NabarmenakTeknopataren ajeak

Falta zena: telefonoa komunean erabiltzeak odoluzkiak eragin ditzake

Telefonoa komunera eramaten dugunean, konturatu gabe bertan pasatzen dugun denbora luzatu egiten dugu, eta horrek hemorroideak sortzea erraztu dezake.
https://foto.wuestenigel.com/man-sitting-on-the-toilet/

Azken urteak drama latza izaten ari dira txikitatik teknozale amorratuak izan garenontzat. Etengabeko kakaztearen ondorioz, garai batean dibertigarria eta, are, zirraragarria ere bazen aurrerapen teknologikoa eremu lau, aspergarri eta gorrotagarria ere bilakatzen ari da. Garapen teknologiko komertzialei arreta apur bat jarri diegunok, oso urte gutxian pasatu gara berrikuntzen inguruko jakin-minetik teknologia enpresa guztien barrabaskerien autodefentsara.

Azken kolpea mugikorrekin lotuta etorri da. Jakina da honezkero sakelakoen hardwareak eta softwareak ez diotela askorik laguntzen gure osasun fisiko eta mentalari: ikusmeneko gaitzak, lepokoak, antsietatea, kontzentratzeko zailtasuna, autoestimuarekin lotutako arazoak…

Eta hori dena gutxi balitz, Estatu Batuetako Public Library of Science erakundeak argitaratu berri duenez, smartphonea komunean erabiltzeak odoluzkien sorrera erraztu dezake.

Ikerketa 125 lagunen gainean egin dute, Bostonen (Estatu Batuak). Aprobetxatuz hesteetako minbizia prebenitzeko programa batean parte hartzen ari zirela, eta programa horren barruan kolonoskopia egin behar zutela, bide batez beste aldagai batzuk neurtu dituzte, besteak beste hemorroideen presentzia, eta adina, generoa, elikadura, eguneroko ohiturak eta beste elementu batzuekiko harremana.

Bada, 125 lagun horietatik 83k adierazi zuten ohitura dutela sakelakoa komunean erabiltzeko. “Batez ere albisteak begiratu eta sare sozialetan scroll egiteko”. Bada, datuei erreparatuta, 83 lagun horien artean %46 handiagoa zen odoluzkien presentzia, sakelakoa komunera eramaten ez dutenen artean baino. Gainera, hemorroideak agertzen hasteko adina ere aurreratu egiten da telefonoa komunera eramaten dutenen artean.

Azalpena erraza omen da: komuneko kazolan esertzen garenean, zoru pelbikoa euskarri fisikorik gabe geratzen da. Horrek presioa eragiten du heste lodiko zainetan, eta inflamazioa errazten du. “Zenbat eta luzaroago eseri komunean, orduan eta okerrago zuretzat” azaldu du PLOSek argitaratu duen ikerketaren egileak, Trisha Pasricha doktoreak. Hau da: mugikorrak berak ez ditu odoluzkiak eragiten, baina komunean denbora gehiago pasatzera bultzatzen gaitu, eta tronuan eserita pasatutako gehiegizko denbora hori omen da Pandoraren kutxa irekitzen duena.

Akabo, beraz, komunetik manager eta halako joerak. Komuneko eserialdiek ez lukete bost minutu baino gehiago iraun behar. Pasrichak dioenez: “magia ez bada gertatu lehen bost minutuen barruan, jada ez da gertatuko. Hartu atseden eta saiatu berriz geroago”.

Iturria: NBC News
Goiburuko argazkia: Man sitting on the toilet. Egilea: Marco Verch. Lizentzia: Creative Commons 2.0

Zer dio fedibertsoak?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.