazkiak, bideoak, banan-banan aukeratu eta ezabatu behar dituzu. Hau da: ez dago modurik nonbait egiteko ‘aukeratu guztiak’ eta gero ezabatzeko botoiari eman.
Nire haserrea handia zenez, eta ez nuenez atzean pistarik txikiena ere utzi nahi (ilusoa!), lan hori errazten duen Chromeko gehigarri bat erabili nuen. Social Book Post Manager du izena. Aipatu bezala, Chromen instalatzen da (ez, Firefoxen ez dabil!), eta lagundu egiten dizu zure jarduerako itemak automatikoki aukeratzen eta ezabatzen. Aukeran ematen dizu egoerak soilik ezabatzea, edo argazkiak, edo iruzkinak… Honen inguruan ere, hiru ohartxo:
-
- Intuitibo-intuitiboa ez da. Ondo irakurri pantailako jarraibideak benetan funtzionatzea nahi baduzu. Niri bizpahiru saiakera kostatu zitzaidan martxan jartzea. Eta ez, honen funtzionamendua azaltzen ere ez naiz jarriko, ze bestelaaaa…
- Azkar-azkarra ere ez da. Behin martxan jarrita, nabigatzailea zabalik mantendu behar duzu Facebooken jarduera orrian, gehigarriak bere lana egiteko. Eta, eh, Facebooken argitalpen asko baldin baduzue, patxadaz hartu, e? Nire ordenagailua asteburu osoan egon zen piztuta, pantailan nire post zaharren desfilea pasatzen zen bitartean. Ikusi-ikusi:
#UdaberrikoGarbiketa Social Book Post Manager, nire Facebook historiala ezabatzen jo ta fuego… #DeleteFacebook #AgurXiberua pic.twitter.com/g8QuvBZFwu
— Jordi 🎗️ Joxe Rojas (@joxe) 2018(e)ko martxoaren 29(a)
- Seguruenik alfer-alferrik da. Esan nahi dut, publikoki agertzen diren datuak ezabatuta ere, zenbat segurtasun kopia izango ditu Facebookek hor zehar gordeta? Eta batez ere… zenbat datu izango du jadanik guri buruz, argitaratu dugun horretan eta Facebooken bertan zein handik kanpo egin dugun nabigazioan oinarrituta? Beharbada ez du merezi honetarako denbora hartzea. Edonola ere, metodo hau erabilgarri suerta dakizuke agerian duzun informazio kopurua murriztu baina kontua erabat ezabatu nahi ez baduzu.
Orain bai: ezabatu zure Facebook kontua
Aurreko pausu guztiak eman eta damutu ez bazaizu, egun batzuk utzi badituzu kontaktua mantendu nahi dutenek hala adierazteko, eta dena argi baldin baduzu, iritsi da momentua Facebook kontua ezabatzeko. Berez ez da zaila, Sustatun ere azaldu zuten duela gutxi, baina badirudi apur bat errazago jarri dutela azken egunotan, Cambridge Analytica auzi guztiaren ostean (pentsa, testuak euskaratu gabe dituzte oraindik!). Hauek dira Facebook kontua ezabatzeko urratsak:
- Hasi saioa zure Facebook kontuan, noski.
- Joan Ezarpen orokorretara (https://www.facebook.com/settings)
- Ezarpen multzoetan, aukeratu ‘Your Facebook information’
- Aukeratu ‘Delete your account and information’
- Eman ‘Nire kontua ezabatu’ botoiari, eta bete jarraian agertuko den captcha.
- Listo, egun batzuen buruan, zure kontua eta hari lotutako informazioa (teorian behintzat, eta segurtasun kopiak segutasun kopia) desagertu egingo da.
- Hurrengo egunotan email tranpak jasoko dituzu bata bestearen atzetik, esanez halako lagunak faltan biotatzen zaituela eta bla bla. Kasurik ez! Izan kementsua!!!
Zer moduz? Ezabatu duzu zure kontua? Hau eginda ala beste moduren batean? Nola sentitu zara? Zer moduz bizi zara orain? Nik datozen egunotan itxiko dut ‘trilogia’ hau, bidean topatu ditudan erreminta eta pentsamendu baliagarri batzuekin. Baina bitartean, kontatu nola joan zaizuen zuei, kopon!!!
Nik antzerako pausuak eman ditut, baina nire info guztia banan-bana ezabatzeko esfortzua gehiegizkoa iruditu zitzaidan eta alperrikakoa izango zelakoan… ba passo egin dut…
Hori bai, nostalgia-momentu baten nire kontuko den-dena (posts, photos, likes, friends…) PCra deskargatu dut…
14 egunean facebookeko kontua itxi ta ‘desagertuko’ da!! Ze ondo!! Eskerrik asko nola egin azaltzeagatik! A, post-ak banan banan urratzearena ezta okurritu ere ez zait egin, hainbesteko lanik ez nuen nahi! Danke!!
Mila esker bioi ekarpenengatik!
Eta bai, Denis, nik ere nire historialaren kopia bat deskargatu nuen… igual pausu hori gehituko dut badaezpada ere, ezta? :-)
[…] Gaur kontatuko dizuet zergatik irten naizen Facebooketik. Eta hurrengo ‘ataletan’, nola egin dudan, eta azkenik, zeintzuk izan diren […]
Kito! 2020ko otsailak 24 dituen honetan itxi dut kontua. Jarraibideak baliagarri egin zaizkit. Banan-banan ez dut borratu post bakoitza, baina egia esan, gauza askorik ere ez nuen.
Whatsapp uztea zailagoa izango da… :-)
Zorionak, Iban! Orain ea nola asmatzen dugun Whatsapp kentzeko, bai. Facebook errotuta dago, baina Whatsappa ze punturaino kolatu den inguruko guztien telefonoetan izugarria da!
Laster omen dator SMSen eboluzioa den eta Whatsapp ordezkatu lezakeen RCS teknologia irekia, internet konexiorik ere behar ez duena… baina uste dut beranduegi iritsiko zaigula…