ProbakTrepetak

JetDrive Lite: Giga gehiago zure MacBook portatilean, merke antzean

MacBook bat baldin baduzu, JetDrive Lite txartelak erabil ditzakezu haien disko edukiera handitzeko, gastu handirik egin gabe.
JetDrive Lite: Giga gehiago zure MacBook portatilean, merke antzean 7 - teknopata.eus
JetDrive Lite: Giga gehiago zure MacBook portatilean, merke antzean 11 - teknopata.eus
Maite ditut maite hire menuak, sagarrak, hizkuntza debekatzen didanean… (klik irudian maczaleon sindromeaz artikulu interesgarri bat irakurtzeko)

Deitu amodio-gorrotoa, deitu Estokolmo sindromea… gauza da oraindik teknopata asko geratzen garela, euskaltzale kontzientziatuak izan arren, Appleren atzaparretatik ihes egin ezinean gabiltzanak. Jabe naiz, bai: bakoitza bere inkoherentziak bizi du™.

Hori bai: euskaltzale maczale inkongruenteok bekatuan bertan daramagu penintentzia. Filosofikoki ez ezik, ekonomikoki ere ez baita gauza erraza maczalea izatea. Txostengintza aaaaasssssssko egin behar da oinarri-oinarrizko Mac bat ordaintzeko adina biltzeko. Eta klaro: oinarri-oinarrizkoak hartzeak ere bere morrontzak ditu.

Adibidez: iaz lortu nuen MacBook Pro portatil bat hartzea lanerako. Oso ondo, primeran. Yuhu!

Lehenengo problema: mojito efektua deitzen diodana. Bilboko Aste Nagusiko gaupasa luzeetan, koadrillan ohitura dugu garagardo katxiak ateratzeko. Ez gara oso garagardozaleak, baina enfin, ekonomiaren izenean-eta, badakizue, ahalegina egiten dugu,  botea ahal beste luzatzeko.

Baina iristen da ordu bat, non gorputzak dagoeneko ez duen garagardo gehiagorik onartzen. Eta orduan esaten dugu: “bueno aizue, mojito batzuk aterako ditugu, atseden hartzeko, ta gero jarraituko dugu garagardoarekin!”. Errore handia da hori, urtero egiten duguna: behin azukrez ondo kargatutako mojitoa probatu ondoren, ez baitago amaren umerik, garagardora bueltatzeko adorea bilduko duenik. Errore horren ondorio lazgarriak egiaztatu nahi badituzue, galdetuidazue edozer, Aste Nagusian ikusten nauzuen hurrengoan, goizaldeko 3:30etatik aurrera…

JetDrive Lite: Giga gehiago zure MacBook portatilean, merke antzean 13 - teknopata.eusBueno, ba informatikan, gauza bera gertatuko zaizue SSD diskoekin. Behin probatu ondoren, zuengandik 10 kilometrora ere ez dituzue nahi izango betiko HDD disko mekanikoak. Nik etxean probatuta neuzkan jadanik SSD diskoak… eta beraz, lanerako ordenagailuan ez nuen disko mekanikorik nahi. Ados.

Bigarren problema: Unikornio odola. Bai, unikornio odola. Horrekin barnizatzen ditu Applek bere gailuetako SSD unitateak. Ilargi betean jaiotako printzesa birjina baten lehenengo 7 ile urdinekin brodatutako zapi batean gordetako aizto batekin hildako unikornia da, gainera.  Ze bestela ez dago modurik jartzen dituen prezio txoroak ulertzeko. Ondorioa: ordenagailu SSDuna erosteko hipoteka bat eskatu nahi ez bagenuen, edukiera txikienekoa hartu behar genuen: 128 Gb-koa.

Eta klaro: orain gertatu da gertatu behar zena: ordenagailuan aplikazio potolo samar bat instalatu behar, eta lekurik gabe geratu naiz. Kuaaaaaak!!!

Konponbide azkar eta merkea ez oso garestia: Transcend JetDrive Lite

JetDrive Lite: Giga gehiago zure MacBook portatilean, merke antzean 15 - teknopata.eus
2015eko MacBookaren SD zirrikitua, txartel bat sartuta duela

Baina lasai: nire kasuan baldin bazaudete, MacBookaren biltegiratze ahalmena handitzeko modu ez hain garestia topatu dut. Aurkeztu duten azkenengoek ez bezala, orain arteko Apple portatilek SD zirrikitua izan dute beti, kameretako txartelak eta halakoak zuzenean erabili ahal izateko. Ez da gauza bat egunero erabiltzen dena, baina, sinestuidazue, oso-oso-oso erabilgarri suertatzen da haren beharra dagoenean.

Portatilaren disko-edukiera handitzeko konponbide azkar samar bat, beraz, SD txartel bat erabiltzea izan liteke. Baina, argazkian ikusten duzuen moduan, txartelak ez dira zirrikituan osorik sartzen. Erabilera jarrairako baino, sartu-atera erabiltzeko pentsatuta dago zirrikitu hori, eta beraz ez da oso praktikoa disko osagarri moduan erabiltzeko.

JetDrive Lite: Giga gehiago zure MacBook portatilean, merke antzean 17 - teknopata.eus
JetDrive Lite bat eta SD txartel arrunta, aurrez aurre

Baaaaina, hara non, TRANSCEND etxeak atera dituen Jetdrive Lite izeneko gailu batzuk, justu kontatzen ari natzaizuen problemari aurre egiteko.

JetDrive Lite hauek, itxuraz, MacBookaren zirrikitu horren neurrira ‘moztutako’ SD txartel bereziak dira. Zirrikituan sartu eta bertan utzi daitezke, ordenagailuaren beste pieza bat balira bezala, oso ondo disimulatuta.

Transcendek dioenez, JetDrive Lite hauen barruan doana ez da ohiko SD txartela, benetako SSD disko gogor bat baizik, datuak irakurri eta idazteko askoz ere abiadura handiagoa ematen duena. Nik 64 Gbko batekin egin dut proba, eta egia esan SD txartela baino azkarrago doa, bai, baina esango nuke barneko SSDa baino moteltxeago ere bai.

Ideia sinplea da: halako bat erosi, ahalik eta edukiera handienekoa, eta SD zirrikituan sartuta utzi, bigarren disko gogor bat izango balitz bezala. Nik probatu dudan arte behintzat, soluzio ona da, nahiz eta arazo txiki batzuk badituen.

Tamaina ezberdinak

Lehenengo arazoa -edo erronka- da oso ondo bilatu behar dela zein den norberarentzako erabil daitekeen modeloa, txartel guztiek ez baitute balio portatil guztietarako. Lau txartel modelo ezberdin daude, portatilaren tamaina eta formaren arabera:

Modeloa Mac modeloak
Jetdrive Lite 130 (64-256 Gb) MacBook Air 13″ (Late 2010, Mid 2011, Mid 2012, Mid 2013, Early 2014, Early 2015)
Jetdrive Lite 330 (64-256 Gb) MacBook Pro Retina 13″ (Late 2012, Early 2013, Late 2013, Mid 2014, Early 2015)
Jetdrive Lite 350 (128-256 Gb) MacBook Pro Retina 15″ (Mid 2012, Early 2013)
Jetdrive Lite 360 (128-256 Gb) MacBook Pro Retina 15″ (Late 2013, Mid 2014, Mid 2015)

Atsedenik ez drogarik gabe

JetDrive Lite: Giga gehiago zure MacBook portatilean, merke antzean 19 - teknopata.eus
JetDrive Lite delakoa zirrikituan sartuta. Ikusten denez, ia-ia ez da igartzen hor ezer dagoenik!

Bigarren arazoa software problematxo bat da, denborarekin ustez konpondu beharko litzatekeena. Txartel hauek energia xurgatzen dute etengabe SD zirrikitutik, eta horrek arazoak sortzen ditu portatila egonean utzi nahi dugunean. Batzuetan eragotzi egiten dute ordenagailua ‘lokartzea’ (eta beraz bateriaren iraupenari eragiten diote zuzenean). Eta beste batzuetan, ordenagailua tematzen denean lo geratzen, arazoak izaten dira esnatzean, eta sistema ez da kapaza txartela sartuta dagoela ikusteko.

Arazo horiek saihesteko, Transcendek badu software txiki bat, behin instalatuta, teorian ondo gobernatzen duena portatilaren loa eta esnatzea… baina ez omen dago optimizatuta macOS Sierrarako, eta tartean behin tontotuta geratzen da: siestatik esnatutakoan, sistemak ezin ditu txartelaren edukiak atzitu, baina aldi berean ez du baimenik ematen txartela erabat desmuntatu eta berriz muntatzeko, eta arazoa ez da erabat desagertzen sistema erabat berrabiarazi arte. Niri behin bakarrik gertatu zait astebetean, baina gertatzen denean OSO amorragarria da (eta arriskutsua ere izan daiteke, momentu horretan txarteleko dokumentu batekin lanean ari bazara).

Esan bezala, printzipioz behintzat denbora kontua baino ez da Transecendek bere software hori eguneratu eta arazoa desagerraraztea.

Enfin, ni bezalako euskaltzale inkongruentea baldin bazara, beharbada interesatuko zaizkizu JetDrive Lite hauek. Amazonen aurki ditzakezu, adibidez, ez oso garesti. Prezioaren gainean klik eginda, Amazonen erosteko orrira joango zara zuzenean. Ezaugarri tekniko zehatzak, beste erosle batzuen iritziak eta prezio eguneratua ere topatu ahal izango duzu bertan.

  64Gb 128Gb 256Gb
JetDrive Lite 130
41,29€

85,82€

191,82€
JetDrive Lite 330
41,29€

79,00€

193,00€
JetDrive Lite 350
41,29€

83,82€

189,00€
JetDrive Lite 360
41,29€

83,82€

183,82€

Bai, blogari diru apurtxo batzuk ateratzeko formulekin esperimentatzen jarraitzen dut. Gastuen zati bat kubritzeko baino ez bada ere! (Ameslari hutsa naiz, badakit!). Kasu honetan, Amazonen afiliazio programa erabili dut. Kasualitatez baten batek erosketa egingo balu orri honetatik abiatuta, salmentaren portzentaje txiki bat niretzat litzateke. Barkatu eragozpenak… eta ez izan zalantzarik honelakoak erabiltzeari zer deritzozun komentatzeko!!!

Balorazioa
  • Erabilgarritasuna - 95
  • Erabilerraztasuna - 90
  • Fidagarritasuna - 80
  • Prezioa - 70
84

Laburpena

JetDrive Lite txartelek zure MacBookaren SD zirrikitua erabiltzen dute disko gogor gehigarri bat ezartzeko. Barruko diskoa aldatzea baino aukera merke eta errazagoak dira, baina badituzte arazo arin batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.