AZKEN ORDUKOA!
Patrick Breyer eurodiputatu ohiak bere blogean konfirmatu duenez, herritarren presioari esker, Alemaniako gobernuak uko egin dio Chat Control ekimena babesteari, Europako Batzordean eztabaidatu dadin beharrezkoa den gehiengoa apurtuz. Badirudi momentuz libratu garela, baina adi jarraitu beharreko gaia da, interes politiko eta ekonomiko erraldoiak baitaude internet bidezko komunikazioen zaintza masiboaren atzetik.
Europako Batzordeak dio arazo bat dagoela umeen onlineko segurtasunarekin. Haur pornografia eta haurren manipulazioa (CSAM delakoa: umeen sexu-abusu materiala) antzemateko eta prebenitzeko tresna legalak behar dituela. Tira, horraino denok egon gintezke ados, gutxi gorabehera. Badago arazo txiki bat, ordea: Europak proposatu duen irtenbidea da tresna legal bat, bide emango liokeena europar guztion komunikazio elektroniko GUZTIAK monitorizatu eta aztertzeko. (Bueno, guzti-guztiak ez. Europako politikarienak salbuetsita geratzen dira, babes profesionala eta hori…). Araudi honen lanketa isil samarrean lantzen ari da, eta badirudi urriaren 14an mugarri bat izango dela, orduan eztabaidatuko baitu Europako Kontseiluak ekimenaren inguruan.
Proposamenaren nondik norakoak ikusita, urgentea eta beharrezkoa da haren kontra bultzatzea, ahal dugun neurri txiki horretan behintzat. Baina goazen atalez atal…
Chat Control 2.0: ezaugarriak
Urrian eztabaidatuko den Chat Control proposamena indarrean dagoen 1.0 bertsioaren hedapena da. Indarrean dagoen araudiak aukera ematen die zerbitzu digitalen hornitzaileei, haurren segurtasuna bermatzeko, erabiltzaileen arteko komunikazioak arakatzeko material susmagarriaren bila.

Isilean lantzen ari diren bigarren bertsioan, berriz, legeak derrigorra ezartzen du internet bidezko komunikazio guztien hornitzaileentzat: telefono deiak, bideo deiak, testuzko mezuak, mezularitza aplikazio guztietako mezu guztiak, posta elektronikoa, bideo-jokoetako chat elkarrizketak, zita aplikazioetakoak, baita ‘lainoan’ gordetako irudi, bideo, audio eta dokumentu guztiak… hori dena denbora errealean iragazteko betebeharra eta sakonago aztertzeko aukera legala emango luke legeak. Alegia: telefonora itsatsita bizi garen garaiotan, gure eguneroko komunikazioa agintarien zaintza etengabearen menpe jarri nahi dute.
Hau da: internet haurrentzako seguruagoa egiteko aitzakiarekin, guztiontzako espazio ez-segurua bilakatu nahi dute.
Akabo enkriptatzea
Proposamenak komunikazio enkriptatuei ere eragiten die, agintariek ‘atzeko ate bat’ nahi dute komunikazio seguruen enkriptatzea erraz saltatu eta horiek ere arakatu ahal izatea. Hau da: justu enkriptatzeak, definizioz, egiten duenaren kontrakoa. Bi bide aztertzen ari dira: Europan egiten diren enkriptatze guztiak saltatu ahal izateko bitarteko tekniko bat sortuz, edo bestela enkriptatzen den edukia enkriptatu aurretik aztertuz. Edonola ere, helburua argia da: edozein komunikazio elektronikotan hirugarren entzule bat egoteko aukera legez bermatzea.
“Adimen artifizialaren” paradisua
Chat Control delako hau martxan jarriz gero, pentsa zenbat milaka milioika komunikazio aztertu beharko diren egunero. Azterketa horiek, noski, “adimen artifizialeko” sistemek egin beharko dituzte, produktibitatearen eta eraginkortasunaren izenean. Milioika AA gau ta egun lanean, Europa osoan, herritar guztion komunikazio guztiak arakatzen. Pribatutasun kontuak albo batera utzita ere, pentsa zer dakarkeen horrek hardware, sare zabalera, argindar eta errefrigerazio kontsumoan. Nork bukatuko du ordaintzen horren guztiaren faktura? Nork pairatuko du gehiegizko kontsumo horrek beste eremu batzuetan ekarriko duen eskasia?
Proposamenak dio zerbitzu digitalak eskaintzen dituzten enpresak bermatu beharko dutela erabiltzaileon komunikazioak AA bidez aztertzen direla haur pornografiarekin lotuta egon daitekeen edukiaren bila. Material susmagarria topatuz gero, zerbitzu emaileak berak aztertu beharko du astiroago, edo Europako azterketa zentro batera bidali han begiratu dezaten. Zer irten daiteke txarto? Honezkero material ezagunaren gainean egindako bilaketa saiakeretan, positibo faltsuen ratioa %80-90 bitartekoa da.
Akabo pribatutasuna

Amesgaizto kontzeptuala da, edonondik begiratuta ere: Europako komunikazio elektroniko guztiak etengabeko zaintzapean, kontrolik gabeko ‘adimen artifizialak’ gure eguneroko mezu horiek aztertzen… …eta gordetzen, noski. Eta, ez dezagun ahaztu, mezuak aztertzera dedikatutako milaka funtzionario Europa osoan. Haietako zenbat dedikatuko dira aurkitutako materiala lankide eta lagunekin jijiji-jajaja partekatzera? Zenbatek ez dituzte euren negoziotxoak muntatuko material horrekin. Ez ahaztu ari garela era guztietako materialaz. Testuak bai, baina irudiak, bideoak, audioak… haurren segurtasuna ez den beste zenbat estolderia lanetarako erabiliko da sistema? Nola erabiliko dute Europako estatu eta gobernu ezberdinek?
Chat Control proposamenak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, baita Batasunak sinatutako oinarrizko hitzarmenak ere: Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna eta NBEren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, pribatutasun eta korrespondentzia pribaturako eskubideak aitortzen dituena. Datuak Babesteko Europako Agintaritzak gogor kritikatu du proposamena, eta NBEko Giza Eskubideen Komisarioak ere haren inguruko alerta argitaratu du.
Okerrena da Europako Batzordeak baduela eskubide urratzen horien berri: “proposamenak oinarrizko eskubideei eragiten die: pribatutasuna, datu pertsonalen babesa eta adierazpen eta informazio eskubideak kaltetzen ditu. Garrantzi handiko eskubideak badira ere, haietako bat ere ez da absolutua“.
Zer egin dezakezu?
Une honetan, Europako estatuetako bakoitza proposamenaren aurreko posizioa erabakitzen ari da, eta espero da urriaren 14an eztabaidatzea Europako Kontseiluan, ekimena martxan jarri ala ez erabakitzeko. Lerrok idazteko orduan, egoera kezkagarria da: Batasuneko 8 estatu daude proposamenaren kontra, 12 alde (tartean Espainia eta Frantzia), eta zazpik oraindik ez dute ezer erabaki.
Europa mailako Fight Chat Control ekimenean, proposatzen dute eurodiputatuei zuzenean idaztea, gai honekiko kezka adieraziz. Horretarako sistema erraz samarra jarri dute: zure estatua aukeratu, eurodiputatuak aukeratu, eta aurrez idatzitako testu bat proposatzen dute, zuzenean edo norberak tuneatuta bidaltzeko. Iruditzen zait merezi duela 10 minutu galtzea horretan. Hemendik has zaitezke zuzenean., nahi baduzu. Nik duela egun batzuk egin nuen, eta Berdeetako Vicent Marzáren erantzuna ere jaso dut! (Ez, euskal taldeetatik ez dut batere erantzunik jaso).
Eragiteko beste modu bat izan daiteke gai honetaz apur bat jantzi eta gizarteratzea: kontatu zure lagunei, aipatu zure sareetan… Oso ezkutuan eramaten ari da prozesua, arrazoi ebidente samarrengatik. Hemen informazio apur bat hasteko:
- Dabid Martinez handiaren azalpena etzi.pm agerkarian.
- Testu honen inspirazio gisa (ejem) balio izan duen Mulvad VPN zerbitzu suediarraren azalpena. Lanketa sakon samarra egin dute gaiaren inguruan, arrazoiak, akatsak eta ondorioak ere sakon aletuz.
- Fight Chat Control ekimenaren webgunea.
- Frantziako herritarra baldin bazara, onlineko sinadura bilketa honetan parte har dezakezu: stopchatcontrol.fr
- Patrick Breyer eurodiputatu eta Alderi Pirataren ordezkari ohia ere informazio mordoa du chatcontrol.eu webgunean, tartean, jarraibide eta informazio praktiko hauek.
- Chat Control proposamena bera.
- Proposamenaren inguruko artikulua Wikipedian.
Indarra egiteko beste moduren baten berri baldin baduzu, gustura jasoko nuke erantzunetan!
Goiburuko irudia cc-by-nc noyb.eu



@teknopata Bueno, ba ezustean, eta jendearen presioari™️ esker, Alemaniako gobernuak uko egin dio #ChatControl ekimena babesteari, eta momentuz ez da bozkatuko Europako Batzordean. Adi jarraitu beharreko tema da, interes politiko eta ekonomiko handiak daude interneteko zaintza indiskriminatuaren alde.
#albisteonak
https://www.patrick-breyer.de/en/citizen-protest-halts-chat-control-breyer-celebrates-major-victory-for-digital-privacy/
Remote Reply
Original Comment URL
Your Profile