Ohar garrantzitsua
Oso litekeena da sail honetako sarrerek txarto-ulertu eta errore zientifiko nabarmenak izatea. Hutsaren hurrengoa dakit psikologiaz, baina interesgarria eta erabilgarria iruditu zait gaia argitara ateratzea. Hurrengo lerroak munduko fede on zein ezagutza falta handienarekin idatzita daude.
Zuk edo inguruko norbaitek laguntza beharrean egonez gero, ez utzi geroko eta jo lehenbailehen profesional batengana. Sekten inguruko laguntza behar baduzu, beste sarrera honetan ere topatu ditzakezu pista batzuk.
Lehengoan kontatu nizuen bezala, 2020an esperientzia erlijiosoa bizi izan genuen lagun eta senideen artean, oso-oso gertuko pertsona batek pentsa dezakezuen sektarik zoroenean belarrietaraino sartuta bukatu zuenean. Biktimarekiko errespetuagatik, oraingoz ezin dut xehetasun gehiago eman, baina esperantza daukat inoiz adostuko dugula harekin moduren bat istorio osoa publikoki kontatzeko.
Hala ere, etsairik handienari ere desio ez diodan esperientzia terrorifiko hartatik zerbait positibo ateratzekotan, bidean zenbat eta zenbat ikasi dugun nabarmenduko nuke. Besteak beste, egunerokoan erabat ahaztuta daukagun emozioen eta pentsamenduen kudeaketaz. Bada jendea hor zehar, gaizto bezain azkarra, gure barne korapiloak kudeatzeko daukagun ezagutza falta ezin hobeto baliatzen duena, haren onerako eta aurretik jartzen zaion ororen txarrerako.
Programazio erroreak
Termino teknopatetara eramateko (kontuz, hementxe hasten dira nire interpretazio pertsonal eta sasi-zientifikoak), pentsa genezake gure burmuinak ‘sistema eragile’ bat duela, gure jokaera kontrolatzen duena. Deitu diezaiogun horri GizaOS, gure eguneroko funtzionamendua arautzen duen ‘softwarea’.
Bada, software horrek bugak ditu, programazio errore txikiak, aktibatzen direnean pertsonon ezusteko portaerak eragiten dituztenak. Behar bezala ezagutu eta erabiliz gero, ‘bug’ horiek erraz samar erabil daitezke gizabanako edo talde batek norberak nahi duena egitera bultzatzeko. Eta badira horretara propio dedikatzen diren pertsonak eta erakundeak, hala nola guru erlijiosoak, sekta erlijioso, politiko zein ekonomikoak, eta erabat engantxatuta gaituzten gailu elektroniko, sistema eragile eta sare sozialen jabeak.
Bug horietan deigarriena, beharbada entzunda izan arren ez nekielako oso ondo zer zen, disonantzia kognitiboa da. Steve Hassan aditu estatubatuarrak Las técnicas de control mental de las
sectas y cómo combatirlas liburuan oso ondo azaltzen du. Seguru nago, niri bezala, zuotako askori ere azalpenak ‘ostia!’ bat, ikaralditxo bat eta hiru laguntxo oso ezagunen irudia ekarriko dizuela gogora.
Disonantzia kognitiboa: pentsatu, sentitu, egin
Hassani ondo ulertu badiot, gutako edozeinen nortasuna hiru elementu nagusik osatzen dute: zer pentsatzen dugun, zer sentitzen dugun, eta zer egiten dugun. Bakoitza nolakoa den hiru elementu horiek definitzen dute, eta haien arteko nolabaiteko oreka eta koherentzia egon behar da. Pertsona bakoitzak hiru elementu horien arteko desoreka edo inkoherentzia maila jakin bat baino ezin du onartu, eta beraz, hiru elementu horietako bat nabarmen aldatuz gero, beste biak ere aldatzen dira, koherenteak izateko.
Gogoratu zer esan dugun: pentsamenduen, sentimenduen eta ekintzen konbinazioak definitzen du gure nortasuna. Hiru horietako bat aldatuz gero, beste biak ere aldatzen dira. Eta hirurak aldatzen direnean, beraz, nor garen ere aldatu egiten da.
Maitasun bonbardaketa
Mekanismo sinple hori erabiltzen dute sektek jarraitzaileak atxikitzeko. Ideiarik txoroenak defendatu ditzakete, baina lehen hurbilketa alde emotibotik egiten dute beti. Jende super jator, maitagarri eta maitekor gisa aurkezten dira, eta horrela ematen dute lehen pausua, teknikoki ‘maitasun bonbardaketa’ deitzen denarekin. Taldekideak jende alai eta zoragarri gisa aurkezten dira, eta etengabe bonbardatzen dute biktima era guztietako laudorio, opari eta maitasun adierazpenekin. Horrela, taldearekiko edota guruarekiko maitasun sentimenduak eragiten dituzte harengan. Behin sentimenduen aldean ‘desoreka’ hori probokatu dutela, askoz errazago eragin dezakete oreka bila berez mugitzen hasiko diren pentsamendu eta ekintzetan: era guztietako erritualak eta atazak ekintzetan eragiteko, guruaren, jainkoaren zein taldekideen ‘irakaspenak’ pentsamoldean eragiteko…
Izaera berri bat
Une horretatik aurrera, sektaren menpe jausi den pertsonaren izaera bera oso azkar aldatzen da. Nortasun berri bat sortzen da, biktimaren betiko izaera erreala baztertu eta lurperatzen duena. Prozesua benetan beldurgarria da, egun batetik bestera ikus daitekeelako urteetan ezagutu duzun pertsona hori nola joaten den desagertzen, taldeak bere esanetara jarduteko programatu duen zonbi moduko batek ordezkatuta. Hasieran zorakeriak iruditzen zitzaizkion ideiak ere irmoki defendatzen hasten da, beti defendatu dituen baloreen erabat kontrako ideiak botako dizkizu bata bestearen atzetik, eta -okerrena dena- argudio arrazionalekin kontra egiteko saiakera bakoitzeko, are estuago heltzen dio bere familia berriaren babesari.
Prozesu horri buelta emateko modu bakarra nortasun berriari eusten dion pentsatu-sentitu-egin oreka hori berriz ere apurtzen saiatzea da. Sekta eta guru guztiek badakite hori oso ondo. Horregatik, kaptazio prozesu gehienetan sartzen den lehenengo ideietako bat aldentzearena da: desapegoa. Izan sekta erlijiosoa, kriptobro taldea edo pseudoterapia miragarria, biktima birprogramatzeko lehen pausua bere inguru sozialetik banatzea da:
- zure lagunek ez dute zure potentzialean sinisten
- zure familiak ez zaitu inoiz maite izan
- zure gaixotasuna dauzkazun harreman toxikoen ondorioa da
Estilo horretako ideiekin batera, noski, ‘guk benetan maite zaitugu’, ‘guretzat oso berezia zara’, ‘misio garrantzitsu bat dugu zuretzat’ eta antzekoekin bonbardatzen dute biktima. Eta sarritan, lagunak eta senideak uxatzeko formazioarekin. Era horretan, inguruko norbait saiatzen denean taldearen aurka egiten, biktimak modu bortitz eta iraingarrian erantzuten du. Horrela, alde batetik, taldearekiko atxikimendua areagotzen du, eta bestetik, senide edo lagunaren saiakerak zaildu egiten ditu: oso-oso-oso zaila egiten da modu bortitz eta iraingarrian defendatzen den bati maitasunetik erantzutea.
Eta honaino, lagunok, kontu honetaz urteotan ulertu eta bizi izan dudanaz momentuz kontatu ahal dizuedana. Espero dut gutxienez gaiaren inguruko interesa pizteko balio izana, asmoa horixe zen eta. Gogoratu hasieran esan dizuedana: inguruan kasu errealen bat izan eta laguntza behar duzuela sumatuz gero, ez galdu denborarik eta jo lehenbailehen laguntza espezializatu bila.
[…] Eta bigarren alderdirik amorragarriena da nola gehienetan, diskurtso alternatibo, maitakor eta txatxiguaiaren gerizpean, sekta eta pseudoterapia talde horiek ezin errazago lortzen duten baliabide publikoak erabiltzea euren ebangelizazio lanak egiteko. Azken hilabeteotan hona ekarri ditudan kasu guztietan hala izan da: Shen Yun ikuskizun sektarioaren propaganda masiboa Euskal Irrati Telebistan, Bhakti Marga sektaren topaldi masiboa Izurtzako Udal Frontoian. […]