Interneteko zerbitzu komertzialen kakazte prozesu osoak gurutzaldi-abiadura hartu du honezkero eta Big Banga bezala, egunero-egunero hedatzen doa, gue unibertsoa gero eta zabalagoa eginez. Kakaztearen abiadura eta hedapena hainbestekoak dira ezen itxaropen izpi txiki bat ere sortu baita: hedatzearen hedatzeaz, Bing Bang-etik Big Crunch-era pasatzea, egunetik egunerako uzkurtze masibo batera, alegia.
Ikusi zer pasatu den gaur bertan. Artxibo handiak internet bidez bidali eta jasotzeko erabiltzen den Wetransfer zerbitzu ezagunak aldaketa bat egin du bere erabilera baldintzetan. Aldaketaren zio nagusia zerbitzuaren erabiltzean, Wetransferri ematen zaizkion (bueno edo berak bereganatzen dituen) eskubideak, plataformara igotako eskubideen gainean. Edozein artxibo Wetransfer bidez partekatzean, aurrerantzean baimena ematen zaio enpresari artxibo hori erabiltzeko hainbat eta hainbat helburu eta modutan:
- Haien ‘adimen artifiziala’ elikatzeko
- Nahi erara ereproduzitu, hedatu eta eraldatzeko
- Bestelako edukiak sortzeko oinarri gisa erabiltzeko
- TB zein irratiz emititzeko
- Beste edozein modutan publikoan komunikatu eta erakusteko
Hau da, bertara igotzen den edukiarekin EDOZER egiteko baimena ematen zaio Wetransferri, baldintza berriak abuztuaren 8an indarrean sartzen diren momentutik, zerbitzua eskaini eta hobetu ahal izateko aitzakiarekin.

Pentsatzekoa denez, baldintza berrien iragarpenak tsunami txiki bat eragin du sare sozialetan, eta, logikoa den bezala, asko eta asko dira zerbitzu alternatiboak bilatzen eta gomendatzen hasi direnak.
‘Atzera egin dute’
Erreakzioak ikusita, Wetransfer azkar mugitu da, eta asteartean bertan iragarri du ‘atzera egin dutela’ baldintza horietan. Lasai egon gaitezkeela danok, eta txartu ulertu dugula. ‘Atzera egin’ ostean, honela utzi dute euren baldintzetako 6.3 puntu hori:

Hau da: testua laburrago utzi dute, eurentzat hartzen dituzten eskubideen puntukako azalpena moztuz, baina berdin-berdin mantendu dute eskubidea ematen zaiela ‘edukia konpensaziorik gabe erabiltzeko lizentzia’ zerbitzua operatzeko, garatzeko eta hobetzeko. Hau da: goizeko berdin-berdina, baina xehetasunetan sartu gabe.
Atera hortik eta ez begiratu atzera
Nire gomendioa? Wetransfer erabiltzeari ATOAN uztea. Ez erabili zuk zeuk artxiboak beste inori bidaltzeko, eta zuri artxiboak bidali behar dizkizutenean, ez onartu, edo gutxienez abisatu bestea, kontu honetaz. Kontuan eduki, berriz ere, bertatik partekatzen duzun edozer, edonola erabiltzeko baimena ematen zaiola zerbitzuaren jabeari.
Wetransfer alternatibak
Gainera, Wetransfer ez da artxibo handiak partekatzeko zerbitzua eskaintzen duen bakarra. Gurean, PuntuEus Fundazioak berak tori.eus zerbitzua eskaintzen du: etxekoa eta konfiantzakoa.

Dena delakoagatik, kapazitate handiagoa behar baduzu, swisstransfer.com ere proba dezakezu. Zerbitzua Europan kokatuta dago (Suitzan), eta pribatutasunean zentratutako Infomaniak enpresak eskaintzen du.

