ApliakTeknopataren ajeak

Firefox OS probatu nahi?

Firefox OSen inguruko jakinmina baldin baduzu, orain zati batean behintzat asetzeko aukera eskaintzen dizu Firefox OS Simulator delakoak

Firefox OS simuladoreaAurreko batean esan nizuenez, urte interesgarria izan daiteke 2013 hau sakelako sistema eragileen munduan, batez ere Ubuntu mugikorrak eta Firefox OS-ek oso ekarpen interesgarriak egin dezaketelako.

Firefox OSek Mozillaren nabigatzaileak jarraitzen dituen printzipio berberei erantzunez pentsatuta dago, eta, zentzu horretan, arrakasta badu laguntza handia eman dezake sistema eta estandar irekiek bere horretan jarrai dezaten sakelakoen munduan ere. Horren inguruan oso gogoeta mamitsua argitaratu berri dute Librezale.org-ren blogean.

Baina arrakastatsua izateko, printzipioak printzipio, sistema ‘gustagarri’ suertatu behar zaio erabiltzaileari. Nik jakinmin handia daukat Firefox OSek eskainiko duen erabiltzaile esperientziaren inguruan. Zuk ere bai? Bueno, ba lasai: orain erraz samar probatu ahal duzu Firefox OSen simulazio bat zure ordenagailuan. (AH, eta bide batez, gogoratu datorren astean izango dela Informatikari Euskaldunen Biltzarra, eta mugikorrak izango direla nai nagusia!!!)

Eta onena da simuladorea ezin errazago instalatu ahal duzula. Bi osagai baino ez dituzu behar:

  • Firefox nabigatzailea bera, seguruenik lehenagotik ere izango duzuna ;-)
  • Firefox OS Simulator gehigarria. Bai, bai, ez al da zoragarria? Simuladorea nabigatzailearen gehigarri edo plug-in sinple bat da, klik pare batekin instalatua geratzen dena, konfiguraziorik eta horrelakorik gabe. Behin instalatuta, Firefoxen ‘Garapen tresnak’ menutik aktibatzen da eta, voilá, hortxe agertuko zaizu pantailatxoa, zure nabigadorearen barruan telefono txiki bat sartu izan bazenu bezala.

    Firefox OSera iristeko bidea
    Firefox OSera iristeko bidea

 

Ezarpen menua, argi eta funtzionala

Denetarik egin daiteke simuladorean: nabigatu, konfigurazioa ikusi, aplikazioak instalatu… izan ere, suposatzen da bere helburu nagusia aplikazio egileek beren produktuak probatu ahal izatea dela. Baina tira, begiluzeontzat ere aukera polita da sistema probatzeko telefono berririk erosi beharrik gabe.

Zer iruditu zaidan? Ba egia esan, atsegina izan da. Ez ditu Androidek eskaintzen dituen konfigurazio aukera guztiak eskaintzen, esaterako, baina uste dut erabiltzaile profil batzuek asko eskertuko dutela hori. Ematen du ‘harira’ joateko sistema dela, erraz erabiltzen ikastekoa edonorentzako modukoa. Beharbada hasierako bertsioaren gauzak izango dira, eta garatzen denean konplikatzen joango da, baina momentuz esango nuke bere sinpletasunak puntu asko eman ahal dizkiola smartphonearen funtzioak bai baina bizitza konplikatu nahi ez duten erabiltzaileen aurrean, esaterako.

Puntu txarra: espero nuen interfazea euskaraz ere egotea, baina simulazioan behintzat ez dut aurkitu (ikusi Julenen argipena iruzkinetan). Tira, pentsa dezagun simuladorearen mugak direla, eta ez sistema osoarenak, ezta?

Baina tira, honako kasuetan, beti bezala, onena zuk zeuk probatzea eta -nahi baduzu- zure inpresioak zeintzuk diren kontatzea. Adi-adi irakurriko ditut!

5 iruzkin
  • Bitacoras.com
    2013(e)ko maiatzak 4 at 10:12

    Información Bitacoras.com…

    Valora en Bitacoras.com: Aurreko batean esan nizuenez, urte interesgarria izan daiteke 2013 hau sakelako sistema eragileen munduan, batez ere Ubuntu mugikorrak eta Firefox OS-ek oso ekarpen interesgarriak egin dezaketelako. Firefox OSek Mozillaren na…..

    Reply
  • Julen Ruiz Aizpuru
    Julen Ruiz Aizpuru
    2013(e)ko maiatzak 4 at 12:17

    Aupa Joxe!

    Zure puntu txarrari kontra eginez: euskaraz badago, baina simulatzaileak hamar hizkuntza ditu soilik — deskargaren tamainari jarri beharreko mugak, antza, bestela ere nahiko potoloa baita (62MB inguru).

    Halere komunitatearen partetik elkarrizketak abian dira simulatzaileari hizkuntza guztiak gehitzeko eta epe labur/ertainean tresna hizkuntza gehiagotan erabilgarri egotea espero da.

    Reply
    • joxe
      2013(e)ko maiatzak 4 at 20:18

      Eskerrik asko bioi ekarpenengatik… banekien zalantzatik aterako ninduzula, Julen :-) Horrek esan nahi du beraz, Firefox OS daramaten telefonoak euskaraz jarri ahal izango direla hasieratik? Hala bada oso-oso-oso albiste ona zalantzarik gabe!

      Enfin, terminal bat lortu beharko lehen eskutik probatzeko. Geeksphonerenak agortuta omen daude!!! o.O

      Reply
  • Urtzi Odriozola
    Urtzi Odriozola
    2013(e)ko maiatzak 4 at 15:53

    Iepa Joxe!

    Ona artikulua!! Gustatu zait simulatzailea. Itxura oso ona dauka. Ea pixkanaka pixkanaka xehetasun gehiago ezagutzen ditugun.

    Julen, mila esker zure iruzkinagatik ere. Ea laister euskaraz ere proba dezakegun.

    Reply
  • makilakixki
    2013(e)ko maiatzak 4 at 23:14

    ñie, gehigarria ezin da Androiden instalatu. Sekulakoa litzateke mugikorrean bertan frogatu ahal izatea. Portzierto, jada Firefox OS sistemadun terminal askeak eros daitezke, nahiko prezio onean gainera:

    http://www.geeksphone.com/es/landing-page/

    Reply
  • joxe
    2013(e)ko maiatzak 5 at 00:42

    Bueno, eros litezke agortuta ez baleude, ezta? Tentatuta nago saiatzeko terminal bat ‘bytheface’ bidaltzeko eskatzen, analisi-videoreview-azterketa bat egin eta gero zoketa egiteko… baina ez dakit kasurik egingo didaten :P

    Reply
  • […] kaleratu zen. Euskarazko lehen bertsio ofiziala 1.0.3 izan zen, handik hiru urtera. 2013n, Mozillak Firefox OS aurkeztu zuen, Android eta iOSen alternatiba librea izan nahi zuen sistema eragile bat, gailu […]

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.