Sailkatu gabe

Reality Distortion Field

Big BrotherRDF, edo Errealitatearen Distortsio Eremua, halaxe deitzen zaio  Appleren sortzaile eta burua den Steve Jobsek duen ahalmen bereziari (ez, ez da txantxa). Keynote edo aurkezpen publiko batean agertzen den bakoitzean, berezko erraztasuna dauka entzuleei, adiskideei zein arerioei sinestarazteko edozein aurrerapen (edo diseinu aldaketa) gurpilaren asmakuntza baino garrantzitsuagoa dela, eta mundua goitik eta behera eraldatuko duela. Honelako barrabaskeriak egiten dituen multinazional bat munduko enpresarik cool eta txatxiguayena dela ere sartu ahal digu buruan Steve Jobsek di-da batean.

Apple PowerPC prozesagailuekin lan egiten zuenean, Jobsek azalpen luuuze mamitsuak ematen zituen haien abantaila izugarrien inguruan eta, batez ere, Intel prozesagailuen ahalmen eta abiadura barregarrien inguruan. Megahertzioen mitoaren kontzeptua ere asmatu zuen: Intel prozesagailuen abiadura nominala askoz handiagoa zen PowerPCena baino, baina horrek ez zuen axola: Intelek zazpi Ghz eta PowerPCk bi izanda ere, berdin zion, PowerPCek Intelek baino askoz ere eragiketa gehiago egiten baitzituzten ziklo edo Hertzio bakoitzeko. Eta maczaleok, amen.

Megahertzioak soilik kontatzeak ez zuen balio lehen... ...orain  bai, e?Halako batean, Applek erabaki historikoa hartu, PowerPC baztertu eta Intel prozesagailuak erabiltzen hasi zen. Akabo Megahertzioen mitoa. Egun batetik bestera, barraskiloen moduan arrastaka zebiltzan Intel prozesagailuak munduko asmakuntzarik onena bihurtu ziren PowerPCak baino bost bider azkarragoak, eta Apple, jakina, haien zale amorratu. Eta maczaleok, zer erremedio, amen. 1984 irakurri duzue?

Bere ahalmen miragarriaren beste erakusgarri bat eman zigun Jobsek atzo bertan, MacWorld azokako aurkezpenean. MacBook Air portatil berria izan zen izarra:

  • bateria ezin zaio aldatu, Appleren zerbitzu tekniko batean ez bada
  • ez du disko optikorik
  • disko gogorra 80 Gbkoa baino ez du
  • USB ataka bakarra, bideo irteera eta kaskoetarako konektoreaz gain, ez du bestelako konexio fisikorik: ez FireWire, ez Ethernet
  • pantaila ere, begietan min ematen duten distiratsu gorrotagarri horietakoa du
  • prozesagailua motel samarra da gaur egungo estandarretarako

Baina, hori bai, mehe-mehea da Mac eramangarri berria, eta oso pisu txikia du. Prezioa, berriz, prozesagailu bikoitza, era guztietako sarrera-irteerak, bateria aldagarria eta disko optiko propioa duten MacBook Pro zaharren antzekoa. Haaaara! Hori berrikuntza! Mundu guztia txundituta.

Eta tira, neu ere ez naiz libratzen RDFaren eraginetik, e? Desiatzen nago orain arteko MacBooketan dagoeneko tokatzen den berrikuntza minimoa iragartzea aurreztuta ditudan lau sosak portatil berri bat erosten gastatzeko. Baina noizean behin halako ‘argiuneak’ izaten ditut, eta aluzinatu egiten dut Jobsen botereekin. Gaurko argiunea, bide batez, Joseba danbolinerokuak Twitterren utzi duen perlari zor diot. Hona RDFren adibide praktiko eta barregarria. Ingelesez dago, baina nahiko erraz ulertzen da:

4 iruzkin
  • Julen
    Julen
    2008(e)ko urtarrilak 17 at 09:03

    Megahertzen mitoari buruz ze esan: hala da, ezin dira erloju-zikloak besterik gabe konparatu arkitektura kontuan hartu gabe. Eragiketa bakoitzak hainbat urrats (ziklo) har ditzake, baina ziklo bakoitzean gauza gehiago edo gutxiago egin daitezke, unitate-funtzional ezberdinak erabili, … noski, hori guztia kontuan hartuta, ezin da onartu zikloak bere horretan konparatzea, errendimendua baita axola zaiguna.

    Reply
  • Julen
    2008(e)ko urtarrilak 17 at 10:38

    Nire tokaioak dioen modura prozesadorearen abiadura eta ordenagailuaren bizkortasuna ezin dira horren sinpleki ulertu. Baina nik beste aspektu bat nai nuke azpimarratu.

    Gauza hauek aztertzean beti uzten dugu alde batera “denboraren” dimentsioa. Hau da, era arrunt batean esanda, atzo balio zuenak ez dauka zergatik gaur berdin balio. Orain dela urte batzuk PowerPC-ak ematen zuen potentzia oso baliagarria zen Pentium-aren aldean baina orain bateria kontsumoak faktore garrantsitsua bihurtu dela: ordenagailu eramangarriak ez dira elite dirudun batentzako bakarrik eginak eta horregatik abiaduran bakarrik oinarritutako balorazioa “desfasatuta” geratu da.

    Beste adibide bat, Megapixelaren (mpx) mitoa famutua. Lehenengo argazki makina digitalak agertu zirenean neurri ona zen hauen kalitatea aztertzeko. Noski ez da berdina mpx. bateko edo hiruko argazkia baina, lau mpx. edo 7 mpx-ren artean aldea ez da horrenbestekoa eta beste gauza batzuk aztertzen ditugu (optika, LED pantailaren tamainua, etab.).

    Honekin ez dut Steve Jobs-en aurpegi atera nai, azkenean bere RFD famatuarekin beti kontsumismo basati horretara bultzatu nai gaitu. Egia esan, tipoa oso ona da lan horretan, baina onartu behar dugu batzutan pauso interesgarriak eman direla bere eskutik.

    Reply
  • joxe
    2008(e)ko urtarrilak 17 at 11:01

    Julen & Julen: ez dut zalantzan jartzen Megahertzioen mitoaren kontua. Harritzen nauena da Jobsek duen (itxuraz) berezko erraztasuna besteongan egundoko grina pizteko, egun batean gauza bat eta hurrengoan guztiz kontrakoa esanda bada ere.

    ‘Jarraitzaileen’ artean behintzat, muturreko emozio erabat irrazionalak sortzeko ahalmena du tipoak eta, bideoan ikusten denez, esajerazio puntuarekin bada ere, kasu egiten diotenen artean erabateko maitasuna edo gorroto mugagabea eragiten du Appleko buruak. Oso-oso gutxirengan sortzen du morroiak erdibideko sentimendurik. Hori ere RDFren misterio handien artean dago.

    Reply
  • Julen
    2008(e)ko urtarrilak 18 at 09:45

    Nire ustez horrelakoak historian zear egon dira, gauza da normalean politika bezalako munduetan mugitzen zirela. Karisma berezia dutenak. Orain pausu hori enpresa buruetara ere pasatu dela dirudi, Jobs kasu eta Internet-en zabalkundea medio bere “mezua” mundu osora heltzen da zuzenean.

    Bestetik kontuan hartuz zer nolako audientzari bidaltzen dion mezu hori; oso parte txiki batera, ia-ia “sekta”, oso fidelizatua. Eta azken alditik ona bere produktoak ez dira ordenagailuak bakarrik. MP3-ak, telefonoak, media-center modukoak…

    Steve Jobs XXI mendeko profeta bat dela esan dezakegu.

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.