KomunikazioaNabarmenak

Hedabideen eta sare sozialen harreman toxikoa. Publizitateko lehia.

Metak aitortu du 2024an 16.000 milioi euro egin zituela iruzurrezko iragarkietatik. Horrela oso erraza dauka betiko hedabideekin lehiatzea!
Hedabideen eta sare sozialen harreman toxikoa. Publizitateko lehia. 7 - teknopata.eus

Lehenengo eta behin: barkatu. Mastodonen jarraitzen banauzu, bidalketa hau errepikakorra egingo zaizu. Apur bat garatu eta posteridaderako gorde nahi dut lehengoan bota nuen hau, etengabeko jarioan galduta geratu ez dadin:

Hedabideen eta sare sozialen harreman toxikoa. Publizitateko lehia. 11 - teknopata.eus

Joxe Rojas 🥐

Gogoan duzue zenbat eztabaida, ahalegin eta denbora hedabideetako #publizitatea arautzen gehiegikeriak ekiditeko? Apustuak, prostituzioa, osasun produktuak, inbertsiokoak…

Bada, #Meta​k onartzen du 2024an HAMASEI BILIOI DOLAR fakturatu zituela, bere irabazien %10, #Facebook, #Instagram eta #Whatsapp bidezko iruzurrezko iragarkietan, denda eta inbertsio faltsuak, legez kanpoko kasinoak eta debekatutako botikak barne.

Baina egon beharra dago, e! #JendeGuztiaHorDago!

reuters.com/investigations/met

2025(e)ko Novemberk 6, 20:36 7 boosts 7 favorites

Gero eta argiago ikusten dut azken urteotan entziklopediako harreman toxikoa garatu dela hedabideen eta sare sozial komertzialen artean. Harreman toxiko hori oso kaltegarria da hedabideentzat, noski; baina, batez ere, gizartearentzat. Konturatu, gabe, pasatu gara agenda informatiboa eta iritzi publikoan eragiteko ahalmena forma, tamaina, iritzi eta kolore ezberdinetako hedabide anitzen esku egotetik (nahiz eta hor ere kontzentrazio prozesu erraldoiak gertatu diren), oligopolio sendo batera, non agenda eta iritzi publikoa Estatu Batuetako lau soziopatak (literalki) kontrolatzen duten. Zeren eta, hasieran pentsarazi zigutenaren kontra, sare sozialen hedapenak eta bilakaerak ez baitute ekarri informazioaren demokratizazioa, justu kontrakoa baizik: gizarteko kanal informatibo nagusiak lau enpresaren esku egotea.

Paradigma aldaketa, gainera, etorri da plataforma sozialak oso azkar garatu direlako batez ere arautu gabeko eremu batean. Apur bat ‘urrearen sukarra’ eta ‘far west’-eko pelikula haietan bezala. Tradizio amerikarrari jarraituz, komunikazioko enporio berriak eraiki dituzte batere legerik ez zegoen espazioa aprobetxatuz. Arautze falta hori oso modu trebean erabili dute sare sozialetako multinazionalek nahiko araututa dagoen zelai batean jokatzen duten hedabide tradizionalen aurka lehiatzeko, eta baldintza horietan erraza da partida irabaztea.

Metak 16.000 milioi dolar iruzurrezko iragarkietan

Honen oso adibide garbia etorri da asteon Reuters agentziaren eskutik. Oso ondo datorkit, bide batez, asteon Bartzelonara bainoa TOKIKOMeko zenbait lankiderekin batera Associació Catalana de Premsa Comarcal-eko lagunek gonbidatuta, justu harreman toxikoaren tema honetaz hitz egitera. Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak, Galizia eta Espainiar estatuko hainbat toki komunikabideren ordezkariekin batuko gara bertan, eta iruditzen zait plaza ona dela ideia hau barreiatzen laguntzeko. 20 minutu baino ez daukat, baina ea hazia ereinda behintzat utzi ahal dudan!

Gauza da Reutersek asteon argitaratu duen ikerlan berri baten arabera, Facebook, Instagram eta Whatsappen jabea den Metak 16.000 milioi dolar fakturatu zituela 2024an soilik iruzurrezko iragarkietan. Hau da: erabiltzailea engainatu eta hari kalte eginez propio diseinatutako iragarkien -edo produktuen iragarkien- salmentan. Besteak beste:

  • online denda faltsuak edo iruzurtiak
  • inbertsio eskaintza faltsuak edo iruzurtiak
  • legez kanpoko online kasino eta apustuak
  • debekatutako botikak eta terapia kaltegarriak

Kalkulu horiek ez dira Reuters agentziarenak, baizik eta agentziak Metatik eskuratu dituen barne dokumentuetan azaltzen direnak. Iragarki horiek ez dira ‘istripuz’ gertatzen, jakinaren gainean baizik, eta Metak berak estimatzen du bere aplikazioak bilakatu direla munduko iruzur-ekonomiaren oinarrizko zutabea, eta aplikazio horiek tartean direla “Estatu Batuetan arrakastaz burutzen diren iruzur guztien heren batean”.

Metaren dokumentu berberetan aitortzen da enpresak zaildu egiten diela bere langileei iruzurrezko iragarki horiek iragaztea. Barne prozeduren arabera, finantza iruzurrak sustatzen harrapatzen den ‘iragarle txiki bat’, adibidez, ezin da blokeatu “gutxienez zortzi aldiz harrapatu arte”. Iragarle handien kasuan, berriz, Metak askoz ere eskuzabalago jokatzen omen du, eta “500 abisu ere” jaso ditzakete blokeatzeko lehen mehatxuak iritsi orduko. Hori guztia, noski, Metari barrabaskeria hau eta beste hamaika uzten dion lege-zaintzaileen begiradapean.

Hedabide tradizionaletan, berriz, ezaguna egingo zaizue zer dagoen. Urteak dira publizitatean zer agertu daitekeen eta zer ez arautzen dela, eta debeku ugari daude -oso ondo jarriak, ojo- gizartearen eta guztion onuraren izenean: tabakoa, apustuak, prostituzioa, kontrolatu gabeko botikak, inbertsio produktuak… eroslearentzat kaltegarri izan litekeen edozerren publizitatea oso kontrolatua dago hedabideetan, lehiakide zuzenak dituzten sare sozialek erabateko inpunitateaz jokatzen duten bitartean.

Eta, berriz, ere, ai, jende guztia hor dago eta hor jarraitzen dute hedabideek, eragina eta negozioa lapurtu dieten sareak edukiz hornitzen, dohainik, gau eta egun, “egon beharra dago” mantra tristuraz kantatzen…

Iturriak: REUTERS (en) | ENGADGET (en)

Fedibertsoak dio…
Iruzkin 1
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.