Trepetak

Eman bat, eskuratu beste bat

Eman bat, eskuratu beste batGive one, get one. Lelo horrekin merkaturatuko da Estatu Batuetan XO ordenagailu eramangarria, azaroaren 12tik aurrera. 399 dolar ordainduta, OLPC ekimenak sortutako gailuaren ale bi erosteko aukera egongo da: bat etxean jasoko du erosleak, eta bestea hirugarren munduko ume batek. Zehazki, Kanbodia, Afganistan, Ruanda eta Haiti izango dira lehenengo kanpaina horretan lortzen diren ordenagailuak jasoko dituzten estatuak.

OLPC?


Haur batzuk XO berriarekin jo eta ke, Kanbodiako eskola bateanOLPC
ekimena (One Laptop Per Child, haur bakoitzeko portatil bat) 2005. urtean aurkeztu zuen telekomunikazioen gurua den Nicolas Negroponte estatubatuarrak. Ekimenaren helburua sinplea da: haur guztiek izan dezaten ahalik eta kalitaterik handienaz eta nahi beste ikasteko, komunikatzeko eta elkar eragiteko aukera. Horretarako, tresna bat proposatu zuen Negropontek: XO izenaz merkaturatuko den ordenagailu portatil berezia, batez here hirugarren munduko haurrengan pentsatuz diseinatutakoa. Ordenagailuari berari ere OLPC eta ‘100 dolarreko ordenagailu’ ere deitu izan zaio harez geroztik. Ekimenaren filosofia euren web orrian aurki daitekeen esaldi honetan laburbil daiteke: pentsatu zer nolako potentziala aska litekeen munduko ume guzti-guztiei ikasteko behar dituzten tresnak emanez gero, erreparatu gabe nor diren, non bizi diren edo zer gutxi daukaten.

Arazo handientzako, soluzio handiak

Diseinu bitxi samarra du portatilakHelburu horiek bete ahal izateko, oso makina berezia asmatu behar izan dute OLPC ekimeneko injeniariek:

  • argindar kontsumo txikikoa, entxuferik ez dagoen etxeetan ere erabili ahal izateko
  • merkea, baina era berean gogorra eta sendoa
  • entxuferik gabe errekarga daitekeena, motozerrek daramaten kordoiaren antzeko batekin
  • kontraste (eta erresoluzio) handiko pantailarein, eguzkiak bete-betean jotzen duenean ere erabili ahal izateko
  • umeentzako erakargarria (eta erabilgarria) suerta daitekeen diseinua, era berean ohiko ordenagailuen merkatutik kanpo uzten duena: kolore biziak, tekla txikiak…
  • umeentzako erabilerraza: beren-beregi sortutako interfazea
  • sare funtzio aurreratuak: ordenagailu bakoitzak bi wi-fi antena ditu, eta router gisa funtzionatzeko gauza da, piztuta zein amatatuta egon. Horrela, nahikoa da herri batean bakar batek interneteko sarbidea izatea, herriko ume guztiek ere izan dezaten

Emaitzak puntu bakar batean soilik egin du kale: azkenean, 100 dolarreko ordenagailua 200 dolarretan aterako da, oso prezio ona hala ere. OLPCkoen asmoa da gobernuei zuzenean saltzea, eskolatan bana ditzaten. Horretarako dirua lortzeko modu bat Estatu Batuetan egingo duten kanpaina hori da: denbora mugatu batean, estatubatuarrek 399 dolarretan erosi ahal izango dute haurrentzako ordenagailua, eta erositako unitate bakoitzeko, OLPCk beste bat bidaliko du goian aipatutako herrialde horietara. Europan ere egingo duten? Auskalo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.