…baina komunak ere bai. Halaxe erakusten du gaurkoan Edortak bidali didan beheko argazki horrek. Astelehenean Bilbon ibili nintzen lantxo batzuk egiten eta, harira ez datozen arrazoiengatik Bilbon dugun bulegora sartu ezinik geratu nintzenez, portatila hartu eta Kalderapekora jo nuen, kafetxo bat hartu eta sarean egin beharrekoak bertako Wi-Fia aprobetxatuz egitera.
Dekorazio berria du Kalderapekok, bide batez, eta txukun askoa! Tira, niretzat behintzat berria da, aspaldi da ez nintzela hara joaten. Lehengo kolore laranjak albo batera utzi eta zuri-beltzaren aldeko apustua egin dute orain, eta egia esan, polito geratu zaie. Argazki bat erakutsiko nizueke, baina -dena esan beharko- duten infrawebgunean lokalaren argazki bat bera ere ez dut topatu.
Tira, gauza da prentsa oharra idazten eta bidaltzen ari nintzen bitartean, estualdi bat izan nuela eta komunera joan nintzen. Bertan ere aldaketa estetiko nabarmenak daude (onerako, onerako), tartean horma erdia estaltzen duen arbela erraldoia, klarionak eta guzti. Tentazioari ezin eutsi eta, esku batean txilibitua eta bestean klariona, blog honen helbidea idatzi nuen arbelean (urduri jarri eta ez bainekien bestela zer idatzi).
Hara non, gaur AEK-ko mintzapraktika sailean dabilen Edortak e-mail bat bidali dit, eta bertan argazki hau:
Nire sinadura-edo eta, ondoan, Facebookeko komentarioa balitz moduan, erantzun bat: FRIKYS, sin el internet se vive mejor. (Kirtena izan behar da, gero, friky eta *el* internet horrela idazteko). Eta ilusioa egin dit, zer nahi duzue esatea. Filosofiko jarriz gero, gogoeta pare bat ere etorri zaizkit burura:
- Hemen dago sare sozialak internet baino askoz ere lehenagotik esistitzen zirelako proba argi eta garbia. Mezu trukeak, eskatu gabeko iritziak eta abarrak beti esistitu izan dira. Bereziki komunetan. Nork ez du inoiz ikusi komun publikoetan errotulkiz idatzitako mezu hari luuze horietako bat? Bat goraetaka, bestea vivaspañaka, patadaenlaboca, faxista zikinoi… eta bar? Are gehiago, unibertsitateko komunetako mezu hariak gogoratzen hasiz gero, interneten topa daitekeen aniztasun berbera ere aurki zitekeen han: mezu erotiko-festiboak, kontaktuak, eztabaida politikoak, marrazkiak… gaur egungo edozein forotako eduki berdin-berdinak, alegia!
- Hoyganismoa eta/edo troll-ak ere ez dira interneteko fenomenoak, hura baino lehenagokoak, eta paraleloak baizik. Hala iradokitzen dute “friky” eta “el internet” horiek. Eta hau idazten ari naizen bitartean Edortak bidali didan ‘eguneraketa’k: aurreko mezuari bronka bila doan baten erantzuna, hain zuzen ere.
Bistan denez, animalia sozialak gara, trolleatzeko behar konpultsiboa barruan daramagu… eta internet ez badugu eskura, metodo trazionalak ere erabil ditzakegu horretarako.
Hale, hor duzue, %100 dohainik, teknopata baten gaurko ekarpen antropologikoa :P