Badabil hor zehar internauta gehienoi bereziki maitagarri egin zaigun txoritxo bat, ñimiñoa, maitagarria, urdina… Bai, bai, urdina: Twitterren ikurraz ari naiz eta! Eta bada beste bat, hau ere maitagarria, eta nonbait txiki eta ahula. Halaxe irudikatu digute euskara Eusko Jaurlaritzaren txantxangorriaren kanpainan.
Eta, hara non, azken egunotan xextran topatu ditugun bi txori maitagarriak. Ustez elkarrekin ondo moldatzen baziren ere, txilioka eta mokoka ikusi ditugu. Ezusteko irudia da erabat, halako izaki maitagarrientzat.
Kaixomaitia.eus ez da txoritxoa, eta ez da txikia, baina bai maitagarria. Euskaldunen arteko harremanak sustatzeko sare sozialak publizitatea egin nahi zuen Twitterren, eta iragarki bat argitaratzen saiatu zen. Handik gutxira jaso zuen txori urdinaren erantzuna: “Aizu, zure iragarki hori gure makinak ulertzen ez duen hizkuntza batean dago. Publikatu nahi baduzu, itzuli uler dezakegun hizkuntza batera, mesedez”.
Ez da horrelakoak egiten dituen enpresa bakarra. Googlek ere badu zerbitzu bat, Adsense deritzona, webguneen jabeei aukera ematen diena Googlek berak saldutako publizitatea erakutsi eta, trukean, diru apur bat (txoritxoa bezala, apur hori ere ñimiño eta ahula) jasotzeko. Baldintza batekin: webgunearen edukiak Googleren robotek ulertzen duten hizkuntzetako batean egon behar du. Honezkero iragarriko zenuten bezala, euskara ez da hizkuntza horietako bat.
Txikikeria lirudike, baina ez da. Mundu osoan, Adsense zerbitzu hori erabiltzen da, adibidez, aldizkari eta egunkarien webguneetan saldu gabe geratzen diren iragarki tarteak betetzeko. Etekin txikia bada ere, bada modu bat webguneek dirutxo bat lortuko dutela ziurtatzeko, zentimo gutxi batzuk badira ere.
Bada: zure aldizkari, egunkari, blog edo dena delakoa euskaraz baldin badago, itxita dago aukera hori. Gehienez jota, sistemari tranpa egin eta zure webgunea erdaraz dagoela esan diezaiokezu, trukean erdarazko iragarkiak jasotzeko. Honek ere txikikeria dirudi, baina zer pentsa ematen du gure hizkuntzari aitortzen zaion balio praktiko eta ekonomikoaz…
Loturak, estekak, linkak…