Kolaborazioak

Ezezagunen opari horiek…

Ez larregi fidatu %100 dohainik diren gauzekin...

(Aizu! aldizkariaren 403. zenbakian argitaratua)

amazon undergorund frAmazon etxe ezagunak opari susmagarri bat egin digu azken asteotan. ‘Underground’ izeneko zerbitzua abiatu du, Android sistema eragilearen erabiltzaileontzako aplikazio denda bat, ezaugarri oso-oso berezi bat duena: bertan dohainik eta iragarkirik gabe eskura daitezke Googleren aplikazio denda ofizialean ordainpekoak (edo dohainik, baina iragarkiz josita) diren aplikazioak.

Mila apli jarri dituzte eskuragarri zerbitzuan. Batzuk jokoak dira, beste batzuk trafiko aplikazioak… baita doako jokoetarako gehigarriak ere, badakizue: arma bereziak, pertsonaiak… Erabiltzaileontzako dohainik dira, baina Amazonek 0,0018 euro ordaintzen die aplikazio egileei, aplikazio bakoitza erabiltzen den minutu bakoitzeko.

Eta orduan, nondik ateratzen du Amazonek etekina? Bada, enpresak berak aitortu duenez, negozioa datuetan dago. Erabiltzaile bakoitzaren gaineko datu oso zehatzak gordetzen ditu ‘oparia’ egin digun laguntxoak: bakoitzak zer aplikazio instalatu duen, aplikazio hori noiz erabiltzen duen, nola ere bai (futbol joko bat bada, adibidez, zelako taldea osatu dugun, zeinen alde eta kontra jokatu dugun…), aplikazioa gure telefonoan gorde ala azkar kendu dugun, gailuan zer gehiago dugun instalatua…

Hori guztia zertarako? Bada, gutako bakoitzari buruzko ahalik eta profil zehatzena izateko, horretan oinarrituta publizitate hiperpertsonalizatua eskaintzeko. Amazonen webgunean inoiz sartu zaretenok badakizue zer den hori: zapata pare baten bila sartu bazarete, une horretatik aurrera zapata horiek eta antzekoak agertuko zaizkizue Googleko bilaketetan, zuen webgunerik gogokoenak bisitatzean, lagunen postak jasotzean… Bada, Underground honek ematen dien informazioari esker, Amazonek zer erosi nahi izan dugun ez ezik, etorkizunean ere zer erosteko gogoa izan genezakeen jakingo du: gure futbol taldeko kamisetak, etxerako apaingarriak, (benetako) baratzeko tresnak…

Anaia Handia gero eta txikitxoagoa da, lagunok. Eta poltsikoan daramagu, gainera!

Zer dira cookie-ak?

Online iragarkien jazarpena saihesteko, webguneek zure nabigatzailean gordetzen dituzten arrasto edo ‘cookie’-ak dira gakoa. Webgune askotan topatuko dituzu haien inguruko azalpenak.

Adblocker-ak

Beste tresna erabilgarri bat iragarkiak blokeatzen dituzten ‘adblocker’ izeneko aplikazioak dira. Horiek, baina, eragotzi egiten dute hedabide digitalek dirurik irabazi, eta beraz, bizirautea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.