
Mastodonek -eta fedibertsoko beste sareek ere- duten alderdi on ugarietako bat da kontuak ‘migratzeko’ aukera. Kontua une honetan daukazun instantzia edo zerbitzarian ez bazaude gustura, edo instantzia ez badago gustura zurekin eta kaleratu nahi bazaitu, edo itxi behar badute, edo zure interesak aldatu badira… momentu honetan dituzun jarraitzaileak, jarraituak, mututako eta blokeatutako erabiltzaileak, zerrendak eta abarrak deskargatu eta beste zerbitzari batera eraman ditzakezu erraz-erraz. Han kontu berri bat sortu, eta orain arteko jarraitzaileek automatikoki jarraituko diote zure kontu berriari, aparteko ezer egin beharrik gabe.
Horri, kontu bat eta bere informazioa zerbitzari batetik beste batera mugitzeari, kontua migratzea deitzen zaio. Euskal fedibertsoaren kontestuan hainbat kasutan izan daiteke erabilgarri, adibidez:
- Mastodonen saltseatzen hasi zinenean, konturatu gabe mastodon.social instantzian sortu zenuen kontua, baina denborarekin konturatu zara askoz erosoago egongo zinatekeela mastodon.eus edo mastodon.jalgi.eus instantzia euskaldunetan.
- Mastodon.eus en daukazu instantzia, baina toki komunikabideetako langilea zara eta zure kontua TKM.eus zerbitzarira mugitu nahi duzu.
Kasu horietako batean bazaude, edo antzeko besteren batean, eta zure kontua Mastodoneko zerbitzari batetik beste batera mugitu nahi baduzu, hemen dituzu pausuz pausuko jarraibide ezin errazagoak.
Nola mugitu Mastodon kontu bat zerbitzari batetik beste batera
Hurrengoa lau pausuko gida sinple bat da, nik azken egunotan bizpahiru aldiz egin dudan prozesua azalduz. Azalpena luzetxo egin daitekeen arren, prozesua benetan oso erraza da, eta ez dizu 10 minutu baino gehiago eskatuko. Hemen pausukako aurkibidea:
- Zer behar duzun
- Esportatu datuak kontu zaharretik
- Inportatu datuak kontu berrira
- Apuntatu kontu berria zaharrerantz
- Desbideratu kontu zaharra berrirantz
1. Mastodon kontuen migrazioa: zer behar duzun
Migrazioa egiteko bi elementu baino ez dituzu beharko. Kontuan izan, hori bai, gomendioa dela prozesu guztia zure Mastodon instantzien webguneetatik egitea. Aplikazioetatik zailagoa izango da eta, segun zer aplikazio erabiltzen duzun, beharbada ezingo duzu. Adibideetako irudietan, @joxe@mastodon.eus kontua migratu dugu @joxe@tkm.eus kontura.
1.- Zerbitzari zaharreko erabiltzailea eta pasahitza. Gure adibideetan, mastodon.eus/@joxe erabiltzailearenak. Hau zerbitzari zaharra da adibideotan (eta pantaila kapturetan fondoa beltza da). Informazioa hortik atera eta zerbitzari berrira igoko dugu.
Ez da derrigorra, baina ideia ona da migrazioa burutu aurretik kontu zaharreko profila editatzea, azaltzeko kontu berrira migratu duzula esanez. Era berean, lagungarri izan daiteke tut finkatu bat uztea ere, esanez profil berrira zoazela. Hori dena 4. pausua egin aurretik egin behar da, zeren eta 4. pausuak kontu zaharrean idazteko aukera desaktibatuko baitizu.
2.- Zerbitzari berriko erabiltzailea eta pasahitza. Gure adibideetan, tkm.eus/@joxe erabiltzailearenak. Hau da zerbitzari berria eta aktibo geratuko den kontua (kapturetan, fondo zuria). OJO: kontuak existitu behar du prozesu guztia hasi aurretik. Ez ahaztu kontu berria sortzea eta aktibatzea prozesu honekin hasi aurretik.
2. Esportatu datuak zure Mastodon kontu zaharretik
Lehenengo eta behin, gure kontu zaharreko informazioa ordenagailura jaitsiko dugu. Horretarako:
1. Hasi saioa zure Mastodon instantzia zaharrean (gure kasuan, mastodon.eus-en), eta hobespenetan, bilatu INPORTATU ETA ESPORTATU atala. Haren barruan, Export atalera jo.
2. Agertzen den zerrendan, fijatu zaitez zeintzuk EZ daukaten ZERO balioa, eta deskargatu zero ez daukaten denak. Kontuz! Gogoratu deskargatutako artxibo bakoitza zer kategoriari dagokion.
Ez egin kasu ‘Eskatu zure artxiboa’ botoiari. Ez dugu behar honetarako.

3. Inportatu datuak zure Mastodon kontu berrira
Bigarren pausuan, deskargatu berri ditugun datuak gure Mastodon kontu berrira igoko ditugu (gure kasuan, TKM.eus-era)
1. Hasi saioa zure kontu berria sortu duzun instantzian (gure kasuan, TKM.eus), eta hobespenetan, bilatu INPORTATU ETA ESPORTATU atala. Haren barruan, Inportazioa atalera jo.
2. Aurreko pausuan deskargatu ditugun CSV artxiboak banan-banan igo behar dituzu. Menu hedagarriaren bidez aukeratu bakoitza zer artxibo klase den. (jarraitutakoak, zerrendak…). Honekin kontu zaharreko informazio gehiena berrian ere izango dugu jadanik.

4. Apuntatu Mastodon kontu berria kontu zaharrerantz
Orain, gure Mastodon kontu berriari (TKMkoa, gure kasuan) esan behar diogu gure kontu zaharra zein den. Horrela ‘baimena’ emango diogu hura ordezkatzeko.
1. Mastodon instantzia berriaren hobespenetan, bilatu KONTUA > KONTUAREN EZARPENAK. Orriaren bukaera aldera beste kontu batetik migratuz ikusiko duzu. Klikatu ‘kontuaren ezizen bat sortu’ aukeran.
2. Hurrengo pantailan, idatzi zure kontu zaharren helbidea (gure kasuan: @joxe) eta sakatu ‘Sortu ezizena’.

5. Desbideratu Mastodon kontu zaharra berrirantz
Azken pausuan, kontu zaharrari esango diogu zein den gure kontu berria, eta horrela desaktibatuta geratuko da. Gogoratu: profila editatu edo azken mezu bat finkatu nahi baduzu, hauxe da momentua, pausu hau egin aurretik!
1. Zerbitzari zaharreko hobespenetan, kontua>kontuaren ezarpenak atala bilatu. Bilatu ‘Migratu beste kontu batera’ atala, eta haren azpian ’hemen konfiguratu’.

2. Hurrengo pausuan, idatzi zure kontu berriaren helbidea (@joxe) eta zure kontu zaharraren pasahitza. Ondoren, sakatu ‘Mugitu jarraitzaileak’ botoiari.

3. Listo! dena ondo egin baduzu, honen antzeko pantaila bat ikusiko duzu, eta sistema automatikoki hasiko da zure kontu zaharreko jarraitzaileak kontu berriaren jarraitzaile egiten. Kontuan izan kontu berrian jakinarazpenak gaituta baldin badauzkazu, email edota jakinarazpen zaparrada bat jaso zenezakeela prozesu automatikoaren ondorioz.

Kontu zaharra desaktibatuta geratuko da, eta haren profilean lotura automatiko bat agertuko da kontu berrira. (Ikusi adibidez nire mastodon.eus kontu zaharra). Zerbitzari zaharreko mezuak bertan geratuko dira, baina zure profilak kontu berrira apuntatuko du.
Aurrerago aldaketarekin damutuz gero, atzera egiteko aukera ere badago. (Baina oraindik ez dut probatu hori nola egiten den!).