Eresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoak argitaratu berri duen ikerketa batek froga argiak eskaintzen ditu ‘adimen artifizialeko’ laguntzaileek albisteei buruz ematen dituzten erantzunen kontra. Bi arazo nagusienen artean: AA ezberdinek emandako erantzunen akats objektiboak, eta sistemek prozesatutako jatorrizko edukien interpretazio okerrak.
BBCk berak ‘kezkagarri’ gisa kalifikatu ditu emaitzak:
- AAk albisteei buruz emandako erantzunen %51k moduren bateko akatsak dituzte.
- BBCren edukia aipatzen zuten erantzunen %19k akats objektiboak dituzte: okerreko adierazpenak, zenbakiak eta datak.
- AAren arabera BBCko iturrietatik datozen aipamenen %13 nabarmen eraldatuta zeuden, edo, zuzenean, ez daude benetan iturri gisa aipatutako artikuluetan.
Ikerketak hilabete iraun du. BBCk AAko lau laguntzaile aukeratu ditu: ChatGPT, Copilot, Gemini eta Perplexity. Sarbidea eman die bere edukiei, eta gero galderak egin dizkie BBCren webgunean argitaratutako albisteei buruz. Erantzunak BBCko kazetari talde batek aztertu ditu, zehaztasuna, inpartzialtasuna eta BBCren edukiaren interpretazioa baloratzeko.
BBCren ondorioak argiak dira: ‘adimen artifiziala’ erabilgarria izan liteke azpititulu edo itzulpen automatikoa bezalako lanetarako, baina aldaera ‘sortzaileek’ arrisku handiak dakartzate publiko orokorrarentzat. “Jendeak pentsa dezake fida daitekeela AA laguntzaileetatik irakurtzen duenarekin, baina gure ikerketak erakutsi du albiste gakoen inguruko erantzun distortsionatutak, okerrak edo engainagarriak eman ditzaketela“, esan du Pete Archerrek, BBCko AA Sortzaileko programaren zuzendariak. “Komunikabideek euren edukia non eta nola erabiltzen den kontrolatzeko aukera izan beharko lukete, eta AAko enpresek euren produktuen akats eta zehaztasun faltaren eskala eta irismenaren berri eman beharko lukete“.
Apple Intelligenceren arabera, BBCk dio Rafa Nadal armairutik atera dela
Urte hasieran, BBCk tirabira larriak izan ditu Applerekin. Izan ere, ingelesezko iPhoneetan dabilen albisteak laburtzeko AA bidezko sistemak BBCk argitaratutako hainbat albiste nahastu eta, ondorioz, jakinarazpen/titularrak bidali zituen, BBCtik zetozelakoan, esanez Rafa Nadal “tenislari brasildarra” ‘armairutik atera’ zela publikoki, edo Luke Litter tenislariak PDC Munduko Txapelketa irabazi zuela… finala jokatu aurretik ere.

Larriena da aplikazioak inongo momentuan ez dioela titularrak makinak asmatutakoak direla: iturri batek (kasu honetan, BBCk) emandako hainbat albiste batu, laburbildu, eta iturriaren sinadurarekin erakusten dizkio erabiltzaileari.
Beste abisu ezin argiago bat: adimen artifizial izenaz saltzen ari zaizkiguna ez da adimena, eta ez da artifiziala. Eta, besteak beste, produktibitatearen, azkartasunaren eta ‘magiaren’ izenean, baliatzen ari da gure dieta informatiboaren kontrola -are gehiago- SIlicon Valleyko psikopaten esku uzteko.
Beraz, berriz: adimen artifiziala, izatekotan, tresna bat da, eta ez helburu bat. Bereziki komunikazio alorrean, ahaleginak egin behar dira ‘adimen artifiziala etorkizuna da’ ideologiari aurre egiteko. Ez dezagun ahaztu: beste ezer baino lehen, ustezko adimen artifiziala produktu bat da: hobeto komunikatzen/informatzen laguntzen badigu, ba orduan erabiliko dugu, eta bestela, ba ez. Eta beste guztia marketin eta salmenta argudiotegiak dira.
Irudiak: BBC