Niri duela gutxi gertatu zait, eta seguruenik zuetako askori ere gertatuko zaizue lehenago ala geroago. Halako batean, telefonoa bateria kargatzeko arazoak ematen hasi da. USB-C kablea ez da ondo sartzen telefonoko atakan, eta, sartzen denean ere, pantailan errore mezuak agertzen dira: ‘karga ez da ondo egiten ari, mesedez, jo zerbitzu teknikora arazoak jarraitzen badu…’ eta antzeko mezu beldurgarriak.
Mezuak iradokitzen du litekeen adela zure telefonoko karga sisteman matxura fisiko bat egotea. Eta bai: kontuz ibili ezean, ez da zaila USB-C ataka fisikoki hondatu eta aldatu behar izatea… eta hala bada, prestatu poltsikoa zeren -gurtu dezagun denok zaharkitze programatua- garestiagoa izan liteke konpontzea, telefono berria erostea baino.
Baina itxaron! Bada esperantza izpi bat! Zure sintomak baldin badira:
- Bateria kargatzeko zailtasunak
- Behin karga hasita, kargatzen jarraitzeko zailtasunak, kablea berez askatuko balitz bezala
- Kablearen USB-C terminala telefonoko USB-C atakan guztiz sartzeko eta-edo bertan sartuta geratzeko zailtasunak
Orduan, ez larritu. Lepoa egingo nuke zure arazoa ez dela matxura serio bat, baizik eta ingelesez PTB4 Syndrome deritzona. Phone Txilborring Bilbao Bizkaia Be Basque, hain zuzen ere.
Phone Txilborring Bilbao Bizkaia Be Basque
Izan ere, telefonoen USB-C atakak, zilborrak, eta espazioko zulo beltzak familia bereko grabitazio anomaliak dira. Haietan, grabitazio indarra hain da handia non ezerk ezin baitu ihes egin, ezta argiak ere. Telefonoen eta zilborren kasuan, horrek esan nahi du zulotxoak ahalmen mugagabea duela era guztietako hautsa, ileak, area, ogi papurrak eta bestelako zikinkeriak pilatzeko.

Gainera, telefonoa poltsikoan eraman ohi baduzu, goiko guztiari praketako oihal zuntzak ere gehitu behar dizkiozu. Denborarekin, hauts pilaketak USB konektorea sartzeko zirrikitua oztopatu edo guztiz bete dezake, eta une horretan hasiko dira kargatzeko arazoak. Gainera, telefonogileak ez dira tontoak, eta haien gailuak programatuta dauzkate halako arazoak antzematen hasi orduko telefono berria erosteko ordua dela iradokitzen duten mezuak erakusten hasteko.
Nola garbitu USB-C ataka jostorratz bat erabiliz
Baina ez larritu, zure arazoa zikinkeria baino ez bada, erraz konpondu ahalko duzu jostorratz ahalik eta meheena eta pazientzia apur bat erabiliz. Zorte apur batekin, 15 bat minututan konponduta izango duzu arazoa, gratis et amore!
Kontuz! Prozedura hau arriskutsua izan daiteke eta zure telefonoari hardware kalte handiak eragin diezazkioke kontu apur batekin egin ezean. Informazio hau laguntzeko asmoz partekatu dut hemen. Prozedura jarraitzean sortu litezkeen kalteen erantzule bakarra pausuak jarraitzen dituena da.
Hona jarraitu beharreko pausuak. Sinpleak dira baina kontu handiz eta errespetu apur batekin jarraitu behar dira, telefonoari kalte fisikorik ez eragiteko.
1.- Itzali telefonoa. OSO GARRANTZITSUA. Telefonoak itzalita egon behar du garbiketarekin hasi aurretik. Itzali gabe garbitzen saiatuz gero, litekeena da zirkuitulaburrak eragin eta osagai elektronikoak ‘frijitzea’.
2.- Bilatu etzean duzun jostorratzik meheena. Zotz mehe batek ere balio lezake, baina egurrezkoa baldin bada, atakaren barruan apurtu liteke, eta okerragoa litzateke erremedioa arazoa bera baino. Plastiko zotz mehe-mehe bat ere izan liteke, edo eskuila milimetriko bat, hortzen artean garbitzeko erabiltzen diren horietakoa.
3.- Egiaztatu berriz telefonoa amatuta dagoela eta, hala bada, sartu orratza USB-C atakan. Suabe-suabe, kontu handiz eta indar askorik egin gabe. Ideia da orratzaren puntarekin atakaren fondoan pilatuta egongo den zikinkeria pixkana-pixkanaka kanporatzen joan eta ateratzea. Fondoraino sartu eta kanporantz bultzatu hautsa eta abarrak.

4.- USB atakaren buelta osoan egin garbiketa, eta kontuz ibili erdiko piezaren kontra indar larregi ez egiteko, bertan baitaude USB seinalea garraiatzen duten metalezko xaflatxoak.
5.- Ondo garbitu atakaren kanpoaldea. Idealena: mikfrofibrazko oihaltxo bat busti alkohol ispropilikoan, eta, behin garbitzen jarrita, telefonoaren azalera osoa garbitu.
6.- Konektatu telefonoa kargadorera eta ea zer moduz doan. Nire kasuan hobekuntza berehalakoa izan da, eta zerbitzu teknikora egin beharrezko bisita aurreztu dut! Arazoak konpontzen ez badira, orduan litekeena da zure USBak arazo larriagoren bat izatea. Animo!
Eta? Zu ere izan zara Txilborring fenomenoaren biktima? Probatu duzu metodo hau edo besteren bat? Kontatu erantzunetan, hemen behean edo Mastodon bidez! :-)


