Arrantzaleak eBay eta Paypal-en



Arrantzaleen amua
Askok pentsatuko duzue arrantzaleak kostaldean bizi direla, eta itsasoa dela haien bizibide nagusia. Tira, oraintsu arte horrela izan da, baina badirudi hori ere aldatzen ari dela. Arrantzale berriek sarea erabiltzen dute, bai, baina ez pelagikoa, eta ez dute zertan kosaldetik hurbil bizi. Arrainak jaso beharrean, internet erabiltzaileen datuak bildu eta haietatik ateratzen dute etekina.


Duela urte batzuetatik hona oso ohikoa da 'phising' deritzona. Funtsean oso gauza sinplea da: banka elektroniko erabiltzaileak enginatzen saiatzea bere erabiltzaile-izen eta pasahitzak eman ditzaten, eta behin datu horiek jasota, norberaren onerako eragiketak egiteko erabiltzea.

Birusekin gertatzen den bezalaxe, phising —edo arrantza—posta elektronikoaren bitartez egiten da batez ere. Arrantzaleek mezu masiboa bidaltzen dute, banku ezagun bateko segurtasun zerbitzuko kideak direla eta 'kontuak segurtasun arrazoiengatik eguneratu behar direla' esanez. Eguneraketa hori egiteko, normalean dagokion bankuaren benetako orrien itxura berbera (logoak, irduiak, letra tipoa...) daraman lotura jartzen dute mezuan, bertan klik egin eta segurtasun datuak sartzeko eskatuz. Gehienetan, eskaera baino, mehatxua da mezuan datorrena: eguneraketa egin ezean titularraren kontuak ezeztatu egingo direla, dirua galtzeko arriskua egon daitekeela, besteren bat gure izenean aritzeko aukera egon daitekeela...

Mezuan agertzen den orria, jakina, faltsua da, eta gure informazioa 'arrantzaleen' esku uzten du. Une horretatik aurrera, arrantzaleak biktimaren kontu elektronikoa nahi duen bezala erabil dezake: dirua sartu, atera, transferentziak eta erosketak egin... Ez da, ez, txantxetako kontua.

Azken bolada honetan, arrantza hori bankuen izenean ez ezik, sarean diru asko mugitzen duten enpresen izenean ere egiten hasi da. Azken asteotan eBay eta Paypal, enkanteak eta ordainketa elektronikoak sarearen bitartez egiteko enpresarik handienetako bezeroak (ni neu barne) izan gara arrantzaleon helburu. Hementxe duzue, adibidez, neuk jasotako mezua:

Arrantzaleen amua

Ingeles apur bat baldin badakizue, argi ikusiko duzue nolako taktikat erabiltzen dituzten 'amua' eraginkorragoa izateko: zure datuak sartu ezean ezingo duzu kontua erabili... zure segurtasunerako egiten dugu hau guztia.... Bidalzailearen helbidea ere faltsua da, benetan pentsa dezagun benetako entitateak bidalitako mezua dela.

Gutuna hemen daukagula aprobetxatuz, hona aholku eta pista erraz batzuk horrelako azpikeriatan ez jausteko:
• Kasurik ez ingelesez datozen mezuei. Peiokeria da, baina oso arraroa litzateke BBK, esaterako, bezeroei ingelesezko mezuak bidaltzen hastea. eBay eta Paypal-en kasuan ere, gogoratu aspalditik hasi direla bezeroekiko harremanak gazteleraz egiten.
• Bankuek ez dituzte gakoak eskatzen. Zure bankuak sekula ez dizkizu zure kodeak eskatuko. Ez ditu behar. behar izatekotan ere, bulegora joateko eskatuko lizuke.
• Banka edo ordainketa elektronikoko saio bat amaitzen duzunean, ez ahaztu saioa ixtea, orrian ikusiko duzun 'Amaitu', 'Itxi', 'Irten' edo antzeko ikurrari sakatuz.
• Zure identifikazioa eta pasahitza sartu aurretik egiaztatu honako puntu hauek:
⁃ Orriak http protokolo segurua erabiltzen duela. Hori jakiteko, begiratu orriaren helbidearen hasieran "https://" aurrizkia ikusten den. Gainera, zure nabigatzaileak ikur bat erakutsiko dizu orria segurua dela adierazteko (giltzarrapo bat izaten da ohikoena).
⁃ "https://" hasiera badu ere, baliteke bisitatzen ari zaren orria zure bankuarena ez izatea. Fijatu ondo ea helbidea zure bankuaren ohiko helbidea den. Ez fiatu, bereziki, helbide nagusitzat zenbaki bat (123.23.21.45, adibidez) duten orriekin!!!. Arazo hau ekiditeko, dena den, eremedio erraza dago: Sekula ez sartu banka elektronikoko orri batean beste orriren batean edo posta elektronikoan aurkitutako!! lotura baten bitartez!!! Horrelako helbideak ESKUZ sartu behar dira beti!
⁃ Tira, kontuz ibili lehorreko arrantzale hauekin, kontua ez baita txantxetakoa. begira bestela Herbeheretan zer gertatu den!

asteartea - 2005(e)ko urriak 11 · 21:05
| | | | |

Etiketak:
Technorati Cosmos Technorati Watchlist digg   furl   del.icio.us