NabarmenakZi-Fi

5 arrazoi Alien:Earth ikusteko

Alien:Earth telesailak onerako harritu nau, eta oso ondo asmatu du piztitzarren beldurrezko serie sinple batetik ihes egiten.
Alien:Earth telesailaren kartela

Bua, bukatu berri dut Alien:Earth telesailaren 6. atala, eta oso gogor gomendatu behar dizut!

Egia esan, honetan ezin naiz oso objektiboa izan, Alien saga guztiaren oso zalea naizelako. Baina telesaila baldintzarik gabeko zalearen begiradatik ikusita ere, asko harritu nau onerako, eta iruditu zait mimo handiz idatzi eta exekutatutako kalitatezko zientzia-fikzio gisa sailkatu daitekeela. Bost arrazoi bururatu zaizkit gutxienez.

Piztitzarrak

Aber, ez gaitezen engainatu: Alien da. Espero izatekoa da alimaleko piztitzarrak ikustea, beste horrenbesteko triskantzak egiten. Eta bai, halakoak ez dira falta. Baina betiko xenomorfoak, arrautzak eta aurpegi zurrupatzaileak ezagun samarrak dira honezkero, eta aspergarri geratuko lirateke euren betiko forman.

Hori saihesteko, espezie estralurtar berri batzuk sartu dituzte tartean. Xenomorfoek jarraitzen dute jaun ta jabe, baina telesailean zehar beste lauzpabost zomorro berri joango gara ezagutzen. Denak ere parasitoak, zein baino zein desatseginagoa, eta baten bat gure xenomorfo maitearekin lehian sartzeko gogoz gainera.

Hori bai, ez pentsa telesail gore bat ikusiko dugunik. Betiko alienen zein berrien protagonismoa oso ondo neurtuta dago, eta, izenburuak kontrakoa pentsatzera eraman badezake ere, piztiak ez dira telesaileko protagonistak, beste zeozer kontatzeko bitartekoa baizik.

Alien:Earth telesaileko ardia, aurpegi erdia odoloz beteta daukala.
Piztia berriak parasitoak dira, xenomorfoa bera bezalaxe, baina espezie bakoitzak bere perbertsio partikularrak ditu.

Kavalier=Muskerberg

Ipuin honetako gaiztoa Boy Kavalier da, alien ehizaren atzean dagoen Weyland-Yutani enpresaren lehiakide zuzena den Prodigy korporazioaren jabea. Mutil gaztea, ia-ia nerabea, nazkagarriro aberatsa, ezin kapritxosoagoa eta Peter Panekin obsesionatutakoa. Ortozik ibiltzen da hara-hona eta, fisikoki ere, Mark Zuckerberg eta Elon Musken tarteko puntu batean koka daiteke, bi horiek baino botere are gehiagorekin, hori bai. Telesaileko lehen minutuetan jatorra eta dena ematen du, baina berehala sortuko digu ikusiko ditugun piztietako edozeinek baino beldur eta hozkirri handiagoa.

Alien:Earth telesaileko Boy Kavalier pertsonaia, irribarre desatseginarekin, ortozik, eserita, oinak laneko mahai baten gainean dituela
‘Tech bro’-en tema maisuki sartu dute istorioan, Zuckerberg eta Musken semea izan litekeen Boy Kavalier pertsonaiaren bitartez.

Hori zure arreba da?

Piztiak eta nerabe apetatsuak ez ezik, Alien:Earth telesail honetan gizatasunaren inguruko galdera etengabe dago airean. Kapituluek aurrera egin ahala, ikusiko dugu nola dauden gizaki itxurako robotak (agur eta ohore pelikuletako Ash, Bishop, David eta konpainiari), gorputz atal zehatz batzuk zati mekanikoekin ordezkatu dituzten pertsonak, eta hezur-haragizko gorputza baino, gorputz %100 sintetikoa dutenak. Hiru kategoria haietan, zeintzuk jo daitezke gizakitzat? Zeintzuk ez? Horrelako progresio batean, zer momentutan galtzen da gizaki izaera?

5 arrazoi Alien:Earth ikusteko 8 - teknopata.eus
Gaixorik dagoen 12 urteko umemoko baten burmuina ahalmen infinituak dituen androide baten gorputzean sartuz gero… emaitza gizakia da?

Bostak

Alien:Earth honetan kontatzen diguten istorioa Alien lehen pelikulako gertaerak baino urte pare bat lehenago gertatzen da. Munduan dagoeneko ez dago aginte politikorik. Haren ordez, bost multinazional handik daukate haien artean banatuta. Handiena Weyland-Yutani da, sagako pelikula guztietan ikusi dugun berbera, baina Boy Kavalierren Prodigy izenekoak nagusitasuna kendu nahi dio, kosta ahala kosta. Enpresa horien arteko lehia, eta mundua nola tratatzen ari diren ere, oso presente daude istorio osoan.

5 arrazoi Alien:Earth ikusteko 10 - teknopata.eus
Ez dago gobernurik. Mundua bost korporazioren artean banatuta dago.

Koherentzia

Zaletu gisa harritu nauen kontu bat da zenbateko mimoa eta errespetua erakusten dioten, batez ere, Alien jatorrizko filmari. Ordenagailuen interfazea, espazio-ontzien barruko diseinua, pertsonaiak, giro orokorra… dena diseinatu (eta exekutatu) dute Alien filmetako lehenak ezarritako hizkuntza bisual berdinarekin. Sasoi berean errodatu izan balitz bezala. Koherentzia bisual eta narratibo hori asko eskertzen da, eta erabat laguntzen du istorioan murgiltzen, batez ere lehen filmen zaletuoi.

5 arrazoi Alien:Earth ikusteko 12 - teknopata.eus
Bosgarren kapituluan ematen du jatorrizko pellikula ikusten ari garela!

Benetan: ahal baduzu, ikusi telesail hau, orain ez bada aste batzuk barru, kapitulu guztiak eskuragarri daudenean. Berez, Disney+ plataforman dago, baina erraz topa daiteke bide alternatiboetatik. Hor behean trailerra, ea animatzen zaituen!

Fedibertsoak dio…
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.