Asteburu mugitua izan dugu TOKIKOMen. Larunbat arratsaldean, CodeSyntaxeko lagunekin batera garatutako TOKIKOM Plataforma erabiltzen duten 31 webguneak arazoak izaten hasi ziren bata bestearen atzetik. Eta arazoekin bat, mezu mordoa nire mugikorrean: “Joxe, gure webgunea ez dabil”, “Webgunea apurtu zaigu”, “Zer gertatzen zaio gure webguneari?”.
Arazoa oso antzekoa zen kasu guztietan: webguneak beraiek ondo kargatzen ziren, baina irudiak ez. Eta noski, imagina dezakezuen bezala, orainkari digital bat, batere irudirik gabe kristo bat da.

Telefonoa sutan, emaila ere bai, eta larunbat arratsaldea izanda egundoko amorrazioa, baina han hasi behar teknikariekin kontaktatzen. ‘Ba, Joxe, gure aldean behintzat dena dago ondo!’. Arazoa, hala ere, joan eta etorri ibili da asteburuan zehar. Zer gertatu da ba?
Han ta hemen irakurtzen hasi, eta hara arazoaren sorburua. Espainiako futbol liga antolatzen duen LaLiga erakundeak estatu osoko 160.000 webgunetik gora blokeatzen hasi dela, zuzeneko partiden pirateoa saihestu asmoz Cloudfare eta Google enpresek erabiltzen dituzten hainbat IP helbideren kontra joaz.
Hala, futbol ligako futbol partidak emititzen ari diren bitartean, milaka webgune eskuraezin geratzen direlako kexak biderkatzen ari dira Espainia osoan. Arazoa, batez ere, Movistar, O2 et Digi operadoreen bezeroek pairatzen dute.
La Ligak dio baimen judiziala duela blokeo horiek agintzeko: haren arabera Cloudflare zerbitzu horrek ezikusiarena egiten dio pirateoari, horrekin negozioa egiten duelako. Arazoa da Cloudflare ez dutela piratek bakarrik erabiltzen. OInarri-oinarrizko zerbitzua da gaur egun mundu osoko webguneen funtzionamenduan, trafiko handia duten webguneen lan zama arintzeko, irudiak eta bestelako artxibo pisutsuak haren bidez eskainiz. Horrela, La Ligak Coludflare blokeatzen duen bakoitzean, piraten zerbitzuak eta beste milaka eta milaka webgune ere kaltetzen ditu, tartean TOKIKOMeko guztiak, Berria.eus, Egunean Behin jokoa edo ChatGPT bera. Nolabait esateko, mozkorrek auropistatik ez gidatzeko autopista osoa itxiko balute bezala. Kontu guztia borobiltzeko, Ligako presidenteak, Javier Tebasek, elkarrizketa batean esan du blokeoagatik kexatzen gabiltzanak “interneteko friki batzuk baino ez garela”.
Akusazio gurutzatuak
Behin blokeoak nondik zetozen argituta, akusazio gurutzatuen dantza hasi da: La Ligak dio Cloudfarek ez duela nahikoa egiten pirateria sahiesteko, harekin zeharka aberasten delako. Cloudfarek (eta ez berak bakarrik) dio La Liga oso jabe dela hartu duen neurria gehiegizkoa dela, baina etekin ekonomikoaren babesa jarri duela informazio eta adierazpen askatasunen gainetik. Cloudfarek errekurtsoa jarri du LaLigaren blokeoen aurka, baina ikusteko dago zer emango duen.
FACUA kontsumitzaileen elkarteak, berriz, operadoreengan jarri du fokoa: azken finean blokeoa operadoreek ezartzen dute teknikoki, eta pirateria ekiditeko aitzakiarekin, zerikusirik ez duten milaka zerbitzu blokeatzen dituzte. Operadoreek erantzun dute eurak epaileen aginduak betetzera mugatzen direla, hori egiteko betebeharra dutelako, baina haiek ere ez dute agindua erakutsi.
Gaur goizean, ETBko Egun On saiotik deitu didate honetaz azkar-azkar berba egiteko. Hemen tartetxoa, nahiz eta ez zaidan oso argigarri geratu.