Hedabide konbentzionalak harreman toxiko baten biktima kolpatuak dira. Azken urteotan ‘sare sozial’ gisa ezagutzen ditugun propaganda eta datu erauzketa plataformen menpeko bilakatu dira euren edukia zabaltzeko eta, sarritan, eskuratzeko ere bai.
Harreman toxiko horren atzean uste sendo bat dago. Egia unibertsal bilakatu eta Arantzazuko apostoluak baino harri gogorragoan zizelkatuta dagoen mito hezurmamitua. Lau hitzez osatutako mantra bat, beldurgarri bezain gerarazlea:
Jende guztia hor dago™
Batez ere, baina ez soilik, alde ekonomiko-finantzariotik, edozein hedabidek, handi txiki, euskaraz, ingelesez zein punjabieraz, asko zaindu behar du bere hedapena. Negozio gisa, langileei jaten eman nahi badie behintzat, hedapena du bizirauteko zutabe nagusienetakoa.
Eta horrek eskizofrenia handi samarra eragiten du erredakzioetan. Hedabide kontzientzatuenean ere, erredakzio eta zuzendaritza osoak ‘sare sozial’ deitzera ohitu garen horietatik ahalik eta lasterren uztearen aldeko izanda ere, jende guztia hor dago mantrak beroen daudenak ere izoztuko ditu atoan. Bi ondorio nagusi dituelako:
- Edukia, hedabideetan eta bestela, kontsumitua izateko sortzen da. Nola egingo diogu uko halako erakusleiho erraldoi bati?
- Erakusleiho horrek klikak, bisitak, inpaktuak (eta haiekin, eragina eta publizitate sarrerak) milaka ekar ditzake. Nola egingo diogu uko halako diru iturri bati?
JGHD mantra eta bere korolarioak berehala arrakalatzen dira apur bat sakonduz gero. Baina ai amigo, beldurra eta errezeloa sentimenduak dira, eta ez diote oso ondo erantzuten arrazionalizazio bidezko tratamenduari.
Kazetaritza ardatz
Horregatik guztiagatik, asko poztu naiz asteon jaso dudanean Pello Urzelai handiaren Kazetaritza Ardatz buletina. 16. zenbakian, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratu berri duen ikerketa bat hartu du mintzagai: Hedabideen, eduki digitalen eta sare sozialen kontsumoa eta konfiantza du izenburutzat (Barkatuko ahal dit Pellok edukia fusilatu izana!). Inkesta telefonoz egin dute, martxoaren 17tik 21era, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 18 urtetik gorako 1.223 laguni galdetuta, eta esan bezala, besteak beste, hiru ondorio hauek egin zaizkit deigarri:
- Egia da: ‘sare sozial’ horietan jende asko dabil. EAEn, 18 urtetik gorakoen %80k egunero edo ia egunero erabiltzen dituzte. 2023an halako bi.

- Helburuen inguruan galdetuta, ordea, %80 horren %18k baino ez ditu erabiltzen gaurkotasun gaiei buruz informatzeko. Hau da: EAEko 18 urtetik gorakoen %14,4.

- Eta azkenik, konfiantzaz galdetuta, Whatsapp eta mezularitza zerbitzuek, Google News eta antzeko albiste batzaileek zein ‘sare sozialek’ azterketa ‘suspenditu dute’, 4,0, 3,9 eta 3,7ko notaz, hurrenez hurren. Hedabide konbentzionalek ere ez dute oso nota ona atera, baina denek ‘gainditu’ dute, doi-doi bada ere: irratiak 6,3; paperezko prentsak 5,8; telebistak 5,5 eta interneteko prentsak 5,2ko puntuazioak atera dituzte.

Sare sozialetan bai, baina ez informatzeko
Beraz, horra hor JGHD santuari aurre egiteko datu eta argudio sorta interesgarri bat: ‘sare sozialetan’ jende guztia ez, baina asko dago. Baina informatzeko erabiltzen dutenak oso gutxi dira, eta oso fidagarritasun urria ematen diete; hedabide konbentzionalei baino dezente txikiagoa.

Hori bai: ikerketaren arabera, ikus-entzunezkoak jaun ta jabe dira albiste iturri gisa, eta paperezko egunkarien kontsumoa %30 jaitsi da 2004tik, irratiak 2012tik 10 puntuko aupada ikusi duen bitartean. Awa, awa!

Astiro begiratu eta buelta batzuk emateko moduko datuak dira, zalantzarik gabe. Interesa baldin baduzue, hemen duzue txosten osoa PDF gisa.