TaPuntuko lagunek Nortasuna Sarean jardunaldien 10. edizioa egin dute asteon: KomunikaziOna bidegurutzean. Aitortu behar dut kostatu zaidala asteazken buruzuri batean Donostiaraino joan-etorria egiteko nagiak ateratzea, baina, gauzak diren moduan: egitaraua eta hizlariak erakargarriak ziren, eta zalantzarik gabe, ondo inbertitutako denbora izan zen. Mami eta giro ederra egon zen San Telmon asteazkenean, eta pena handia izan zen denboraz estu samar ibili eta azaldu ziren gaiak patxada apur batez eztabaidatzeko tarterik ez izatea.
Enfin, ohar labur batzuk ekarri nahi izan ditut hona, ez jardunaldiaren laburpena egiteko, neuri barrenak mugitu dizkidaten ideia eta aipuen bilduma telegrafiko gisa baino. Sentitu libre, noski, ekarpenak egin, eztabaidatu eta abarretarako! :-)

Txabi Landabidea: guk egiten ez badugu…
Txabi Landabidea handiak komunikazioaren teknologiaren bilakaera laburtu zuen bost momentutan, fokua jarrita pausu horietako bakoitzean zer galdu eta zer irabazi dugun horretan:
- Idazketa asmatzean, dio Txabik, memoria galdu eta irabazi genuen aldi berean: modu kolektiboan, idazketak posible egin zuen historia jasota uztea, eta aldi berean, ekarri zuen gizaki bakoitzak dena gogoratzeko beharrik ez izatea.
- Irratia asmatzean, berriz, ‘audientziak’ sortu ziren. ‘Gu’ kolektibo abstraktu eta erraldoi batzuk. Eta irratien jabeek botere berriak deskubritu zituzten, ahots jakin batzuei audientziak eskainiz.
- Telebistak, berriz, espazio fisikoa (egongela) eta, are, gure denbora antolatzeko gailu ere bilakatu zen, gure bizimodua baldintzatuz.
- Interneten etorrerak konexioa eta deskonexioa ekarri zigun. Internet hasieran internet literalki piztu eta amatatu egiten genuen. Defektuz deskonektatuta geunden, eta nahi edo behar genuenean, konektatzen ginen. Orain alderantziz da: konektatuta bizi gara, eta nahi izanda ere, gero eta zailago egiten zaigu deskonektatzea.
- Gaur egun, berriz, “adimen artifizialaren” garaiak testuostea eta azælerazioa. Komunikazioa, eta komunikazioa ez dena azeleratu eta azaleratu egin da. Dena egiten dugu azkarrago eta azalekoago. “Adimen artifizial” “sortzaileak” sinesgarriak izateko eraiki dituzte, eta ez fidagarriak edo zehatzak izateko, eta uholde baten gisara sartu zaizkigu leku guztietara. “Ez badugu guk egiten, beste norbaitek egingo du” leloak gidatua bultzatu gaituzte denok IKT berriak gureganatzera, inurri itsuen lasterketa batean. Txabik azaldu zuen bera ez dagoela teknologiaren kontra, Euskal Herriak behar du, noski, teknologia. Baina guretik pentsatuta, euskaratik, euskaraz, euskaldunentzat, eta ez ez dakit nongo puntako señoro faxista baten logikatik garatutakoa. Alegia, gehiago pentsatu behar dugula ez badugu guk egiten, ez du inork egingo, eta ikuspegi horretatik eman pausuak. Ttak! Hortxe jardunaldiaren lehen titularra, nire ustez. Sakondu nahi izanez gero, oso gustura irakurtzen da Txabiren hitzartzearen testu osoa.

“Guk egiten ez badugu,
ez du inork egingo”
Estitxu Garai: Marka identitatea eta balioak
Txabiren ostean Estitxu Garairen txanda iritsi zen. Asko poztu ninduen jardunaldiaren aurretik aurrez aurre agurtzeko aukera suertatu zenean, urteak ziren elkarrekin egon gabe!
Komunikazioaren anatomia orokor bat prestatu zuen Estitxuk, eta oinarri gisa hartu zuen Joxerra Bengoetxearen hauteskunde kanpaina EHUren errektoretzarako, arrakasta kasu gisa. Dena adierazle kuantitatibo eta portzentaje eta engagement ratio eta zenbakiak diren garaiotan, Estitxu esandako guztietatik azpimarra batzuk geratu zaizkit iltzatuta. Pellokeriak, seguruenik, baina ahaztea komeni ez diren horietakoak:
- Komunikatzean, koherentziak duen garrantzia (bihotza). Balio proposamen propioa izatea, eta adierazle kuantitatiboek iradoki ditzaketen aldaketak balio horien arabera egitea, proposizio propio batetik.
- Ondo bereizi beharra marka identitatea (zer garen edo zer izan nahi dugun), eta marka irudia (nola ikusten gaituzten kanpotik).
- Ematen ditugun mezuak ondo segmentatzea, hala edukian nola kanaletan. Sormenaren eta harremanen garrantzia.

Jordina Arnau: nazioarteko oldarraldia
Jarraian, TV3ko kazetari izandako eta komunikazio politikoan ibilitako Jordina Arnauren txanda iritsi zen. Niretzat behintzat erabat ezezaguna zen eta, zalantzarik gabe, jardunaldi osoko ‘errebelazio saria’ irabazi zuen. Euskara ikasten dabil Jordina, eta publiko guztia poltsikoratu zuen lehen momentutik, dakien euskara apurrarekin ideia konplexu eta mamitsuak azaltzeko ahaleginarekin. Berehala geratu zen argi ez dela geldi egotekoa: kazetaritza, komunikazio politikoa, feminismoa, LGBTIQ+ eskubideak, minbiziaren aurkako borroka…

Jordinak kontatu zigun une honetan oso argi dagoela ultraeskuinaren nazioarteko oldarraldi betean bizi garela, eta oso arriskutsua dela, besteak beste, komunikazioa oso ondo maneiatzen ari direlako. Umorea erabiltzen dute euren mezua hedatzeko: Trumpen izaera karikaturesko, itxuraz inofentsiboa, jarri zuen adibide gisa, oso tresna baliagarria omen da gure marko mentala pixkanaka mugitzen hasteko, eta segun zer gauza onargarritzat hartzen has gaitezen.
(Ohar mentala, Joxe: begiratu nonbait zer den Overtonen leihoaren tema hori, azken aldian asko entzuten ari baitzara!).
Bota zituen ideien artean, egunerokorako errutina antifaxista bat behar dugula ere bota zigun, barre artean. Marko ideologikoen desplazamendu hori gerarazteko ezinbestekoa dela eguneroko mikrofaxismoei aurre egitea, nolabait esateko.
Hori dena egundoko umore on eta karisma itzelaz. Jarraitu beharreko pertsonaia, zalantzarik gabe!
Ainhoa Mendibil, euskara eta talentua
Hasieran akordatu ez banintzen ere (kalamitate ibiltari hutsa naiz eta nire trebetasun sozialak minimo historikoan daude), bera Elgoibarko Izarra elkartean eta ni Euskaltzaleen Topagunean nenbileneko garaitik ezagutzen nuen Ainhoa Mendibil euskarak markagintzan egin dezakeen ekarpenaz jardun zuen, bikain jardun ere. Emunen enpresentzako euskara planak garatzen pilatutako esperientzia eta jakintzatik, aipatu zuen, besteak beste, euskara euren estrategian integratzen duten enpresek konfiantza, fidagarritasuna, talentua, motibazioa eta konpromisoa bezalako ideiekin lotzen dutela. Ez da gutxi, inondik inora ere, azken egunotan zirri-zarra jausten ari zaigunarekin…

Aipatu zuen ere, neurri batean ontzat eta esku hartzeko aukeratzat jo beharko genukeela zenbait enpresatan ‘basquewashing’ edo euskararen aldeko zurikeriaz jokatzea, horrek argi adierazten baitu enpresa horrentzat euskararen alde ez agertzea kaltegarria dela. Behar diren pintza guztiekin hartu beharrekoa bada ere, enpresa horiek euskararen alde jartzeko helduleku interesgarriak izan daitezke marketin soileko adierazpen ustez euskaltzaleak.
Eta azkenik, Ainhoaren titularra izan zen, argi eta garbi, galdera ezin dela izan euskarak balio duen ala ez talentua erakartzeko, baizik eta nola baliatu dezakegun euskara talentua erakartzeko. Ez dago euskara vs. talentua dikotomiarik, eta hau ere pellokeria izan badaiteke, komeni da ez ahaztea.
Mattin Solis, fedibertsora trantsizioa
Amaitzeko, Mattinek fedibertsoaren inguruko azalpen orokor bat egin zuen, eta “sare sozial” komertzialetatik ateratzen hasteko lehen pausu batzuk proposatu zituen, besteak beste RAP arauak aplikatzen hastea. Lanean oraintsu hasi gara bide hori egiten, ikusiko dugu zer ematen duen.

Zer iruditzen? Ados zaude ideia horiekin? Kezkarik sortzen dizute? Garrantzitsua izan zen besteren bat nabarmenduko zenuke? Nahi baduzu, hemen daukazu jardunaldi osoaren grabazioa, eta ekarpenik baldin baduzu, oso pozik irakurriko dut!
(Nire oharrena kenduta, argazki guztiak TaPuntu/NortasunaSarean jardunaldiaren antolakuntzak egindakoak dira)