Egun gogorra izan omen zen atzokoa Telegram mezularitza aplikazioaren asmatzaile eta jabe Pavel Duroventzat. 41 urte bete zituen gizonak, eta bueno, ez zuen oso ondo hartu.
Ui, eta nolatan dakizu hori, Joxe? Bere laguna zara akaso?
Ez, noski. Sekula ez dut harreman zuzenik izan Durovekin. Are gehiago: oso gutxi axola dit zer egiten duen eta zer ez. Ez dit inolako interesik pizten. Ez dut haren emailik, ez telefono zenbakirik, ez dut bere bloga irakurtzen, ez bere newsletterrik ere. Baina hala ere, atzo, nahi ez banuen ere, kontatu dizuedan hori jakin nuen: 41 urte egin berri dituela eta ez dagoela pozik.
Izan ere, mezularitzarako Telegram aplikazioa erabiltzen dut. Ez, Durov ez daukat nire Telegrameko kontaktu edo taldeetan ere. Baina gizona amorratuta zebilen atzo, eta Telegram berea da. Eta 950 milioi erabiltzailetik gora ditu. Aukera paregabea berrogeietako krisialdia lau haizetara zabaltzeko. Eta hala, atzo, Telegram erabiltzaile askok -Durov gure kontaktuen artean izan zein ez- honako mezu hau ikusi genuen Telegramen, geure mezu eta taldeen zerrendaren gainetik.

Mezuan, Durovek dio, batetik, 41 urte bete dituela, eta bestetik, gure belaunaldia denborarik gabe geratzen ari dela ‘gure aitek(sic) eraiki zuten internet salbatzeko‘. Chat Control eta bestelako lege batzuk kontrol tresna bilakatzen ari direla askatasun eremu gisa sortu zen Internet. Neurri batean ados egon banaiteke ere, bizitzaren kasualitateak, bere salaketan hitzerdirik ere ez dio gure Pavelek teknologiako multinazionalek eta, bereziki, tekno-oligarka eroek kakazte horretan duten paperaz.
Mezuak oso egitate deserosoa utzi du agerian: Nork jaso du eta nork ez? Zergatik? Zergatik uste du Durovek eskubidea duela erabiltzaileoi eskatu gabeko mezuak bidaltzeko? Hori egin badezake, zer gehiago egin eta desegin dezake gure komunikazio pribatuekin?
Beldurgarriena, galdera horien guztien erantzuna: Durovek nahi duena egin eta desegin dezake Telegramen barruan, tresna berea delako. Bere jolas-parke pribatua da. Bertara jolastera gonbidatzen gaitu nahi duenean, baina arauak berak jarri, berak aldatu, eta berak kentzen ditu. Gogoratzen duzue 90etako Scattergories jokoaren iragarkia? Nire jostailua, nire arauak! Ba apur bat halaxe, Elon Muskek Xrekin bezala.
Ondo izorratuta gaude, lagunok. Esferikoki. Whatsappek eta halakoek doakotasunaren amua erabili zuten SMSetatik atera eta euren besoetara bota gintezen, eta orain, urteak pasata, haiekiko menpekotasuna erabatekoa da. Gure arteko komunikazio pertsonalak kontrol eta erregulazio publikorik gabeko eremu erabat pribatura jausten utzi ditugu. Lanak izango ditugu putzu horretatik ateratzeko.




