
Alemaniako Heise Media taldeak informatika, teknologia, argazkilaritza eta brikolaje aldizkariak argitaratzen ditu. TOKIKOMek bezala, Heise Taldeak ere bere Mastodon instantzia propioa sortu du, bere hedabide eta kazetarien kontuak bertan ostatatzeko. Erredaktore burua, Martin Holland, teknologia aditua eta fedibertsolari amorratua da.
Besteak beste, Martin fedibertsoan erregistratu eta egiaztatutako hedabideen errolda moduko bat egiten ari da. Noizean behin, estatistikak argitaratzen ditu automatikoki, hau bezalako mezuekin:
Jakinminez, erroldaren taula osoa argitaratuta dagoen webgunera jo dut, apur bat kuxkuxeatzera, eta datu harrigarri bezain pozgarriak topatu ditu bertan. Grafikoen orrialdean ikusten dira argiago.
Euskaraz 44 kontu, gazteleraz 6
Lehen datu harrigarria euskarazko hedabideen fedibertsoko kontu egiaztatuen kopurua da: 44 dauzkagu guztira, TOKIKOMeko guztiak, Berria eta Argia barne. Bitartean, frantsesez 32 eta gazteleraz 6 baino ez daude. Superpotentzia emozionala ez ezik, fedibertsoko superpotentzia ere bagara! Pentsa katalanez bi baino ez daude!
Kontua hain da nabarmena, ezen euskara hirugarren hizkuntza baita fedibertsoan egiaztatutako hedabide kopuruari daogkionez, ingelesaren eta alemanaren ondotik.
Hori gutxi balitz, instantziei erreparatuz gero ere beste datu harrogarri batekin egingo dugu topo. Egiaztatutako hedabide horiek erabiltzen dituzten instantzien sailkapenari begiratuz gero, TOKIKOMek sortutako tkm.eus laugarrena da mundu mailan, hedabideetan espezializatutako flipboard.social, mastodon.social eta Metaren threads.net-en ondoren.
Mastodonen, %10
Eta amaitzeko fedibertsora batutako zerbitzuak kontuan hartuta, Mastodonen 409 hedabide-kontu egiaztatu daude, eta haietatik, 44 euskaraz. Mundu guztikoen %10!
Badakit, badakit, errolda artesanal samarra da eta datuak oso distortsionatuta egon daitezke, bai. Baina ez esan ez direla pozteko modukoak!


