Sarean gaur egun pairatzen dugun kakazte mailaren ezaugarri/adierazle/arrazoietako bat erabateko ezjakintza teknikoa da.
1997-2000 inguru hartan, interneten publikatu nahi zuenak derrigor ulertu behar zuen interneten oinarria den hipertestua (testu klikagarria, azkar esateko), eta hartan oinarritutako HTML lengoaia. Zure webguneko orriak banan-banan idatzi eta zerbitzari batera igo behar ziren. Baina garai hartan internet hornitzaileek beraiek dohainik eskaintzen zuten webgunea ostatatzeko espazioa, internet konexioa kontratatzeaz bat. Orriak norberak idatzi eta norberak igo zerbitzarira. Interneten argitaratzeko, makina ulertu beharra zegoen, oinarrizko mailan behintzat.
Ezjakintzatik morrontzara
Gero web 2.0 famatua etorri zen, eskaintza maitagarri bezain tentagarriarekin: zuek arduratu edukiaz, eta guk emango dizuegu alde teknikoa eginda, erraz, esku-eskura. Internet ‘demokratizatu’ egin zen, eta edonork igo argitaratu zezakeen edukia, erraz-erraz. Ustezko demokratizazio horren peajea garesti ordaintzen ari gara, baina:
- Argitalpenak, bai ala bai, hirugarren batek kontrolatutako azpiegitura tekniko baten bidez egin behar dira. Edukia azpiegitura horietan publikatzen dugun momentutik, jadanik ez da gurea, haren jabearena baizik.
- Dagoenezko ez denez beharrezkoa, ostatatze lekua oinarrizko konexio eskaintzetatik desagertu da. Ostatatzea aparte kontratatu eta teknikoki kudeatu beharra dago.
- Eta, larriena: hasierako ‘zuek ez arduratu alde teknikoaz’ horrek, pixkanaka-pixkanaka, ekarri gaitu egoera batera non HTML kodea, interneten oinarrizko hizkuntza, teknikari eta guru gutxi batzuentzako jakintza gisa geratu den. Internet oinarrizko lan tresna duten milioika sortzaile, idazle, kazetari eta abarrek ez dute ideia zipitzik ere sarean edukia argitaratzeko oinarrizko funtzionamenduaz…
Azken horrek, karanbolaz, lehen puntura garamatza berriz: plataformekiko erabateko menpekotasunera. Zenbat elkartek, talde sozial, kultural eta politikok, dute Meta multinazional faxistaren zerbitzuren bat (Facebook, Instagram…) komunikatzeko plataforma nagusi gisa? Zenbat kasutan da, besteak beste, taldekideen artean inork ez dakielako webgune sinple bat egiten? Maisu-jokaldia da: lehenengo animatzen zaitut koderik ez ikastera, zaila delakoan… eta gero, bertez unibertsala eta esandarra izateko sortutako kodea nik bakarrik dakidanean, nire arau eta irizpideak jarraitzera behartzen zaitut, beste erremediorik ez duzulako.
Internet non-nahi egoteak ez du esan nahi ‘demokratizatu’ denik. Are gutxiago nonahikotasun hori Estatu Batuetako hiruzpalau multinazional handiren eskutik datorrenean. Benetako demokratizazioa litzateke den-den-denok ulertzea barrutik nola funtzionatzen duen, eta edonork izatea oinarrizko jakintza, nahi duena nahi duen modu eta lekuan argitaratzeko beste.
Ikasi HTML, kopon!
Lehen pausua HTML kodeaz nozio gutxi batzuk izatea da. A2 maila, gutxienez! Ez da hain zaila (benetan!), eta autoikasketarako baliabide ederrak daude hor zehar. Lehengoan, adibidez, hau ikusi nuen Mastodonen: Victorhck hackerrak ‘HTML para personas’ (HTML pertsonentzat) argitaratu du, Blake Watsonek ingelesez idatzitako ‘HTML for People’-ren gaztelerazko bertsioa. Erraz-erraza eta pausuz pausu gidatzen duena konturatu gabe egunero-egunero erabiltzen dugun hizkuntza hori ulertzen. (Bide batez, jatorrizko edukia librea da, baten bat euskaratzen animatuz geroooo…)