BlogosferaKomunikazioa

Xra ‘itzuli’? Erotuta ere ez!

Lander Arretxeak dio beharbada Xra bueltatu beharra dagoela ultraeskuineko diskurtsoa orekatzeko. Nire uste urgentea da X eta beste sare komertzialak edukiz hustea.
Xra 'itzuli'? Erotuta ere ez! 7 - teknopata.eus

Sarrera honek esperimentutik ere badu. Blogaren fedibertsoko konexioa -ustez behintzat- konpondu ondoren, probatu nahi dut nola funtzionatzen duen fedibertsoko mezu bati blogetik zuzenean erantzuteko aukerak. Barkatu eragozpenak! :-)

@sustatu eko lagunek @larretxea ek (hau ere laguna!) Xn azaldutako kezka jaso dute. Beste behin ere barrenak mugitu dizkidan mezu batekin:

Xra 'itzuli'? Erotuta ere ez! 11 - teknopata.eus

Sustatu albisteak

Zerk hartu duen euskal eremua Twitterren (spoiler: ultraeskuina da) sustatu.eus/1759381389

2025(e)ko Octoberk 2, 07:05 4 boosts 2 favorites

Kexu da Lander, Muskek Twitter erosi zuenetik, bere oinordekoa den X ultraeskuindarrez josita dagoelako, eta eurek menderatzen dutelako hango diskurtso publikoa.Eztabaidetan “mezu xenobofoak eta transfoboak darabiltzaten kontu anonimoak” gailentzen direla dio Landerrek.

Konponbidea ere proposatu du, bi aukera hain zuzen ere:

  • Xn gertatzen diren eztabaidei zilegitasuna ukatzea
  • edo itzul daitezela EHko kazetariak, kulturgileak, iritzi-emaileak (eta oro har, aktualitatean interesa duen edonor) plaza honetara.

Gehitu du, bukatzeko: “Kontu anonimo mozorrotuek ez dute iritzi publikoa ordezkatzen. Eta alperrik da haiekin eztabaidatzea, atzean daudenak nor diren, eta zein asmorekin ari diren jakin gabe. Euskal udalekuena adibide bat da, baina ez bakarra. Ezin diegu agenda markatzen utzi”.

Landerren txio haria Xn

@iarantzabal eta @cartonve@tkm.eus ek erantzun diote ez daudela ados, eta ni ere bide beretik noa. Puntutxo batzuk baino ez ditut aipatuko, lehengoan komunikazioko adituen eta sare sozialen arteko harreman toxiko horretaz esan nuenaren osagarri.

Xn gertatzen diren eztabaidei zilegitasuna ukatzeaz

Ez dago zer ukatu. X ez da baleko eztabaidagune bat. Musk ultraeskuindarrak erosi zuen aspaldi, eta ahoan bilorik gabe azaldu du, ez behin eta ez birritan, norainokoa den bere seta bertan BERE eta BERAK BEZALA PENTSATZEN DUTENEN ahotsa haizatzeko. Hortik aurrera ez dago beste zer esanik. Mikrofonoak eta bozgorailuak trukatuta dauden eszenatoki bat da. X, definizioz, ez da eztabaida sano eta aberasgarriak izateko lekua. Bertan gertatzen diren eztabaidek ez ezik, plataformak berak ez du zilegitasunik. Kitto.

“Plaza honetara” itzultzea

Beste horrenbeste plaza kontzeptuarekin. Ez dezagun ahaztu X, izatekotan, klub pribatua dela. Sarrera dohainik eskaintzen duen diskoteka bat, baina musika aukeratzeko pribilegioa ordainpeko bazkideei soilik ematen diena. Bertako kontu anonimoek ez dute iritzi publikoa ordezkatzen, hori egia da, baina plataformak berak ere ez. Izatekotan, eta hori Muskek ere azaldu du hainbatetan aurpegiko kolorea aldatu gabe, iritzi publikoan eragiteko klub pribatu bat da. Plaza bat ez; zerbitzu pribatua baizik. Produktu pribatu bat, Coca-Cola edo McDonald’s bezalakoxea: ez dago bertan egoteko inolako obligaziorik. Are gehiago: bertan egoteak plataformak lotsarik gabe haizatzen dituen, eta Landerrek berak salatzen dituen balioak haizatzen laguntzen du.

Eta bestalde, ez dezagun ahaztu: X ez da Twitter. Jokaldi hori ere argi samar eta disimulurik gabe egin du Muskek. Moderazio sistemak desegin, kaleratutako ultraeskuineko eta desinformazio kontuak berriz onartu, ordainpeko sistema ezarri bezeroei ahots ozenagoa emateko, algoritmoak eraldatu Musken beraren ahotsa eta eragina biderkatzeko… eta izena aldatu. X ez baita Twitter, nahiz eta haren hondarren gainean eraikita dagoen. Ez dago nora “itzuli”. Ezagutu genuen Twitter hura jadanik ez da existitzen.

Hirugarren aukera: X eta beste sare komertzialak irrelebantziara kondenatzea

Horregatik, uste dut Landerri hirugarren aukera bat ahaztu zaiola aipatzen duen problemaren aurrean: X, eta hura bezalakoak edo okerragoak diren Facebook , Instagram, TikTok eta abarrak, hustu eta irrelebantziara kondenatzea. Ez erabiltzea ez bozgorailu bezala, ezta informazio iturri gisa ere. Kanal nagusitzat erabiltzen dituzten erakunde publikoei kontu hartu eta publikoki lotsagorritzea.

Berriz ere: ez dira baleko informazio kanalak. Propio diseinatuta daude morboa, haserrea, xextra piztu dezaketen mezuak haizatzeko. Lotsarik gabe ahalegintzen dira iritzi publikoan eta hauteskundeen emaitzetan eragiten, beti alde berdinerantz tiratuz, kasualitatez. Alde egin dezagun haietatik, geratu daitezela bertan transfobo, xenofobo eta abarrak euren artean elkar elikatzen eta ukatu diezaiegun ganorazko eduki printza minimoa. ‘Balantza orekatzeko’ asmorik onenarekin egiten diren ekarpen horiek dira gasolina ematen dietenak.

Lehengoan jakin genuen nola ibili den Meta bere erabiltzaileek igotako eskola umeen argazkiak erabiltzen gizonezkoak Threadsera erakartzeko amu sexualizatu gisa. Atzo bertan irakurri nuen beste hau, oso argi azalduz nola, hedabideentzat, aspaldi amaitu ziren sare sozial komertzialetan zerbait argitaratu eta bertatik irakurleak iristen ziren garaiak. Apur bat zikin eta korporatiboa eman dezake belarrira, baina ez bagara azkar oldartzen jendea ultraeskuinak kontrolatutako plataformetatik gure esku daudenetara ekartzeko, gureak egin du.

Nabarmendutako argazkia: SkyNews

Zer dio fedibertsoak?
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.