Sarritan esaten da auto autonomoen auzian, arazo teknikoak ez ezik, legalak ere ez direla nolanahikoak. Alegia: auto autonomo batek istripu bat duenean, norena da errua? Gidariarena? Autoaren softwarea egin duen enpresarena? Pixkanaka-pixkanaka, kasu hori gero eta errealagoa bilakatzen ari da, eta gauzak itsusi jartzen ari dira euren ibilgailuen ‘autonomia’ aldarrikatzen duten enpresentzat.
2019an, George McGee estatubatuarra bere Tesla Model S autoan zihoan Key Largo, Floridan. Autoak ‘Autopilot’ izeneko funtzioa dauka, teorian berez gidatzeko ahalmena duena. Telefonoz ari zen, eta une batean eskuetatik jausi zitzaion. Autopiloten superbotereetan erabateko konfiantza jarrita, arreta kendu zion errepideari sakelakoa berreskuratzeko. Konturatu orduko, autoak bidegurutze bateko STOP seinalea saltatu, 97 km/h abiaduran, kontrola galdu eta bide bazterrean zegoen SUV bat jo zuen, haren atzean izarrei begira zeuden Naibel Benavides eta Dillon Angulo aurretik eramanez. Naibel, 22 urtekoa, talka izan zen lekutik 23 metrora aurkitu zuten eta handik oso gutxira hil zen. Dillon-ek, bere bikoteak, hezur hausturak, burmuineko traumatismoa eta ondorio psikologikoak jasan zituen.

Erru partekatua: 66/33
Joan den ostiralean, abuztuaren 1ean, Miamiko epaitegi batek erabaki du Teslak baduela istripuaren erantzukizunaren zati bat, %33 hain zuzen ere. 329 milioi dolarreko isuna jarri diote auto egileari: 129 milioi kalte-ordaina, eta beste 200 milioiko zigorra.
Marketineko gezurren ondorioak
Epaiketan zehar, argitara atera dira Elon Musken auto enpresak marketin argudio gisa erabilitako mezu faltsuen ondorioak. Gregor McGeek, gidariak, azaldu zuen konbentzituta zegoela Autopilot funtzioak autoa automatikoki frenatuko zuela oztoporen bat antzemanez gero. Aitzitik, bidegurutzera iristean, autoak azeleratu egin zuen, kontrola galdu, eta aparkatuta zegoen autoa jo.

Akusazioaren abokatuek azaldu dutenez, “Teslak autopistetan ibiltzeko diseinatu du Autopilot funtzioa, baina aldi berean, propio aukeratu du autopistetatik kanpoko erabilera ez mugatzea. Gainera Elon Muskek lau haizetara zabaldu du Autopilotek gizakiek baino hobeto gidatzen duela. Teslaren gezurrek oinarrian akatsez jositako teknologia bat probatzeko pista bilakatu ditu gure errepidea, Naibel Benavides eta Dillon Angulo bezalako herritar arruntak arriskuan jarriz“.
Anguloren beraren hitzetan “gurekin esperimentua egin zuten. Teknologia hori segurua izan aurretik merkaturatu zuten”. Istripua izan zuen autoaren gidariak, McGeek ere, behin baino gehiagotan azaldu zuen “uste osoa zuela Autopilotek babestu egingo zuela, eta automatiko frenatu talka ekiditeko”. Abokatuek salatu dute “Teslak desinformazio kanpaina bat garatu duela Autopiloten ahalmenak esajeratuz”.

Ebazpena Teslarentzako une kritikoan dator: azken hileotako salmenta jaitsierak ez ezik, Musken konpainiak robotaxi zerbitzua abiarazi zuen ekainean Texas estatuan, eta asteon bertan San Francisco hirian. Enpresaren aurreikuspenak ziren 2026rako milioi bat robotaxi izatea Estatu Batuetan, baina itxura guztien arabera Miamiko epaiak hankaz gora jar lezake ibilgailu autonomoen panorama. Besteak beste, aurrekaria ikusita antzeko istripuengatiko salaketak biderkatzea espero da.
Teslak, bere aldetik, errekurtsoa jartzeko asmoa du. Komunikatu batean azaldu duenez “epaia okerra da, eta autogintzako segurtasunaren garapena atzeratzeko eta Teslaren zein industria osoak bizitzak salbatzeko teknologia garatzen egindako ahaleginak arriskuan jartzeko besterik ez du balio”.




