Blogosfera

Europako administrazio publikoak, software libreari begira

Alemaniako eta Danimarkako erakunde publikoak Microsoft baztertzen ari dira datuen babesa indartu eta burujabetza digitala bermatzeko
Europako administrazio publikoak, software libreari begira 7 - teknopata.eus

Azkenean eskerrak eman beharko dizkiogu Trumpi, ikusiko duzue. Elon Musk ahoberoak ‘sare sozial’ komertzial bat zer den ezin argiago utzi duen bezala, bere adiskidetsai laranjak ere argi and garbi utzi du noraino den arriskutsua estatu baten, are, kontinente oso baten informazio eta komunikazio azpiegitura beste estatu baten menpeko enpresa baten esku lagatzea. Galdetu bestela Nazioarteko Auzitegi Kriminalean: Gazako sarraskiekin lotuta, Karim Khan fiskal nagusiak Israelgo presidente Benjamin Netanyahu eta defentsa ministro ohi Yoav Gallant atxilotzeko agindua eman zuen. Neurria ez zitzaion batere gustatu Trumpi, eta Auzitegiaren aurkako isun eta blokeoak agindu zituen, tartean Microsoftek ematen zion posta elektronikoarena. Oraindik orain, ez fiskal nagusiak, ez auzitegiko goi kargu askok, ez dute modurik euren posta mezuetara sartzeko.

Europako administrazio publikoak, software libreari begira 11 - teknopata.eus
Schleswig-Holstein estatua, Alemaniako iparraldean. (Klik WIkipedian ikusteko)https://eu.wikipedia.org/wiki/Schleswig-Holstein

Gauzak horrela, Alemaniako Schleswig-Holstein estatuak asteon iragarri du Microsofti bizkarra eman eta software libreko soluzioak erabiltzen hasiko dela. Neurri horrekin datuen gaineko kontrola berreskuratu eta burujabetza digitala ziurtatu nahi dutela azaldu du Schleswig-Holsteineko digitalizazio ministroak, Dirk Schroedter-ek.

Aldaketa plana iaz hasi zen berez, eta Alemaniako estatu horrek dituen 60.000 funtzionarioen erdiari eragiten dio jadanik. Lehen fasean, ofimatika softwarea aldatzen ari dira, eta Word eta Excel baztertu dituzte, LibreOffice erabiltzeko. Gainera, posta elektronikoa eta egutegiak kudeatzeko Open-Xchange sistema erabiltzen hasi dira, Outlooken ordez.

Hurrengo pausua sistema eragile osoak ordezkatzea izango da, Windowsi agur esan eta GNU Linux erabiliz haren ordez.

Dirk Schroedter, Alemaniako Schleswig-Holstein estatuko digitalizazio ministroa. Argazkia © Frank Peter
Dirk Schroedter, Alemaniako Schleswig-Holstein estatuko digitalizazio ministroa. © Frank Peter

“Azken hilabeteotako aldaketa geopolitikoek hartu dugun bidearekiko interesa piztu dute, azaldu du Schroedter ministroak, eta gehitu du aholku eskeak jaso dituela mundu osoko beste hainbat estatutik. “Ukrainako gerrak agerian utzi zituen gure energia menpekotasuna, eta orain oso argi ikusten ari gara menpekotasun digital handia ere badugula. Schleswig-Holstein-eko gobernuaren epe laburreko planetan datuen biltegiratzea Microsoften kontroletik kanpo dagoen azpiegituraren batera pasatzea ere badago. “Datuak gordetzeko jabetza publikoko azpiegitura alemana nahi dugu, Estatu Batuetako korporazio bat baino”, azaldu du digitalizazio ministroak, eta gehitu du: “Estatu gisa, erantzukizun eskerga daukagu gure herritar eta enpresekiko, euren datuak gurekin seguru daudela ziurtatzeko. Erabiltzen ditugun soluzio informatikoen kontrola gure esku dagoela ziurtatu behar dugu, eta modu independentean jardun dezakegula bermatu”.

Caroline Stage Olsen, Danimarkako Digitalizazio MInistroa
Caroline Stage Olsen, Danimarkako Digitalizazio MInistroa

Danimarkan ere bai

Danimarkako gobernuak ere antzeko bideari ekin dio. Caroline Stage Olsen Digitalizazio Ministroak iragarri du Windows eta Office erabiltzeari utziko diotela. Alemaniako kasuan bezala, helburua datuen eta zerbitzuen kontrola berreskuratzea da.

Nabarmendutako irudia: Graham Culey

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.