Nora joango dira inoiz gauzatzen ez diren asmakizunak? Zer gertatuko zaie norbaiten buruan sortu arren, argia ikusi gabe geratzen diren teknologiei? Non gorde dute txikitan saldu ziguten etorkizun teknologiko oparo eta ikusgarria? Estatu Batuetako basamorturen batean lurperatuko zuten, ET estralurtarraren bideojoko penagarri hura bezalaxe?
Benetan, jarri pentsatzen: urte batzuk badituzuenok, gogoratzen duzue nolakoa irudikatzen genuen XXI. mendeko teknologia 70-80ko hamarkadetan? Ikuspegi inozo samarra zen beharbada, baina baziren hainbat kontu, egintzat ematen genituenak: autoak hegalariak izango ziren eta distantzia laburretarako propultsio motxilak erabiliko genituen. Etxeko lanak giza itxurako robot adimentsuek egingo zituzten. Arma kontuetan, laser izpiek izan behar zuten jaun eta jabe, eta, eguneroko bizitzari dagokionez, honezkero konputagailu hiztunek ere non-nahi egon behar zuten: dendari, tabernari zein irakasle lanak egiten, besteak beste. Holozinemarik ere ez daukagu… are gehiago, 3D telebista porrot komertzial izugarria izan da.
Trukean, espero ez genituen aurrerapauso handiak izan ditugu, noski: ordenagailuak han eta hemen, sakelako telefonoak, etengabeko konexioa interneti esker… xarma gutxiko kontuak, inondik inora, auto hegalari, propultsio motxila edo androide hiztunen aldean.
Baina txarrena ez da hori: inpresioa dut dagoeneko ez dugula lanik hartzen irudikatzeko nolakoa izango den teknologia 50 urte barru. Ez dago etorkizuneko teknologiaren halako irudi komun bat, garai bateko auto hegalari eta konputagailu hiztunen ordezkoa. Inguratzen gaituen teknologia hainbeste aldatzen da urtetik urtera, honezkero uko ekin baitiogu zer bide hartuko duen irudikatzeari. Edo, beharbada, batzuek diotenez, inguratzen gaituzten makinek irudimena murriztu digute. Edo okerrago dena: informazioaren teknologiak inposatu digun erritmoan, ez dugu astirik etorkizuna irudikatzen jartzeko. Eta pena da, kontuak kontu, etorkizunaren ikuspegi konpartitu okerra baino, batere ikuspegi konpartiturik ez izatea.
Ta? Zer da iraganeko etorkizunetikgehien faltan botatzen duzuena? http://t.co/H5zJkYmYms Nik laguntzaile androideak, zalantzarik gabe!
Ai, ene @joxe, pitxin! Zuk ere “faltan bota”? Disgustuak besterik ez! https://t.co/JIX4e29uky Bego zurekin Jobsen izpiritua!
@joxe Muy Interesante aldizkari zaharretan halako “makinatxo bat” (sic)…
Paleoetorkizuna arakatzia, ariketa entretenigarrixa http://t.co/o6kkYkSoJe
Eta zuk, zer botatzen duzu faltan iraganeko etorkizunetik? http://t.co/Yi8gJ8i1zI