Mikel Agirregabiria ere bere frikiak bizi du, eta hara non deitu zidan lehengoan, erabat ezustean, iragartzeko GetxoBlog Sarietan nirekin —bueno, blog honekin– akordatu direla sari bat emateko. “La verdad es que no lo conocía” –esan zidan Mikelek, ni neu bezain txintxo-ahotxankleta- “pero me parece una iniciativa encomiable y longeva”. Hemen Teknopataren Txokoan gaudenez, eta ez Twitterren, erabaki dut komentarioa umorez hartzea eta beitu, zer ostia, sari batek beti egiten du ilusioa, nahiz eta sari emaileak ezagutzen ez duen ekimen urtetsu eta goraipagarri batentzat izan.
Bost minutuko tartetxo bat eman didate saria eskertzeko, eta tira, uste dut aukera ona dela blogen aldeko naftalina usaineko aldarri bat egiteko. Sare sozialen (ejem) eta influencerren (ejem, ejem) sasoi honetan, blogak ez daude beharbada bere unerik onenean, baina tira… Hemen manifestua, ea zer deritzozuen.
Eskerrik asko Getxoblog elkarteari sari honengatik. Erabat ustekabean harrapatu nau, batez ere nire bloga, beste asko bezala, ez dagoelako orain bere unerik onenean. Baina tira, honelako ustekabeak beti dira ongi etorriak, eta aurrera jarraitzeko bultzada aparta dira.
1996 inguruan hasi nintzen interneten saltseatzen. Garai hartan Informazioaren superautopistaz hitz egiten zen/genuen. Eta dena zegoen egiteko. HTML apur bat ikasi eta hantxe hasi nintzen, tak-tak-tak, ahal nuen moduan “Joxeren webgunea” sortzen. Zoragarria zen mundu berri hura deskubritzea, eta denbora apur bat dedikatuta, bakoitzak sudur puntan jartzen zitzaiona egin ahal izatea.
Gerora etorriko ziren lan horiek errazteko programak: Claris Homepage, lehenengo; Adobe Golive gero, eta Macromedia Dreamweaver gerora… Haiekin ere pilo bat ikasi nuen: HTML kode berriak, iframeak, menuak… bakoitzak nahi zuena egiten jarrai zezakeen superautopista hartan, baina gainera tresna ahaltsuagoekin.
Ta gero blogak iritsi ziren, eta blogarien lana errazteko tresnak. Eta WordPress. Ai, WordPress, ze altxorra garai haietan: “zuek zentratu edukian, eta kodeaz geu arduratuko gara”. Jabi Zabala lagunaren sarean.com blogak liluratuta utzi ninduen. (Bide batez, oraindik eman ez badiozue, horrexek merezi du saria, nik baino gehiago). 2007ko uztailean domeinu propioa erosi, WordPress instalatu eta ordura arte ‘Hamaika ikusteko’ bloga zena, gaur egungo Teknopataren txokoa bihurtu nuen.
Eta bat-batean, ia-ia konturatu gabe, ‘web 2.0’ delakoa etorri zitzaigun. Dena zen parte hartzea, dena zen atsegin dut eta ez dut atsegin, eta dena plataforma: Facebook, Tuenti, Twitter, Youtube, Instagram… edonork edozer publika zezakeen edozein momentutan. Superautopistak peaje guztiak parez pare ireki omen zituen.
Ideia zoragarria ematen zuen, baina konturatu orduko, superautopista hura umemoko aberats gutxi batzuen jolastoki partikularra bilakatu zen. Edonork edozer publikatu, bai. Baina zer noiz ikusten den, hori hiru-lau umemoko horiek erabakitzen dute. Informazioa eta desinformazioa bereiztea gero eta zailagoa da jolastoki pribatu horietan… eta bai, sare sozialen eta influencerren garaian, beharbada blogak ez daude euren momenturik onenean. Baina aizue, geure-geureak ditugu eta, euskara bezalaxe, gure territorio libre bakanetakoak dira. Gora blogak, eta gora blogariak!
Eskerrik asko!
Zorionak Joxe!
Mila esker, Imanol! 😊
Zorionak, Joxe!
Eta bloga, bloga, marinela…
Mila esker, Iñaki!
Zorionak, longevo! Ondo merezitako saria!
Gora blogak, eta gora blogariak!
Mila esker, Leire!
[…] dut urtea. Lehenengoa: blogaren martxa berreskuratzen saiatu eta nolabaiteko maiztasunez idaztea, lehengoan idatzi nuen honi jarraiki. Hori buruan behintzat badut nahiko garbi, eta uste dut egin beharrekoa dela. Besterik da […]
[…] Lehengo batean esan nuen, eta gero eta argiago daukat: sareko eztabaida aberasgarri, anitz eta askea berreskuratzeko, blogak oinarri-oinarrizko piezak iruditzen zaizkit. Estandarizatu samarrak, alde teknikotik erabiltzaile bakoitzaren gogo eta ezagutza mailara egokitzeko errazak… eta neurri batean behintzat, internet osoa goitik behera kakaztuta duten algoritmo, datuen kapitalismo, lorategi itxi, adimen artifizial eta abarretatik aske. Norberak muntatu dezake zerotik, edo hornitzaile bati eskatu oinarrizko instalazio bat… baina behin martxan dagoela, norbera da jaun eta jabe, eta ez Estatu Batuetako edozein soziopata ultraeskuindar. […]