Opari eta guzti nator gaurkoan. Teknopata izateak abantailarik ere izan behar du, ezta?!?
Batzuek behintzat izango duzue Harrapazank programaren berri. Bilboko Udalak antolatzen du, Kultur Kabiaren laguntza teknikoaz (hots: Udalak txin-txinak jartzen ditu, eta Kultur Kabiak gainontzekoa). Gazteak euskarara hurbiltzea da bere helburu nagusia, eta horretarako kontu bitxi samarrak antolatzen dira: lehengoan, adibidez, Skunfunk markako moda desfilea egin zuten Bilboko zenbait ikastetxeko ikasleek. Mihiluze moduko bat ere antolatzen da Kafe Antzokian… eta noski, kontzertuak ere ez dira falta.
Bada, bihar, apirilak 25, kontzertu horietako bat izango da, Bilborock aretoan,iluntzeko 20:00etan. Logela eta MAK taldeek joko dute. MAK (Musika Armatu Komandoa) rap taldea da, eta Iparraldetik etorriko da bere bigarren lana den Suaren Garai, Errauts Errekai diskoa aurkeztera.
Logela Multimedia, berriz, ezaguna da jadanik musika eta bideo-sorkuntzaren munduan egin dituen ekarpenengatik. Iaz kaleratu zuten Mokaua diskoa urteko aurkikuntza izan zen niretzat behintzat. Musika elektronikoa, urbanoa, euskaraz ein ohi den musikaren betiko moldeetatik nabarmen urruntzen dena. Diskoaren izen bereko ikuskizuna eskainiko dute bihar… eta hemen dator sorpresa…
Izan ere (ez galdetu nola), lagun birentzako bi sarrera oparitu dizkidate gaur bertan, baina ezin izango ditut aprobetxatu. Hemen zozketatzea erabaki dut, beraz, mezu honetan iruzkina uztera animatzen zaretenon artean.
Epe bat jartzearren, bihar (apirilak 25), 14:30etan begiratuko dugu iruzkinik dagoen, eta bi baino gehiago egonez gero, zozketa egingo dugu guztien artean. Hori bai, tramitea ahalik eta azkarrena izan dadin, gogoratu iruzkinetan balio duen posta elektroniko bat uztea, e?
Ale ba, zorte on guztioi, eta bihar arte!
OHARRA: Zalantzat zaudetenontzat, hemen utzi dizuet Mokaua diskoko Ardauaren Negarra kantako bideoklipa. Baietz gustatu!