Tximeleta kontuak


Nazka-nazka eginda nago tximeletekin. Benetan. Joan den udan ikusi nuen bat aspaldiko partez, lorez lore hegan, hegal zuri puntutxodunei izugarrizko dotoreziaz eraginez, eta pentsatu nuen oso gutxi ikusten direla gaur egun, eta beharbada horiek ere desagertzeko bidean egongo direla… eta pena handia eman zidan. Baina azken egunotan, nazka besterik ez didate ematen zorioneko tximeletak… ikusten dudan hurrengoa zapaldu eta txiki-txiki eginda utziko dut.

Tximeletaren astea asteartean hasi zen. Lanerako bidean nindoala, halako batean, autoak zarata arraro bat egin zidn, ufaka bezala hasi, eta indarrik gabe geratu zen… zorionez, nire ohiko kontzesionarioaren ondoan gertatu zen, etxetik irten eta kilometro erdi eskas batera. Astiro-astiro, gehienez ere 10 km/h-ko abiadura hartzen baitzuen nire intxaur oskoltxoak, errepidetik atera eta kontzesionarioko tailerrera eraman nuen. Kotxea bertan utzi, tailerreko arduradunari guztiaren berri eman, eta etxera bueltatu nintzen, traste guztiak besapean hartuta.

Arratsalde partean tailerretik deitu zidaten, autoa prest zegoela eta jasotzera pasatzeko. Halaxe egin nuen, eta, matxuraren inguruko informazioa eskatzean, teknikoak zer esango eta “se ha desprogramado la mariposa del aire”. K.O. teknikoa. “La mariposa del aire?” Ez trokola, ez carter, ez juntakulata. Tximeleta?!? Auto berri hauek gauza arraroak dituzte barruan, gero!

Zorionez (pentsatu nuen artean), Citroeneko komertzial batek oso ondo saldu zidan motorra duela hilabete batzuk, eta ia 500 euro ordaindu nituen autoaren garantia beste bi urtez luzatzeko. Total, konponketa debalde irten zitzaidan… Etxeraino oso ondo eraman ninduen, batere problemarik gabe.

Biharamun goizean, autoa hartu, (gainean 15 zentimetroko elur geruza zeramala) eta, bezperako arazo ber-ber-berbera izan nuen: bideko puntu berberean, zarata berbera, ufada berbera… eta buelta berbera tailer berberera. Bezperako arratsaldean tximeletarena entzutean geratu zitzaidan aurpegi berbera geratu zitzaion teknikariari berriro ikusi ninduenean: “berriro?”. Elur guztia makina batekin kendu, tailerrera sartu, eta hantxe ibili zen, motoreari eta tailerretan izaten dituzten diagnostikorako ordenagailu haietako bati begira eta begira. Hotzarekin ez dakit zer sensore ‘zoratu’ egin dela eta konponduta dagoela jadanik, eta lasai joateko Abadiñoraino.

Eta etorri ere, lasai etorri nintzen… bai eta gaur goizean berriro joan. Buelta ere normal hasi da… baina, halako batean, Euba inguruan… zaratatxoa… ufadatxoa… eta kotxea batere indarrik gabe berriro. Total, guztiz botata utzi gaituela kotxeak Galdakaoraino hurbildu behar nuen Arkaitz lankidea eta biok. Labur esateko… garabia etorri, Zorontzaraino hurbildu, autobus geltokia aurkitu eta etxera heldu orduko, hiru ordu luze joan dira. Eta txarrena da Citroenen bide-laguntzako telefonoan esan diatela kotxea jaso bai, baina ez zidatela ordainduko, nire garantia amaituta dagoelako aspaldi… …eta ordaindu nuen luzapena? Bihar pressing-catcha egin beharko kontzesionarioko jendearekin… (Eta nire kotxea eraman duen garabiarekin, inolako agiririk ez dit eman eta!)

Eta beno, etxera iristean beste tximeleta istorio beldurgarri bat izan dut… baina hori biharko utziko dugu, ezta?

osteguna - 2007(e)ko urtarrilak 25 · 22:11
| | | | |

Etiketak:
Technorati Cosmos Technorati Watchlist digg   furl   del.icio.us