ApliakNabarmenak

MacOS Catalinak zure aplikazioak ‘erahil’ litzake

Applek laster kaleratuko du Mac ordenagailuetarako sistemar eragilearen hurrengo bertsioa, macOS 10.15 'Catalina'. 32 biteko aplikazio zaharrek ez dute funtzionatuko sistema berriarekin.
mac os catalina 32 bit apps
MacOS Catalinak zure aplikazioak 'erahil' litzake 6 - teknopata.eus
Appleren aurkezpena Youtube bidez jarraitu ahal izango da zuzenean 19:00etatik 21:00etara (Euskal Herriko ordua)

Mac edo iOS erabiltzailea baldin bazara, honezkero jakingo duzu Applek bere aurkezpen horietako bat egin behar duela irailaren 10ean. Erabat argi ez badago ere, dirudienez iPhone berriak izango dira aurkezpen horretako protagonistak, baina oso litekeena da erloju eta ordenagailu modelo berrituren bat edo beste ere azaltzea eta, makinekin batera, haien sistema eragileen bertsio berriak, tartean macOS 10.15 Catalina.

Eguneraketa dohainik, baina…

Gauzak ondo bidean, zure Mac ordenagailua sistema berrira eguneratzea dohainik izango da. Eta, ni bezain kamikazea bazara behintzat, nekez eutsi ahal izango diozu tentazioari, sistema berria eskuragarri egon bezain pronto instalatzeko.

Baina oraingo honetan, hobe duzu ondo pentsatzea eguneratzeko botoiari eman baino lehen. Izan ere, oso litekeena da macOS Catalinaren arkitektura berriak zure aplikazio kuttunetako batzuk ezin exekutatzea.

Agur 32 biteko aplikazioei

macOSen azken bertsioekin baldin badiharduzu, seguruenik behin baino gehiagotan ikusiko zenuen honen moduko abisu bat zure pantailan:

32 biteko abisua macOS Mojaven
Orain arte, 32 biteko aplikazio bat irekitzean, honelako abisu bat ateratzen zen. “Aplikazio hau eguneratu beharra dago sistemaren hurrengo bertsioekin funtzionatu ahal izateko”.

Orain arte, abisu hori horixe baino ez da izan, abisu bat, jakinarazpena. Applek urteak ei daramatza macOSen oinarrizko arkitektura 32 bitetik 64ra pasatzen eta, orain arte, aplikazio bat ez zegoenean 64 bitetarako prestatua, goiko abisu hori irteten zen. Baina aplikazioak funtzionatzen jarraitzen zuen.

MacOS Catalinak zure aplikazioak 'erahil' litzake 9 - teknopata.eus
Orain berriz, hau da irakur dezakegun abisua: aplikazio hau eguneratu beharra dago, sistemaren bertsio HONEKIN funtzionatu ahal izateko. Eta txarrena: aplikazioa ez da irekiko :(
MacOS Catalinak zure aplikazioak 'erahil' litzake 11 - teknopata.eus
Adoberen CS6 bertsioko aplikazio guztiak, adibidez, horrelaxe agertzen dira Catalinan. Agur eta ohore!

macOS Catalinan, aitzitik, amaitu da 32 biteko aplikazio zaharrekiko egokitzapen aldia. 64 bitetan ez dauden aplikazioak ez dira irekiko, eta kitto. Hau da: orain arte egunero-egunero normaltasun guztiarekin erabili dituzun hainbat aplikazio ezin izango dituzu ireki macOS Catalina berrian, batez ere urtetxo batzuk dituztenak.

Nola jakin nire aplikazioetatik zeintzuk diren 32 bitekoak?

Beraz, zure sistema eguneratu aurretik, komeni zaizu begiratzea normalean erabiltzen dituzun aplikazioetatik zeintzuk diren 32 bitekoak, eta horiek eguneratzen saiatu, alternatibak bilatu edo, alternatibarik ezean, sistema berritzea merezi dizun ala ez erabakitzea.

Hemen dituzu zure 32 biteko aplikazioak aurkitzeko pausuak. Oso errazak dira!

  1. Joan Apple menura, eta han aukeratu ‘Acerca de este Mac’.
  2. Agertuko zaizun koadroan, sakatu ‘Informe del sistema’ botoiari.
  3. Irekiko den leiho berrian, bilatu ‘Software’ atala ezkerreko zutabean, eta haren azpian ‘Aplicaciones’
  4. Denboratxo baten ostean, zerrenda bat agertuko zaizu, Macean instalatutako aplikazio guztiekin. Zerrenda horretan, zutabeetako bat ’64 bits (Intel)’ da. Zutabe horretan “No” duten aplikazioak dira Catalinarekin moldatuko ez direnak. (Zerrenda guztia zutabe horren arabera ordenatu dezakezu, zutabearen izenean klik eginda)
32 biteko aplikazioen zerrenda
Niri ere zerrenda luze samarra atera zait, bai!

Eta zerrenda oso luzea bada?

Bueno, zerrenda oso luzea bada, esan bezala, hainbat aukera daukazu:

  1. Ireki banan-banan zaharkitutako aplikazioak, eta saiatu eguneraketak bilatzen (normalean Artxibo edo Laguntza menuan egoten da aukera hori). Kasu batzuetan arazorik gabe egingo duzu, beste kasu batzuetan garatzaileak ordaintzeko eskatuko dizu bertsio berriaren truke… eta beste batzuetan aplikazioa aspaldi desagertua egongo da eta ez duzu modurik izango bertsio berririk lortzeko.
  2. Berritu ez diren horien kasuan, saiatu gauza bera egiteko aplikazio alternatiboak bilatzen… edo pentsatu benetan aplikazio horiek erabiltzen dituzun oraindik, eta ezabatu hala ez bada. Aukera ona izan daiteke disko gogorrean garbiketatxo bat egiteko!
  3. Ondo neurtu sistema eguneratzea merezi dizun ala ez. Zure makina oso berria ez bada, edo emoria asko ez badauka, edo funtzio berriei ez badiezu aparteko atarramenturik atera behar, ba beharbada momentuz ondo zaude daukazun macOS bertsioarekin eta ez duzu batere beharrik bertsio berria instalatzeko.

Zeintzuk dira macOS Catalinaren ezaugarri berriak?

Azken erabaki horrekin laguntzeko, hona Catalinaren ezaugarri berri nagusienak:

  • Agur, iTunes. Multimedia kudeatzeko aplikazio klasikoa desagertzen da, eta haren ordez beste hiru datoz, bakoitza bere esparruan espezializatuta: Apple Music, Apple TV eta Apple Podcasts.
  • Sidecar. Beharbada berrikuntzarik ikusgarriena. iPad bat baldin baduzu, hura erabili ahalko duzu, haririk gabe, zure Macaren pantaila gehigarri gisa.
  • Ahozko kontrola. Posible izango da Mac osoa ahots bidezko aginduen bidez kontrolatzea… erdaraz, noski.
  • Find My. Appleren gailuak bilatzeko aukera, internetera konektatuta egon zein ez.
  • Erabilitako denbora. iPgone eta iPadetan bezala, orain Macean ere aukera izango da jakiteko zenbat denbora pasatu duzun ordenagailuan parean, zenbat aplikazio bakoitzarekin, eta abar.

Zer iritzi? Eguneratuko duzu zure Mac-a Catalina horretara? 32 biteko aplikazio asko galduko duzu bidean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.