Egile eskubideez, internet hornitzaileen interesez, pirateoaz eta abarrez hainbeste hitz egiten ari den honetan, ahobete hortz utzi nauen albistea irakurri berri dut: lau diskoetxe multinazionalen artean 300.000 audio pista baino gehiago ‘pirateatu’ dituzte 80ko hamarkadatik gaur egun arte.
Halaxe aitortu omen dute Warner, Sony BMG, EMI eta Universal etxeek. 1980ko hamarkadatik hona, diskoetxe horiek etengabe aritu dira ‘errekopilatorioak’, hots, hainbat artistaren abesti bildumak argitaratzen, haietan agertzen diren kanten eskubideak nori dagozkion aztertu gabe. Azterketa hori ‘egitekoen zerrenda’ batean sartu dute lau multinazionalek… eta ia 30 urtez utzi dute egiteke.
Hori dela eta, Kanadako artista talde batek demanda kolektiboa aurkeztu du lau diskoetxe eta CRIAren (Kanadako SGAE) kontra, milaka abesti horiek legez kanpo erabili izanagatik. Egile eskubideen urratze bakoitzeko 20.000 dolar arteko isuna jaso lezakete diskoetxeek, eta beraz 6.000 milioi dolarrekoa izan daiteke balizko isuna, 4.067.000.000 euro baino gehiago.