Whatsapp ditxosozkoak baditu hainbat eta hainbat gauza gorrotagarri. Eta guztietan gorrotagarriena, sindurarik gabe, taldeak dira.
Edozein aitzakiarekin sortzen dira taldeok, batzuetan kausa ezin nobleagoen alde ere bai. Baina bi arazo oso-oso-oso handi dituzte:
- Berdin dio taldea karaoke etiliko batean bildutako ezezagunekin komunikatzeko, mintzalagunen afaria antolatzeko, ala lankideen arteko emergentzietarako sortu den, beeeeeti bukatzen du berdin: duela bizpahiru urte sare sozialetan zabaldu ziren memeez, bideo ustez barregarriez, txiste matxista, xenofobo, homofobo etabarrofoez, eta albiste faltsuez gainezka.
- Aurrekoa baino askoz ere okerragoa: berez erabat ilegala den irizpide bati jarraiki, Whatsappek taldekide guztien telefono zenbakiak beste guztien bistara uzten du, eta erabiltzaileok ez dugu hori ekiditeko modurik. Taldetik irtenda ere, hantxe jarraitzen du zure zenbakiak, apuntatu nahi duenarentzat.
Horregatik, ez dut ulertzen jende askok zer azkar adoptatu duen Whatsapp komunikazio kolektiborako tresna paraofizial gisa. Eta horregatik, behin baino gehiagotan izan ditut neure gorabeherak -latzagoak batzuetan beste batzuetan baino- norbaitek halako talde batean sartu nauenean nire baimenik gabe.
Eta badakizue zer den txarrena? Iristen dela puntu bat, batek erdi-etsi egiten duena, pentsatuz beharbada norbere telefono zenbakia lau haizetara zabaltzen dabiltzan horiek zuzen dabiltzala, eta norbera dela erretxin ozpindu hutsa, kontuak eskatu eta eskatu ibiltzeagatik.
Albiste onak Espainia aldetik
Eskerrak noizean behin behintzat albiste onak etortzen direla. Espainia aldetik ere bai, ez pentsa! Egunotan, AEPD delakoak, datuak babesteko Espainiako agentziak, ebazpen bat argitaratu du, Boecillo izeneko herriko Udala kondenatuz, herritar guztiak Whatsapp talde batean sartzeagatik, aldez aurretik baimenik eskatu gabe.
Kontuz ibili, beraz, zeren eta Boecilloko Udalean gertatutakoa ez baita oso ezberdina niri neuri ere behin baino gehiagotan gertatu eta lehen aipatu dizkizuedan horietatik: 2016ko urrian, zinegotzi bati bururatu zitzaion ideia ona izan zitekeela Whatsapp talde bat sortzea, herriko biztanle guztiei udaleko albisteen emateko. Gerora esan duenez, zinegotziak benetan nahi zuena difusio zerrenda bat sortzea zen. Zerrenda horietan, mezuak erabiltzaile batek baino ezin ditu bidali, eta partaideek ez dute elkarren informazio pertsonala ikusten.
Gauza da, beraien baimenik eskatu gabe, zinegotzia udaleko hainbat dokumentutatik lortu zituela herrikideen telefono zenbakiak, eta konturatu orduko 255 kide sartu zituela ‘Boecillako bizilagunak’ taldean. Taldekideetako batzuk berehala hasi ziren kexatzen eta, hanka sartzearekin konturatuta, zinegotzia taldetik irten zen, pentsatuz taldea automatikoki desegingo zela horrela.
Lortu zuen bakarra taldearen administrazioa automatikoki beste taldekide bati pasatzea izan zen, pilota are handiagoa eginez. Azkenean, administratzaile berriaren bila jardun behar izan zuten, taldearen kontrola berreskuratu, taldekide guztiak bertatik egotzi, eta talde osoa ezabatu ahal izateko.
Boecillotarretako batzuk asko haserretu ziren, eta salaketa ere jarri zioten udalari, beraien telefono zenbakiak herriko beste guztien eskura jartzeagatik. Datuak babesteko agentziak ebatzi du Udalak arau hauste larria egin zuela, bizilagunen telefono zenbakiak baimenik gabe bildu eta, gainera, baimenik gabe publikoki argitaratzeagatik.
Udala azkar ibili zenez, agentziak ez dio isun ekonomikorik jarriko oraingoan, baina argi utzi du aurrekaria ondo finkatuta dagoela orain, eta arau-hauste larrientzako isunak 60.001 eta 300.000 euro bitartekoak direla.
Kontuz ibili, bada, hurrengo Whatsapp taldea sortzea pentsatzen duzuenean!!!