Trepetak

100 egun Androidekin. Argiak eta ilunak.

100 egun Androidekin. Argiak eta ilunak. 7 - teknopata.eus

100 egun Androidekin. Argiak eta ilunak. 11 - teknopata.eus

Ehun egun bete dira gaur HTC Hero telefono Androiduna estreinatu nuenetik. Eta, beharbada, garai ona izan daiteke, politikariekin egiten den bezala, estreinaldiko urduritasunak itsutu gabeko balorazioa egiteko. Argi-ilunen ganorazko zerrendatxo bat egiteko denbora izan dut tarte honetan, eta tira, hemen jarriko dut. Batetik, uste dut horrelako telefono bat hartzea ala ez erabakitzen ari zaretenontzat erabilgarria izan daitekeela, eta bestetik, gustura irakurriko nituzke nirearen antzeko egoeran zaudetenon inpresioak, bat datozen ala ez jakiteko.

Argiak

  • Sistema erabat berria da, ez da aspaldiko sistema baten gaineko partxe bilduma. Zaila egiten zait detaile zehatzen zerrenda bat egitea, baina lehenengo momentutik ikusten da sistema beste filosofia batekin planteatuta dagoela. Hasieran asmoa nuen aurretik nuen HTC Cruise eta haren Windows Mobile 6.1ekin konparazio bat egiteko, baina ezin izan dut. Diferenteak dira. Erabat. Eta onerako!
  • Benetako web nabigatzailea. Oker ez banago, Herok dakarren web nabigatzailea Androiden estandarra da, interfazean ukitu batzuk eginda. Eta Androidena, halaber, WebKit delakoan oinarrituta dago. WebKit hori Konqueror nabigatzaileari hobekuntzak eginez sortu zuen Applek, Safari sortzeko. Lehen aldia da eskuko gailu batean ‘benetako’ nabigatzaile bat erabiltzen ari naizen inpresioa dudana. Bai, bai, badakit Appleren gailuetako nabigatzailea ere oso ona dela, baina ezin izan dut asko probatu.
  • Sare sozialen integrazioa. Herok dakarren HTC Sense interfaze propioak bere alde onak eta txarrak ditu. Onen artean, sare sozialen integrazioa nabarmenduko nuke. Telefonoa konfiguratzean, facebook, twitter eta flickr kontuak sartu ahal dira, eta telefonoan era ‘gardenean’ integratuta geratzen dira. Hala, kontaktuen zerrenda irekitzean, aplikazioak automatikoki har ditzake Facebooketik kontaktuen urtebetetze datak, eta haien azken ‘egoerak’ ere erakuts ditzake kontaktu informazioarekin batera. Irudi albuma zabaltzean, telefonokoa ala Flickr-ekoa aukera daiteke… Pentsatzen dut Palm Web OS-en ‘Synergy’ delakoan inspiratu direla horretarako, baina, berriz ere, ezin izan dut hurbiletik ikusi, beraz ezin ziurtatu…
  • Aplikazio piloa. Izugarria iruditzen zait zenbat aplikazio aurki daitekeen berez nahiko berria den sistema honetarako. Esango nuke ez dagoela ezer beste plataforma batean egin eta honetan egin ezin daitekeenik (tira, Bluetooth euskarri mugatuarekin zerikusia ez duen eze, behintzat!). Geolokalizazio eta ‘geosozializazio’ aplikazioek sekulako aukerak ematen dituzte eta uste dut oso bide interesgarria zabaltzen ari dela hortik. Ah! Eta errealitate areagotua!
  • Beti konektatuta… nahi izanez gero. Androidek etengabeko konexioa behar du zuku guztia ateratzeko. Baina HTC Sense-ren egileek kontuan hartu dute erabiltzaileak akaso isolatuta egn nahi izango duela tarteka, eta esku-eskura jarri dituzte konexio ezberdinak pizteko eta amatatzeko kontrolak (Wi-Fi, Bluetooth, datu mugikorrak, GPS). Eskertzen da deksonektatzea ere erraza izatea, batez ere telefono fakturak murrizteko! :)
  • Berehalako segurtasun kopia hodeian. PIM informazioa (kontaktuak, agenda…) automatikoki sinkronizatzen da Googlerekin (hau ere nahi izanez gero). Horrek esan nahi du, dena delakoagatik, telefonoa erabat ezabatu edota galduz gero, erraza dela gero oinarrizko informazioa berreskuratzea. Edota infomrazio hori ordenagailuan erabiltzea Googleren web zerbitzuen bidez. Alde iluna badu horrek, noksi, baina ilunen atalerako utziko dugu, ezta? ;)

Ilunak

  • Sistema eta plataforma sasi-libre txatxiguai. Barkatuko didazue honetan tematzea, baina orain lehen baino konbentzituago nago Androiden ustezko izaera librea horixe baino ez dela: ustezkoa, telefono honen inplementazioan behintzat.. Plataforma eta sistema beraren itxitasuna  lehen eskutik ikusi ahal izan dut:
    • Operadore jakin batzuekiko lotura itxia. Telefonoa jatorrizko operadoretik ‘askatuta’ ere, arazoak izaten dira beste batera pasatzeko. Esate baterako: Orangekoa zen HTC Hero bat Simyorekin erabiliz gero (horixe da nire kasua), Android Market-ek automatikoki ezkutatzen ditu DRM duten aplikazioak. Gauza bera sistemari ‘root’ baimenak emanez gero. Pirateria ekiditeko, ordaindu beharreko aplikazioak legez jaistea galarazten dute… ideia bitxia, nolabait esatearren. Konponbidea? Android Market engainatzeko ‘Market Enabler’ izeneko aplikazioa erabili… …edota nahi duzun aplikazioaren kopia piratak instalatzea.
    • Sistemaren hasierako buenrollismo librezalea itxurazkoa da beste ezer baino: hortxe ROM ofizialak hartu eta ‘tuneatzen’ zituen Cyanogen-ek izandako gorabeherak.
  • Hardware euskarri mugatua. Sistema berria izateak baditu bere ajeak, tartean Bluetooth euskarri mugatua, nolabait esatearren (diotenez, Android 2.0k arazo hauetako batzuk behintzat konponduko ditu):
    • OBEX artxibo trukea desgaituta dago defektuz, eta erabili ahal izateko hirugarrenen aplikazioak erabili behar dira derrigorrez, eta sisteman aldaketak eginda gainera.
    • Bluetooth bidezko periferikoak (teklatuak, esate baterako) ez dabiltza. And that sucks! Telefono honi falta zaion bakarra blogeatzeko edo dokumentu luzeak idazteko BT teklatu bat konektatu ahal izatea da!
    • Audio transmisioa / esku libreak funtzioa da funtzionatzen duen Bluetooth funtzio bakarra, eta erdipurdika dabil: kotxeko esku-libreko sistemak, esate baterako, sarritan galtzen du sinkronizazioa eta zerotik hasi beharra dago (hori ez zitzaidan gertatzen Windows Mobile zuen HTC Cruise-arekin). Audioa estereoan emititzen du Heroak, baina daturik ez. Windows Mobilerekin, entzuten ari nintzen MP3aren titulua agertzen zitzaidan kotxeko irratiaren pantailan. Honekin ez. Ez da arazo larria, badakit, baina bai atzerapausua.
  • Googlemenpekotasuna sustatzen du, erosoago egiten baitu informazio pertsonala Googlerekin sinkronizatzea norbere ordenagailuan offline gordetzea baino.

Dena den, aitortu behar dut espero nuena baino askoz ere gehiago gustatu zaidala Android (edo telefonoa, edo biak, ez dakit), eta hasieran nire helburua zen Palm Pre telefonoa hartzea erabat baztertu dudala hau pronbatu ostean (baina tira, hori gehiago da Palm-en demeritua Androiden meritua baino!). Telefonoa aldatzekotan bazabiltzate, zalantzarik gabe gomendatuko nizueke Android probatzea.

Eta zuek, zer diozue? ;)

3 iruzkin
  • makilakixki
    2009(e)ko azaroak 13 at 09:18

    Deperlas datorkit analisia. Izan ere gabonetan itzuliko dit timofonikak nire askatasuna, eta HTC Jadea motela, txikia eta astuna (moskis, paradoxa) egiten zait. Nire beharra aseko lituzkeen gailua android daraman bat litzateke, eta oraintxu arte Heroa zen onena. GeeksPhoneren berri duzu (http://blog.geeksphone.com/)? Android gailu askeak (telefono konpainiekiko loturarik gabeak) eta root defabrika gaitua dakartena sortzen dituen konpainia berria da. Teknopata batentzako kontutan izateko aukera serioa.
    Aio!

    Reply
  • agonirena
    2009(e)ko azaroak 13 at 16:23

    Bluetooth kontuak ez ditut probatu eta ez dut horren inguruan zer esaterik. Bi ekarpentxo egingo nizkioke zuk idatzitakoari:
    HTC Herok, HTCek garatuko sense interfazea dakar. Honek esan nahi du, Android bertsio berriak ateratzen direnean, HTCek, sense eguneratu behar duela Androiden eguneraketa aire bidez telefono guztietara helarazteko. Nik dudan HTC Hero-a, Androiden 1.5 bertsioarekin dabil. Norbaitek erabaki du Androiden 1.6 bertsiorako ez dela sense garatuko, beraz, Androiden 2.0 bertsioari itxaron beharko diot (tech-birgeria batzuk egin ezean).
    Norbaitek galdetu izan dit ia telefono hau edonorentzat den eta nik ezetz erantzun dut. Telefono uts bezala, askoz ere erabilerrazagoa da gama apaleko telefono bat, eta alde teknopatarik ez duena erraz desesperatuko da honekin.
    Esan dut.

    Reply
  • Joxe
    2009(e)ko azaroak 14 at 01:35

    makilakixki txit gorena (ez, hau ez da peloteoa kamiseta lortzeko!):
    Badut, bai, GeeksPhoneren berri, baina, ez dakit zer arrazoirengatik, hasiera-hasieratik okerreko bidetik sartu zaizkit, eta ez naiz haiekin larregi fido. Uste dut konpainiaren izen ezin kutreagoak zerikusia duela, baina ez nago ziur…
    agonirena jaun estimatua (txit gorena izateko, zeozer oparitu behar duzu zure blogean!!!): Ados %100ean diozunarekin, ez da edonori gomendatzeko moduko telefonoa. Gaur bertan lagun batek nire eskatu dit apur bat jolasteko eta segituan esan du "ya, pero yo a esto no le sacaría provecho". Pentsatzen jarrita, imaginatzen dut Hero eta beste terminal batzuen ‘itxitasun’ kontuak zerikusi gehiago duela beharbada HTCren politika komertzialarekin Androidekin berarekin baino… baina enfin, jarraitzen dut esaten ez zaidala iruditzen batzuek dioten bezain irekisisisisimoa! (Hala ere, oso-oso-oso pozik nago berarekin, hori ere aitortu behar dut!).
    Eskerrik asko bioi ekarpenengatik, benetan!

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.