ApliakNabarmenak

Albaniako gobernuak ministro kargua eman dio AA bati

Albaniako gobernuak "erosketa publikoen ministro" kargua eman dio urtarrilean sortu zuen Diella adimen artifizialari.
Albaniako gobernuak ministro kargua eman dio AA bati 7 - teknopata.eus

Karga propagandistiko handiko mugimendu batean, Albaniako lehen ministroak, Edi Ramak, “erosketa publikoen ministro” kargua eman dio 2025eko urtarriletik herritarrekiko arreta elektronikoko atariaren txatbota zen Diella adimen artifizialari.

Albaniako gobernuak ministro kargua eman dio AA bati 11 - teknopata.eus
Edi Rama, ministro berriaren inguruko azalpenak ematen irailaren 11an, Albaniako Alderdi Sozialistaren asanbladan

Albaniak Europako Batasunean sartzeko asmoa du, baina ustelkeria maila hain da handia, horretarako oztopo ere bilakatu den. Ramak iragarri duenez, aurrerantzean Albaniako administrazioak egiten dituen kontratazio publiko guztiek Diellaren azterketa pasako dute, eta makinak erabakiko du kontratazioak nola eta norekin egin, erabateko legezkotasun eta gardentasuna bermatzeko eta ustelkeriarekin betiko amaitzeko.

Izendapenak, gainera, keinua izan nahi du “aldaketen beldurrez bizi direnentzat”, eta gobernuak ustelkeriaren bukatzeko duen asmo argiaren erakusgarria.

Albaniako gobernuak ministro kargua eman dio AA bati 13 - teknopata.eus
Diella ‘e-Albania’ arreta zerbitzuko laguntzailea zen. Birjina katoliko baten itxura horrek ni ere jokoz kanpo utzi nau, bai.

Kontratu publikoen esleipena aspalditik da ustelkeria eskandaluen etengabeko iturri Albanian. Adituen arabera, Balkanetako herrialdea mundu osoan drogak eta armak trafikatuz dirua zuritu nahi duten banden bilgunea da, eta ustelkeria lau haizetara zabaldu da.

Izendapena iragartzeaz gain, Ramak ez du argitu ‘ministro’ berriaren eskumen zuzenak eta funtzionamendu teknikoa zeintzuk izango diren, ezta gizakien begiradapean jardungo duen ala ez. Xehetasun falta horrek askoren zalantzak piztu ditu. Ez dago argi AAren esku hartzeak benetan garbituko duen ustelkeria esleipen publikoetatik, ala kasuak gertatzen direnean makinaren hutsegiteen erruz izan dela esateko tresna bat izango den.

Jarraitu beharreko albistea, zalantzarik gabe. Beste behin ere: e > f, errealitateak fikzioa gainditzen du!

Fedibertsoak dio…
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.