Zarata gutxi egin dute honekin, baina egunotan oso albiste ona gertatu da Mastodon zein fedibertso osoarentzat. Ekainaren 18an, Nazio Batuen Erakundeak ospatzen duen ‘kode irekiko astearen’ barruan, iragarri dute Mastodon ‘Digital Public Goods’ bildumara gehitu dutela. Ondare publiko digitalera, nolabait esateko. Wikipedia bera edo LibreOffice bezalako baliabideak dauden zerrendara.
Ondare Publiko Digital aitortza hori ‘Digital Public Goods Alliance’ delako erakunde batek egiten du. Mundu mailako makina bat eragilek osatzen dute aliantza: gobernuek, Nazio Batuen Erakundea bera bezalako lankidetza agentziek, mundu akademikoko erakundeek, GKEek, enpresa pribatuek…
Erakundearen xedea da Garapen Jasangarriko Helburuak betetzen erraztea, ondare publiko digitalak antzematea, garatzea, erabiltzea eta haietan inbertitzea sustatuz.
Aliantzaren arabera, Mastodon lagungarria da Garapen Jasangarriko helburuak hauek betetzeko:
- 9.- Industria, berrikuntza eta azpiegitura
- 16.- Bakea, justizia eta erakunde sendoak
- 17.- Helburuak betetzeko aliantzak
Pausu txikia eman lezake, eta aitortzaren jatorriak ere zalantza batzuk piztu ditzake zalantzarik gabe, baina iruditzen zait oso albiste ona dela sare sozial tradizionalen balioa zalantzan jartzen ari den bitartean, Mastodonek, eta hedapenaz, fedibertsoak, halako onura publikoko aitortza ofizial bat jasotzea. Besteak beste, onura publiko digital izendapenak ziurtatzen du Mastodon estandar zurrun batzuen arabera garatzen dela, zerbitzu publiko, ireki eta segurua emateko.
Zorionak eta mila esker hau posible egiten duten guztiei!

