BlogosferaNabarmenak

Global Switch Day, aldatzeko egun globala :-)

#GoazenLagunok eta #VamonosJuntas kanpainak bezala, 2025eko otsailaren 1ean #GolbalSwitchDay delakoa antolatu da, sare toxikoetatik aldendu gaitezen denok batera
Global Switch Day, aldatzeko egun globala :-) 25 - teknopata.eus

Ez naiz nekatuko errepikatzen: gaurko egunez, 2025eko otsailaren 1eko dataz, ez dago arrazoi objektibo onargarri bakar bat ere sare sozial komertzialetan jarraitzeko.

Musk nazkantea agur Seig Heil agur nazia egiten, milaka pertsona eta TB kameren aurrean, DOnald Trumpen kargu hartze ekitaldiaren ostean,. Wahsingtonen, 2025eko urtarrilaren 20an.
Musk nazkantea agur Seig Heil agur nazia egiten, milaka pertsona eta TB kameren aurrean, DOnald Trumpen kargu hartze ekitaldiaren ostean,. Wahsingtonen, 2025eko urtarrilaren 20an.

Twitter dagoeneko ez da existitzen. Elon Muskek erosi eta X bihurtu zuen. Ultraeskuineko sare bat, algoritmo manipulatuekin, giza eskubideen aurka, Trumpen alde, epaitegietara jo duena defendatzera bertako erabiltzaile kontuak Muskenak direla, eta ez erabiltzaileonak… Eta tira, Alemania eta Erresuma Batuko alderdi naziei babes espresua ematearekin nahikoa ez, eta Trumpen kargu hartzea ospatzeko, milaka lagunen parean, eszenatoki batera igota, agur naziak amorruz egitera dedikatu zen psikopata baten bozgorailua baino ez da honezkero.

Metaren menpeko sareak ere ez daude hobeto. Trumpen etorrerarekin batera, Zuckerbergek aldaketa sakonak aplikatu ditu Facebook, Instagram, Whatsapp eta Threads sareetan, enperadore berriaren gustukoa ez den woke diskurtsoarekin amaitzeko. Moderazio irizpideak lausotu ditu (alde baterantz, noski), eta aurrerantzean, adierazpen askatasunaren mugen barrukotzat, eta beraz, zilegi, joko dute, besteak beste, emakumezkoak etxetresnekin parekatzea, trans edo LGBTQ+ kolektiboko jendea iraintzea, eta abar eta abar. Are gehiago: enpresako berdintasun, aniztasun eta parekidetasun plan guztiak bertan behera utzi ditu Zuckerbergek bere bulego guztietan, Trumpen politikarekin lerratzeko.

TikTok ez da estatubatuarra, baina horrek ez du hobea egiten. Frogatuta dago Txinako sare sozialak aztertuta daukala 35 minutuko kontsumoa nahikoa izan daitekeela sarea erabat adiktibo bilakatzeko, eta era guztietako trikimailu sozio-psizkologikoak erabiltzen dituela -nahita- adin txikikoak menpeko bilakatzeko.

Berriz esango dut: gaurko dataz, ez dago arrazoi objektibo onargarri bakar bat ere inork borondatez jendaila horren gatibu egon nahi izateko. Ez maila pertsonalean, noski, baina are gutxiago oraindik aktibismora, giza eskubideen zaintzara, kulturgintzara, zaintzara edo, oro har, jendearen alde egiters emandako edozei talde, entitate edo kolektiboren izenean. Behinola sare sozialak izandako horiek, kakaztearen kakazteaz, etekin ekonomiko edota ideologikoen alde eta erabiltzaileen kontra diharduten makina erraldoiak bilakatu dira. Hori hala da.

Azken asteotan etengabe esaten ari naizenez:

  • nik ez dut psikopata horien menpe egon nahi.
  • ez dut nahi estimuan dudan beste inor ere horien esku laga.
  • seguru nago: zuk ere ez duzu potxingo horietan lokaztuta ibili nahi.

Global Switch Day

Horregatik, duela egun batzuk #goazenlagunok ekin nola, gaur gonbidatu nahi zaitut mundu mailako ekimenarekin bat egin, eta GAUR BERTAN, 2025eko otsailaren 1ean, zure saretze/komunikazio plataformak aldatzera. Ez naiz ur handitan sartuko, baina hemen aukera batzuk.

Xtik eta Facebooketik Mastodonera

Global Switch Day 2025: X Mastodon.

Xan baldin bazabiltza, animatzen zaitut Mastodon microblogging sarea probatzera. Jende jatorra dabil, ez dago giroa nahita kakaztuko duen algoritmorik, eta aniztasuna, askatasuna eta iritzi aniztasuna benetan errespetatzen dira. Mastodon.eus zerbitzarian sortu dezakezu kontua, adibidez.

Instagrametik Pixelfedera

Testuak baino, irudiak partekatzea gogoko baduzu, Instagrameko putzutik atera eta Pixelfed proba dezakezu. Irudiak partekatzeko sare federatu honetan ez duzu influencer saldurik topatuko, eta benetan jarraitzen diozun jendearen edukia agertuko zaizu, eta ez algoritmoak zuretzat aukeratzen duenarena. Euskarazko instantzia bat ere badugu, Pixelfed.eus.

Global Switch Day 2025: Instagram Pixelfed

Youtubetik Peertubera

Bideogintzan baldin bazabiltza, Youtubeko infernu publizitariotik ere atera daiteke, lagun! Peertube bideogintza sare ireki eta federatua da, eta bai, kasu honetan ere, badugu euskarazko zerbitzaria, Peertube.eus!

Global Switch Day 2025: Youtube Peertube

TikToketik Loopsera

Global Switch Day 2025: TikTok Loops

Bideo laburrak nahiago badituzu, umeak zein helduak 35 minututan adikto bihurtzeko diseinatuta dagoen TikTok-ek ere badu alternatiba osasungarriagoa. Loops du izena eta, momentuz hasi berri badago ere, oso-oso itxura ona du!

Whatsappetik Signalera

Seguruenik hau da aldaketa zailena, baina baita garrantzitsuena ere. Gehienetan jabetzen ez bagara ere, Whatsapp erabiltzen dugunean, gure eguneroko komunikazioa Mark Zuckerberg soziopataren esku uzten ari gara. Ez dago modurik benetan jakiteko nola erabiltzen duen gure eguneroko elkarrizketa guztien informazioa, besteak beste, hauteskunde emaitzetan eragiteko. Baina frogatuta dago erabili, erabiltzen duela.

Global Switch Day 2025: Whatsapp Signal

Whatsapp ez da mezularitza zerbitzu bakarra. Pribatutasun eta segurtasunaren aldetik Signal da alternatiba egoki bat. Animatu eta eman pausua. Zu aldatzen bazara, benetan estimatzen zaituen jendeak ere berdin egingo du. Ez gara jabe zer erraz eragin ditzakegun honen moduko aldaketa handiak oso keinu txikiekin!

Eta zu? Animatuko zara otsailaren 1 honetan aldaketa horietako BAT gutxienez egiten? Hala bada, ez ahaztu komentatzea, #GlobalSwitchDay eta #Aldaketa traolekin ;-)

Kanpainako irudi guztiak: https://mastodon.social/@sylv_a

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.