BlogosferaNabarmenak

Appleren buruak dio “litekeena dela” enpresaren aniztasun programak aldatzea

Appleren akziodunek ezetz esan diote berdintasun politikak murrizteari, baina Cookek azaldu du litekeena dela politika horiek aldatu behar izatea, Trumpen eskariei men egiteko.
Appleko presidente Tim Cook aurkezpen bat egiten

Appleren akziodunen batzarraren gehiengoak proposamen bat errefusatu berri du, enpresak bertan behera utz ditzan bere aniztasun eta berdintasun politikak, hala nola generoa eta arraza kontuan izatea kontratuak egiteko orduan. Enpresak berak kontrako botoa eskatu die akziodunei, National Center for Public Policy Research delako think tank kontserbadoreak proposamena sustatu ondoren. Trumpen administrazioa tematuta dago aniztasun, berdintasun eta inklusio politikak desagerrarazteko, hala eremu publikotik nola pribatutik, eta honezkero Meta edo Amazon bezalako erraldoi teknologikoek men egin diete Trumpen gurariei.

Dena den, bozketaren ondoren, Appleren presidenteak, Tim Cook-ek, azaldu du litekeena dela enpresak bere aniztasun praktikak aldatu behar izatea, Estatu Batuetako panorama legala aldatuz doan neurrian. “Auzi honen bueltako paisaia legala aldatzen doan heinean, beharbada aldaketa batzuk egin beharko ditugu legeak betetzeko, baina gure ipar-orratzak diren mundu guztiarentzako duintasuna eta begirunea ez dira sekula aldatuko”, esan du, Appleren akziodunen urteko batzarreko galdera-erantzunen tartean. Cookek 2011ko abuztuan hartu zuen Appleko lema, Steve Jobsek berak proposatuta, eta besteak beste, asko nabarmendu zen halako enpresa handi batean bere homosexualitatea publikoki onartzen zuen lehen agintaria izateagatik.

Aniztasun politiken aldaketei ez ezi, Appleren akziodunek ezetza eman diote enpresaren AA eremuko pribatutasun praktikak, egindako donazioak eta haurren sexu abusuak ekiditeko politikak aitortzeko behartzeari. Bide batez, Tim Cookentzako 74 milioi dolarretik gorako ordaina onartu dute.

Iturria eta informazio gehiago: BBC · Goiburuko irudia cc-by-sa iphonedigital@flickr

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.