IFA delako teknologia azoka egiten ari dira Berlinen, eta hango berri irakurtzen, ezusteko pozgarri bat izan dut. Bertan aurkeztu diren berrikuntzen artean, UMMD 8010/F delakoa aurki daiteke, modan jarri diren netbook horietako beste bat. Egileek Ultra Mobile Media Device gisa definitu dute gatxet berria, multimedia gailu ultraeramangarri gisa, alegia, nahiz eta, egia esan, paperaren gainean behintzat aparteko ezaugarririk ez izan: 10 hazbeteko pantaila, kamara, 1.6Ghz-ko C7–M CPU, 80 Gigako disko gogorra, Giga bateko RAM memoria, WiFia eta Bluetooth aukeran. Netbooken artean nahiko ezaugarri estandarrak, beraz.
Baina, ezaugarriak ezaugarri, UMMD honek badu bere puntutxoa: izan ere, Commodore etxeak sortu du, 80ko hamarkadan, besteak beste, Amiga ordenagailuekin liluratu gintuen berberak (beno, edo haren jabe berriek). Ez dakigu AmigaOS sistema eragilearekin ibiliko ote den (momentuz Linux eta Windows XP darabilten bertsioak baino ez dituzte aurkeztu), baina seguru badela nostalgiko bat edo beste, garai zaharren omenez erosten duena (600 dolar inguru balio badu ere!).