Appleren iragarki mitikoak zioen bezala, beharbada 1984. urtea ez zen izan 1984 eleberrikoa bezalakoa. Baina, batez ere XXI. mendea estreinatu genuenetik, inpresioa dut antzeko sistema orwelliar baterantz garamatzatela, gero eta abiadura biziagoan, eta gero eta lotsa gutxiagorekin gainera.
New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak esku-eskura jarri zuen aitzakia herritarron mugimenduak zaindu eta askatasuna mugatzeko, segurtasunaren aitzakian. Epikaz betetako diskurtso belizista batez inguratu gintuzten: Gaizkiaren Ardatza, Zibilizazioen Aliantza, nazioarteko terrorismoa, suntsiketa masiboko armak… Gerra bakea da.
Diskurtso haren izenean, adibidez, pasatu ginen bideozaintza kameren aurkako manifestazioak egitetik leku guztietan kamerak jartzeko eskatzera, aireportuetan segurtasun arau arbitrario bezain zorrotzak ezarri ziren -pixkanaka-pixkanaka beste garraiobide batzuetara ere zabaltzen ari direnak- eta edozein telefonia edo komunikazio zerbitzu kontratatzeko ia-ia ADN probak egiterainoko identifikazio maila eskatzen zaigu.
2008 bueltako krisi ekonomikoak osagai berriak ekarri zizkion potajeari. Finantza sistemak eragindako krisia, banka eta finantza etxeen espekulazio merkatuaren burbuilaren eztanda, egun batetik bestera gure posibilitateen gainetik bizi izandakoon errua izatera pasa zen. Eta ekonomia globalaren izenean, arrisku primak (hau da, espekulazio aukerak) bere onera ekartzeko, pixkanaka baina etengabe suntsitu zituzten urteetan egindako lorpenak: langileen eskubideak minimora eramanez, coaching eta pentsamendu positiboa erlijio mailara eramanez gertatzen den guztia geure errua dela sinistu dezagun, inbertsio publikoa desagerraraziz, ondare publikoa pribatizatuz… Dena ekonomia eta segurtasunaren izenean. Esklabotza askatasuna da.
Koronabirusaren krisiak, argi eta garbi, hirugarren olatu bat dakar berarekin munduaren orwellizazio horretan. Osasun publikoaren aitzakian, gutako bakoitzaren mugimendu eta harreman guztien zaintza milimetrikoa dator. Zaintza hori ez da fenomeno berria, noski, baina ezohiko egoera honek paregabeko argudioa eman du zaintza hori inoiz baino xeheago eta disimulurik gabe egiteko. Gogoratzen duzue duela aste gutxi batzuk soilik Espainiako INEren ikerketarekin sortu zen iskanbila? Ikerketa hura huskeria hutsa da gainera datorkigunarekin alderatuta. Zaintza osasuna da.
Partzuergo bat guztiak aurkitzeko
Asteon jakin dudanez, Espainiako Gobernuak bat egin berri du Pepp-PT delako partzuergoarekin: Paneuropean Privacy Preserving Proximity Tracing. Hau da: Pribatutasuna babesten duen gertutasun jarraipen paneuropearra. Eufemismoak eta hizkera administratiboa paretik kenduta: Europa osoko biztanle guztiok norekin elkartzen garen zaindu eta erregistratzeko proiektua. Ah baina hori bai, pribatutasuna babestuz. Cirque du Soleileko malabarista eta akrobata guztiak lotsagorrituko lituzkeen erakustaldi batean, partzuergoaren leloa da: Proximity Tracing YES, Giving Up Privacy NO! Gertutasuneko jarraipena bai, baina pribatutasunari uko egin gabe. Podemos Aberri Egun ez-identitarioa aldarrikatzen ibili zenean bezalaxe.
Partzuergoa Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Frantzia, Italia, Suitza eta Espainiako hainbat unibertsitate eta ikerketa zentrok osatzen dute. Bere helburua da tresna eta soluzio teknologikoak eskaintzea Europako estatuei, Covid-19 eta antzeko pandemien zabalkundea hobeto murriztu eta kontrolatzeko sakelako telefonoen bidez. Oinarri teorikoa sinplea da: aldean daramatzagun telefono mugikorrek sentsore eta komunikazio sistema mordoa dute. Sistema horiek erabiliz, mugikor bakoitza inguruan dituen besteekin hitz eginez, zehatz mehatz jaso daiteke gutako bakoitza norengandik hurbil ibili den egunean zehar.
Pandemia arriskua dagoenean, beraz, norbait kutsatuta dagoela jakinez gero, mugikorrek bildutako informazio hori erabili daiteke, bere inguruan egon den kristo guztiari mezua helarazteko berrogeialdian sartu dadin. Horrek oso informazio maila zehatza emango luke, eta -sistema defendatzen dutenen hitzetan- konfinamendu masiboen beharra desagerraraziko luke.
Horrela azalduta ideia polita eta txalogarria ere suertatu daiteke. Baina apur bat sakonduz gero, berehala hasiko zaizkigu alde itsusiak azalerazten.
Grande-Marlaska
Espainiako Gobernuak apirilaren 13an iragarri du bat egiten zuela Partzuergoarekin. Bat egite hori, organikoki, Digitalizazio eta Adimen Artifizialerako Estatu Idazkaritzaren bidez egin du:
Horraino ere, guztia OK. Ez balitz detaile txiki batengatik. Egun berean, prentsaurreko batean, Espainiako Barne Ministroak, Fernando Grande-Marlaskak, adierazi zuen ‘ez zuela baztertzen’ mugikorren geolokalizazioko informazioa erabiltzea ‘zaintza, gainbegiratze edota zigortze helburuekin’. Hori bai: beti legearen eta zuzenbideko estatuaren mugen barruan.
DP-3T
Izan liteke, baina ez, DP-3T ez da Star Warseko robot horietako bat. Europa mailako partzuergo horrek proposatutako estandar bat da, mugikorren bidezko gertutasuneko jarraipen hori egiteko. Halako tresnak eraginkorrak izateko, garrantzitsua da elkarrekin bateragarriak izatea, birusek ez baitute muga politikorik errespetatzen. DP-3T hori mugikorren gure mugimenduen jarraipena modu bateratsuan egiteko protokolo edo arau multzo bat da.
Ideia da estatu edo administrazio ezberdinek sortzen dituzten aplikazioek ‘elkar ulertu’ eta informazioa elkartrukatu ahal izatea. Jatorrizko intentzioa, berez, ona da itxuraz: estandar honetan, norberak erabakitzen du sisteman parte hartu ala ez, GPDR legedia betetzen da, eta ez da erabiltzen ez informazio pertsonalik, ez geolokalizaziorik. Nagusiki Bluetooth teknologia erabiltzen da, telefono bakoitzak gordetzeko inguratu zaizkion beste telefonoen identifikadore anonimo bat.
Ideia berez lasaigarria da: DP-3T sistemek ez dute informazio pertsonalik biltzen, eta geolokalizaziorik ere ez. Lehen begiratuan, badirudi gure pribatutasuna salbu dagoela. Zein da arazoa? Bada: aplikazio hauek sekula ez dituztela erakunde publikoek eurek egiten. Enpresa pribatuei enkargatzen zaie lana, eta informazio guztiaren tratamendua haiengandik pasatzen da erakundeetara iritsi aurretik.
Eta xede nagusia dirua irabaztea duen enpresa bati ematen badiozu milioika norbanakoen informazio xehetua tratatzeko aukera, jakinda horixe dela hain zuzen ere gaur egungo urregorria, zer gertatuko da lehenago ala geroago? Norbaitek izango duela tentazioa D3-PT sistema hauetako datuak hain anonimoak ez diren beste batzuekin gurutzatzeko. Eta une horretan gutako bakoitzaren profil hiperzehatza lortuko dute, osasun publikoaren aitzakiarekin. Profuil hori publizitatea saltzeko ala, Marlaskak dioen moduan, ‘zaintza, gainbegiratze edota zigortze helburuekin’ erabiltzen den, hori ya unearen eta datu erosle eta saltzailearen arabera.
Apple eta Google
Datuen gurutzaketaren tema hori hain da golosoa ezen, tximistaren abiaduran, Applek eta Googlek euren burua eskaini duten, eskuzabaltasun handiz eta ‘elkarlan publiko-pribatuaren’ izenean, noski, euren sistema eragileetan bertan txertatzeko DP-3T teknologia hori. Hori gertatzen denean, gobernuek -eta gobernuek eskuordetutako enpresa pribatuek- europear guztion harreman pertsonalak zehatz-mehatz jarraitu ahal izango dituzte, batere aplikaziorik instalatu beharrik gabe, telefonoa martxan jartzen dugun momentutik aurrera.
Bueno, baina hori ez da egun batetik bestera izango, ezta? Urte bat edo bi beharko dituzte…
Ez ba, telefonoetako sistema eragileen aldaketa edo funtzio berri hori berehala etorriko da: maiatzaren erdialderako. Android gailuetan, Google Play zerbitzuen eguneraketa baten bidez iritsiko da, eta iOSen, berriz, sistema osoaren eguneraketa baten bidez. Enpresa biek azaldu dute eguneraketa hori ez dela aukerakoa izango, baina funtzionalitatea opt-in estilokoa izango dela. Hau da: norberak erabakiko du aktibatu ala ez. Hori bai, funtzio hori ya telefono eragileen parte izatera pasako da, sekula betiko….
Laburbilduz, oso panorama ederra geratzen ari zaigu:
- Europako estatuek herritarron harremanak monitorizatzeko plan bat jarri dute martxan. Kontrol demokratikoa duten gobernu eta administrazioen bidez? Ez jauna: partzuergo parapubliko baten bidez.
- Teknologia bat garatu dute plan hori gauzatzeko. Kontrol publikoa duten erakunde publikoen bidez? Ez, andrea: programatzaile pribatu eta multinazionalen bidez.
- Eh, baina bueno, sisteman parte hartzea ala ez aukerakoa da, e? 20:00etako txaloak bezalaxe! Zeuk aukeratu: zeure pribatutasuna ala osasun publikoa.
Uste dut gaur ez dudala afalduko, gosea joan egin zait…