ApliakNabarmenak

Saferlayer: gehitu segurtasun extra bat zure nortasun agiriaren kopiei

Nortasun agiriaren kopia emailez edo beste moduren batean bidali behar duzunerako, Saferlayer webguneak seguruago egiten lagunduko dizu
Saferlayer: gehitu segurtasun extra bat zure nortasun agiriaren kopiei 7 - teknopata.eus

Oso-oso legala (eta batere segurua) ez bada ere, batzuetan, online erosketak egiteko adibidez, edo ostatuak eta halakoak hartzeko, saltzaileak gure nortasun agiriaren kopia bat bidaltzeko eskatzen digu.

Aholku orokor gisa: saiatu zure nortasun agiria ez inori bidaltzen. Kontuan izan hartzaileak, kopia hori izanda, oso erraz egin ditzakeela eragiketak zure izenean, asmo txarra badu. Eta munduko asmorik onenarekin badihardu ere, edozeini gertatu ahal zaio birus edo bestelako eraso informatiko bat pairatu, eta zure nortasun agiriaren kopia auskalo noren esku bukatzea.

Horregatik, agiriaren kopia bidaltzea beste erremediorik ez duzun kasuetan, adituek gomendatzen dute kopia hori propio editatzea, oso argi geratu dadin kopia dela eta eskatu dizuten helbururako baino ez duela balio. Gomendatzen diren edizioetako batzuk dira:

  • Zuri-beltzezko kopia egitea
  • Zure argazkia desenfokatzea
  • Zure sinadura desenfokatzea, inork ez dezan kopiatzeko tentaziorik izan
  • Ezinbestekoa ez den informazioa zirriborratzea: espedizio data, zure helbidea ,bestelako kode eta datu gehigarriak…
  • Testu bat gehitzea kopia horren helburu zehatza adieraziz: “XXX nekazal etxea halako datan alokatzeko”, adibidez.

Edizio horiek erraz egin ditzakezu edozein editore sinplerekin, edo bestela lehengoan aurkitu nuen tresna erraz-erraz batekin: Saferlayer web-aplikazioa. Saferlayer zure nabigatzailean kargatzen da eta bertatik exekutatzen da, ordenagailuan zein mugikorrean. Erabiltzeko, hiru pausu erraz jarraitu behar dira:

1: Kargatu zure agiria. Kargatu zure agiriaren irudia aplikazioan. Lasai egon zaitezke: irudia ez da inongo zerbitzarira bidaltzen, prozesu guztia zure nabigatzailean burutzen da.

2: Zirriborratu behar ez dituzun datuak. Saferlayerrek arkatz moduko batzuk eskaintzen ditu, jasotzaileak behar ez dituen datuak estaltzeko.

Saferlayer aplikazioaren kaptura bat, Espainiako NAN baten gainean hainbat datu estalita

3: Idatzi kopia horren erabilera zertarako baimentzen duzun. Sartu tartean hartzailearen identifikazioa. Horrek kopia hartzailearekin lotzen du, eta okerreko erabilera gertatuz gero, erabilera hori hartzailearekin lotzeko elementu bat izango duzu.

Saferlayerrek zure dokumentuaren kopia bat sortuko du, aukeratu dituzun eremuak estalita, eta gainera, idatzi duzun testua daraman ur-marka ‘adimentsu’ batekin. Egileek diote ur-marka hori propio diseinatu dutela AA erabilita ere kentzeko modurik izan ez dadin. Ez behintzat irudia puntu susmagarri bateraino kaltetu gabe behintzat.

Saferlayer: gehitu segurtasun extra bat zure nortasun agiriaren kopiei 12 - teknopata.eus

Edonola ere, gogoratu: zure agiriaren kopia horrela bidaltzea kopia sinple bat bidaltzea baino apur bat seguruagoa da, baina ez da %100 segurua. Irizpide orokor gisa, seguruena eta zuretzat onena, zure dokumentu ofizialik email edo mezularitza app bidez sekula ez bidaltzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.