Ez dakit gogoan izango duzuen, baina joan den maiatzean albiste kezkagarria etorri zen AEB aldetik: Verizon telefonia eta sare hornitzaileak abiadura bikoitzeko zerbitzua emateko aukera izatea eskatu zuen, eta epaileek arrazoia eman zioten. Horrela, ate bat irekitzen zen, internet hornitzaileek eduki paketeak eskaintzeko -gaur egun kable bidezko telebistek egiten duten bezala- eta edukien araberako prezio eta abiadurak eskaintzeko. Interneteko neutraltasunaren amaiera litzateke hori, orain arte ez bezala, norberaren konexioa edukien araberakoa izango litzatekeelako.
Estatu Batuetan horrelako gaiak arautzen dituen FCC batzordeak hilabete batzuk eman zizkion bere buruari erabaki bat hartzeko. Bi aukera zituen: internet konexioa ‘komunikazio zerbitzu’ gisa hartzea (hornitzaileek nahi zuten bezala), ala oinarrizko komunikazio gisa. Lehen aukerak eskubidea ematen die hornitzaileei nahi dituzten baldintzak ezartzeko. Bigarrenak, berriz, internet sarbidea oinarrizko zerbitzu bihurtzen du, argindarra edo ur hornidura bezalakoxea. Horrek estatuaren kontrol handiagoa dakar, eta zerbitzu unibertsala emateko derrigorra.
Bada, FCCk joan den asteko ostegunean egin zuen bozketa, hainbat hilabeteko eztabaida publiko eta pribatuaren ostean… eta internet konexioa ‘utility’ gisa hartzea erabaki du, hau da, oinarrizko zerbitzu gisa. Oso albiste ona da sarearen neutraltasunaren ikuspegitik, hornitzaileak azken urteotan haren kontra egiten ari diren kanpaina kontuan hartuta.
Erabakia ez da behin betikoa, eta AEBetako sare hornitzaileek epaitegietara joko dute FCCren erabakiaren kontra, baina aurrerapauso garrantzitsua da.
Europan ere, eztabaida puri-purian dago. Europako Parlamentuak sareko neutraltasunaren aldeko adierazpena onartu zuen 2014ko apirilean, baina Angela Merkel bezalako agintariak bi abiadurako sarearen alde agertu dira. Eta sare hornitzaileak, Telefonicako Cesar Alierta buru, behin eta berriz tematzen ari dira “sarea eurena dela” esaten, eta haien azpiegitura erabiltzen duten Google bezalako enpresek zerbitzu horren truke ordaindu beharko luketela.
Albiste onak sarearen neutraltasunaz | Teknopataren txokoa http://t.co/ek9cqcSXNp
RT @joxe: Albiste onak sarearen neutraltasunaz | Teknopataren txokoa http://t.co/ek9cqcSXNp
Albiste onak sarearen neutraltasunaz http://t.co/DEK7uu3uYK
RT @dabidmp: Albiste onak sarearen neutraltasunaz http://t.co/DEK7uu3uYK
Diozun moduan albiste oso ona da, horrela adierazten du adibidez EFF-ek (https://www.eff.org/deeplinks/2015/02/fcc-votes-net-neutrality-big-win) eta bai, agian topa egiteko moduko albistea da baina… gauza ez da hemen geratuko, etorriko dira gehiago. Adi ibili beharko gara.
Bide batez agian momentua da zer nolako Internet nahi dugun hausnartzen hasteko bai gurean zein globalki eta horren inguruan honek interesa pizten dit; http://www.alainet.org/active/80267
Zer deritzozue?
[…] Albiste onak sarearen neutraltasunaz (2015/03/02) […]